Azken txanpan sartzen ari da Euskal Herriko Mendi Duatloi Zirkuitua: larunbat arratsaldean egin zen Aian (Gipuzkoa) egutegiko zazpi probetatik bosgarrena, eta alde handiz gailendu ziren Maddi Olaetxea usurbildarra (Gipuzkoa) eta Josu Urrestarazu idiazabaldarra (Gipuzkoa). Erreleboka, berriz, Aitor Aizkorbe eta Koldo Herrera bikoa nagusitu zen mutiletan, eta Itziar Amutxastegi eta Ibon Markina bikote mistoetan. Asteasuko lehen probako garaile berak izan ziren, beraz, Aian ere. Ateri eta lokatz gehiegirik gabe, guztira 70 duatloilari lehiatu ziren Aiako V. Duatloian.
Korrika saio bakarra zuten kirolariek: zirkuitu bati hiru itzuli eman behar zizkioten, sei kilometro guztira, 300 metroko goranzko desnibelarekin. Mendiko bizikletan, berriz, beste hiru itzuli eman behar zizkioten beste zirkuitu bati, hamabost kilometro osatzeko, 700 metroko desnibelarekin.
Emakumezkoetan, Maddi Olaetxeak indartsu ekin zion korrikako saioari, eta mendiko bizikletan ere areagotu egin zuen aldea. Azkenean, 01:39:12ko denboran osatu zituen bi saioak, eta ia zazpi minuturen aldea atera zion Nekane Pradera bigarrenari (1.46.00). Hirugarren Ainhoa Marquinez idiazabaldarra (Gipuzkoa) izan zen. Pradera mallabitarrak mendiko bizikletako azken itzulian gainditu zuen Marquinez, eta berak jarraitzen du lider zirkuituko sailkapen nagusian.

Gizonezkoetan, Josu Urrestarazuk beste behin erakutsi zuen 2025eko zirkuituan bera dela indartsuena. Orain arteko bost probetatik lau irabazi ditu idiazabaldarrak, eta Aian ere ez zien aukera handirik eman lehiakideei. Korrikako saioan hasieratik hartu zuen aurrea, eta bi minutu eta erditik gorako aldea atera zion Eneit Bertiz sunbildarrari. Mendiko bizikletan, Bertizek saio hobea egin zuen, tartea zertxobait jan zion, baina Urrestarazuk kontrolpean izan zuen garaipena. Bertiz erreleboka atera zen Kanpezuko proban –garaile izan zen AImar Otxotekorekin– eta Aian lehen aldiz aritu zen bakarka. Sunbildarra bikain moldatzen da mendiko bizikletan, baina Aiako ibilbidean nahastu egin zen une batean, eta, horren ondorioz, denbora pixka bat galdu zuen. Aian, Alberto Gomez del Rio donostiarra izan zen hirugarren.
Erreleboka, nafarrak izan ziren garaile, Aitor Aizkorbe goizuetarra eta Koldo Herrera sunbildarra (01.17.15); Unai Altuna eta Haritz Artano bigarren (01.21.58), eta Jon Aldalur eta Andoni Egiguren hirugarren (01.24.13). Bikote mistoetan, berriz, Itziar Amutxastegi eta Ibon Markina izan ziren aurrenekoak (1.40.29) eta Sara Osa eta Borja Osa bigarren (1.42.48).
Sailkapen guztiak Triatloi Federazioko esteka honetan.
Bi proba baino ez dira geratzen aurtengo zirkuitua bukatzeko. Azken-aurrekoa larunbat honetan izango da, Ibarran (Gipuzkoa), Bidetxur mendi taldeak antolatuta. Azkenekoa, berriz, ohiko agurreko afariarekin, Adunan (Gipuzkoa) izango da, azaroaren 15ean. Bi proba horietarako izen emateak zabalik daude oraindik.