Maite Murgia eta Aitor San Sebastian gailendu dira Zarauzko lehen mendi duatloian

Gran Camping Zarautz eta Talamendi inguruetan jokatu zen proba, larunbat arratsaldean, eta ehundik gora duatloilari aritu ziren lehian, 47 bakarka eta 28 bikote erreleboka. Zarauzko proba lehenengoz batu da EHMDZko egutegira.

Zarauzko Mendi Duatloiko hiru aurrenekoak
Izarne Mayoz, Maite Murgia eta Eli Thomas Arrizabalaga, lehen hiru sailkatuak. ARITZ MUTIOZABAL / ZARAUZKO GUKA
ramon olasagasti
2026ko irailaren 28a
10:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskal Herriko mendi duatloien zirkuituko (EHMDZ) bigarren proba jokatu zen larunbat arratsaldean Zarautzen (Gipuzkoa) Gran Camping Zarautz eta Talamendi inguruetan, Zarauzko Triatloi Taldeak antolatuta. Zarautz aurten batu da, lehen aldiz, mendi duatloien egutegira. Eguraldi ona lagun, ehundik gora duatloilari izan ziren lehian: bakarkako modalitatean 47 lagun, eta erreleboka, 28 bikote. Maite Murgia lazkaotarra (Gipuzkoa) eta Aitor San Sebastian zizurkildarra (Gipuzkoa) izan ziren garaile.

Partaideek ia 20 kilometroko proba osatu behar zuten Gran Camping Zarautz kanpinaren eta Talamendi muinoaren inguruetan. Hasteko, sei kilometro egin behar izan zituzten korrika, hiru kilometroko zirkuitu bati bi itzuli, hain zuzen; ondoren, mendiko bizikletarekin lau kilometroko ibilbideari hiru itzuli, hamabi kilometro osotara; eta, azkenik, kilometro eta erdiko beste korrika saio bat. Talamendin zelaigune gutxi izanik, desnibel dezenteko zirkuitua izan zen azkenik. Kirolariak arnasa ederki berotuta helmugaratu ziren.

Emakumezkoetan, Asteasuko lehen proban bezala, nahiko mugatua izan zen partaidetza, hiru lehiakide besterik ez baitziren izan. Korrikako lehen saioan, oso parekatua izan zen lehia, Izarne Maioz asteasuarra lehenengo eta Maite Murgia bigarren, segundo eskas baten aldearekin iritsi baitziren lehen trantsiziora. Mendiko bizikletako saioan, ordea, lazkaotarrak tartea zabaldu zuen pixkanaka, eta korrikako azken tartean eutsi egin zion aldeari. Helmugan, 01:45.27ko denbora egin zuen Murgiak. Maioz izan zen bigarren (01.49.38), eta Eli Thomas Arrizabalaga zarauztarra hirugarren (01:57.20).

2026ko Zarauzko Mendi Duatloiko hiru aurrenekoak
Endika Mantecon, Aitor San Sebastian eta Alexander Ordeñana, gizonezkoetako hiru aurrenekoak. ARITZ MUTIOZABAL / ZARAUZKO GUKA

Gizonezkoetan, Aitor San Sebastian zizurkildarra oso erregular aritu zen proba osoan. Korrika, aurretik izan zituen Iñigo Pradera, Haritz Iturzaeta eta Daniel Ibarrondo, baina hiru horiek gero atzera geratu ziren bizikletako saioan. San Sebastian, berriz, sendo aritu zen mendi bizikletako tartean ere, eta azkenean ia minutu baten aldearekin helmugaratu zen garaile (1.14.40). Endika Mantecon segurarra (Gipuzkoa) helmugaratu zen bigarren (1.15.35), Asteasun bezala, mendiko bizikletako saioan azkarrena izan ondoren. Eta hirugarren, hau ere, mendiko bizikletako saio bikaina eginda, Alexander Ordeñana usansolotarra (Bizkaia) izan zen (01:16.22). Eneko Gurrutxaga, Asteasuko irabazlea, helmugaratu zen laugarren.

Horrenbestez, Aitor San Sebastian eta Endika Mantecon oso erregular aritu dira lehen bi probetan: San Sebastian hirugarren izan zen Asteasun eta garaile Zarautzen; Mantecon, berriz, bigarren izan da bi probetan. Eta Eneko Gurrutxaga ere bikain aritu da bietan. Beraz, lehia polita aurreikusten da zirkuituan.

Errelebokako proban, Mikel Telletxea eta Gartxot Iribarren nafarrek osatutako bikotea izan zen azkarrena (01:08.25). Bikote mistoetan, berriz, Nora eta Aitor Larrea bergararrak gailendu ziren (01:27.34).

Sailkapen guztiak Euskadiko Triatloi Federazioaren esteka honetan kontsulta daitezke.

Hurrengo proba larunbat honetan bertan izango da, Durangon (Bizkaia).

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA