Martin Ramirez de Alda gogoan

Eskalatzaile eta ekipatzaile bergararraren 150 lagun baino gehiago elkartu dira maiatzaren 9an Araotzen (Gipuzkoa), adiskideari omenaldi hunkigarria egiteko. Bergarako eskalatzaileen izenean idatzitakoak dira lerro hauek, laguna gogoan.

Martin Ramirez de Alda eskalatzaile bergararra
Martin Ramirez de Alda eskalatzaile bergararra, Leonidion (Grezia). BERGARAKO ESKALADORIAK
Iñaki Arenaza - Jon Berasategi
2026ko maiatzaren 16a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Martin Ramirez de Alda eskalatzaile eta ekipatzailea martxoan hil zen, 58 urte zituela. Minbizi madarikatuak eraman du, eta jota utzi gaitu, eta, zergatik ez onartu, umezurtz. Ezagutzen genuenok nekez bete ahal izango dugu haren hutsunea. Horregatik, Bergarako eskalatzaileok aurreko larunbatean, maiatzak 9, Araotzen antolatu genuen oroimenezko ekitaldian Martin asko estimatzen zuen jende ugari elkartu zen; areago, Euskal Herriko eskaladaren 50 urteotako historia batu zen: hastapenetako belaunaldia, Kike de Pablo eta beste hainbat, eta belaunaldi gaztea, Mikel Linazisoro eta beste. Eta tartean, aurpegi ezagun asko, hala nola Iker Pou, Ekaitz Maiz eta Josean Mulas, bai eta beste hainbat eskalatzaile ez hain ezagun ere, Euskal Herriko eskaladaren historiari berea eman diotenak, dela bideak ekipatuz, dela munduan zehar mendi jarduera interesgarriak eginez; izan ere, guztia ez dago sare sozialetan. Martinen inguruan hain adin ezberdinetako jendea batzea izan zen ederrena. Omenaldia, azken finean, aspaldiko ezagunen arteko topaketa berezia ere bihurtu zen.

Bergarako eskalatzaileon izenean, lerro hauetatik, eskerrak eman nahiko genizkieke Oñatiko Araotz eta Bergarako Angiozar auzoei, emandako laguntzagatik, Amustei musika taldeko kideei eta bertaratu ziren senide eta lagun guztiei.

Martin Ramirez de Alda eskalatzaile bergararrari omenaldia Araotzen
Lagunek eta senideek Araotzen egindako omenaldian ateratako talde argazkia. BERGARAKO ESKALADORIAK

Martinek izugarri maite zuen eskalada, benetan maite. Mendirako irteeretan edo atzerrira egiten zituen bidaietan, beti sartzen zituen ekipajean katuak, soka, espresak eta magnesioa. Eta bidaia leku ezezagunen batera zenean, bertako eskalada gidaren bat ere erosten zuen, eta konpartitzen zuen abentura haietan bidelagun zituenekin. Gurekin, gu guztiokin.

Zortzi bat egiten ikasi orduko hasi zen bideak ekipatzen. Los Marañones taldeko lagunekin batera deskubritu zuen Antosiña, Araozko eskolako sektorea. Eremu haren balioa, urte haietan, nabarmen handiagoa zen mende batzuk lehenago Lope de Agirre zeritzan Araozko bertako bizilagun batek bilatzen zuen Doradoa bera baino. Marañones taldeko kideek haur txikiek bezala gozatu zuten bide haiek ekipatzen eta izenak asmatzen, deszifratzen zailak ziren ezkutuko mezuekin. Marañones talde hartan ziren Josean eta Mikel Mulas, Jabi Antzuolakua, Paixi, Txofis... Guk gaur egun Araotzen daukaguna haien lanaren fruitua da. Eskerrik asko!

Martinek ezin konta ahala bide ekipatu zituen Araotzen, baina, zalantzarik gabe, bere maisulan nabarmenena Sonata para cuchillo y metralleta bidea da, Korea sektorean. 1990eko hamarkadaren hasieran ekipatu zuen lerro hori, eta entzute handiko eskalatzaile batek esana da: «Gradu horretan inoiz eskalatu dudan biderik ederrena da». Aski da bi txorrota paraleloen azpian jartzea Martin zer-nolako ameslaria eta garairako aurreratua zen ohartzeko.

Martin Ramirez de Alda eskalatzaile bergararra
Gaztetan, Araotzen eskalatzen. BERGARAKO ESKALADORIAK

Martinek Araotzen egindakoa ez da edozer gauza izan. Mikel Mulasek esan izan duen moduan, saltsa guztietako perrexila izan da, edo, igual, saltsa bera izan da. Eskalada-bideak berriztu, gerturaketak garbitu, sektoreen oinarriak atondu… Gainera, gustura eta gustuz egiten zuen lan, hutsaren truke.

Duela 40 urte ekipatze lanari ekin zionetik, Araotzen bide ugari zabaldu arren, oraindik ere beti topatzen zuen zirrikituren bat lerro berriak zabaltzeko. Baina Araotzen bakarrik ez, Ataurin eta Gaubean ere bide dezente zabaldu zituen. Baita Izaba inguruan ere: Abuztuko Ekaitza! zer-nolako sektore ederra, eta gogorra! Azkenaldian, berriz, Sobronen zeukan bulegoa. Joder! Zelako bultzada inguru hari ere, zenbat bide berri eskalatzaile guztion gozamenerako. Berriz ere eskerrik asko, Martin!

Baina eskalatzaile komunitateko gainerako kideon gozamenerako bideak zabaltzera mugatu gabe, Euskalarria eskalada gida bikaina ere osatu zuen, Los 4 Gatos taldeko beste hiru kiderekin batera. Lan itzela Mikel Mulas, Ekaitz Maiz, Iñaki Marco Kongi eta Martinek berak egindakoa. Zenbat eta zenbat aldiz erabili ote dugu eskuetan gida hori bai bertako eskalatzaileok eta bai urrunagotik zetozen beste batzuek.

Martin Ramirez de Alda eskalatzaile bergararra
Rodellarren, hango eskalada gida kontsultatzen.

Arimaraino zeukan sartuta eskalada, eta azken 35 urteotan denbora kalkulaezina egin du Bergara jaioterriko rokodromoa hobetzen. Labegaraietako rokodromoa. Orain 40 urte inguru inauguratu zen, 1987an: orduko hartan 1.000 espit sartu zituzten paneletan, eta hantxe zen Martin, mutil kozkorra artean, zulagailuarekin. Eta 40 urte geroago ere ohikoa zen erremintaren batekin lanean ikustea: rokodromo berriari azken ukituak ematen edo heldulekuak gustuz ipintzen. Rokodromoarekin konpromiso handia izan zuen, auzolan guztietan edo gehienetan hantxe egon zen, presak azidoz garbitzen, eskalatzaileen eta udalaren arteko ordezkaritza lanetan, edo egituraren inguruko kalkulu matematikoak egiten. Faltan botako ditugu paperezko zapietan egiten zituen kalkulu haiek, atzealdeko horma kurbatuan tabloiak ahokatu ahal izateko. Ea udalak uzten digun, orain, rokodromoari haren izena jartzen. Merezi du hainbeste!

Aurreko guztiaz gain, fisika, kimika, matematika, historia eta natura ere maite zituen Martinek. Halaxe zeuzkan etxeko apalategi guztiak liburuz beteta. Horregatik zen hain jakintsua. Asko irakurtzen zuen, eta beti zuen gogoa gehiago jakiteko. Papera eta boligrafoa eskuan izanez gero, aitaren batean erakutsiko zizun erlatibitatearen teoria. Eta Bergaratik Sobronerako bidaian, ordubete eskasean, xehetasun osoz azalduko zizkizun Cherenkov efektua, Coriolis efektua, sai zuriaren ohiturak eta izenik ere ezagutzen ez genuen matematikari ingeles baten bizitza eta mirari guztiak. Hizketarako gai interesgarririk ez zuen inoiz falta.

Martin Ramirez de Alda eskalatzaile bergararra
Bergarako rokodromoan, lanean. BERGARAKO ESKALADORIAK

Baina, oroz gain, Martin adiskide ona zen. Lagunen laguna, kidea, kolega. Eskalada egun luze baten ondoren eskola batetik alde egiten genuenean, bidean gurutzatutako sokaldi guztiekin geratzen zen hizketan, mundu guztia ezagutzen baitzuen, eta, nola ez, eskaladaz aritzen zen haiekin: harako edo besteko bideaz, lerro haren mugimendu zail eta deabruzkoaz, graduaren erlatibotasunaz, proiektuez, egin berri zituen bidaiez, etorkizuneko bidaiez, aktualitate politikoaz edo zegokion tabernan hartu behar genuen garagardoaz. Orain, Martin gurekin ez dugula, goizago iritsiko gara etxera, eta geure buruari horren zergatiaz galdetuko diogu.

Bere bizitzaren eta denboraren zati handi bat besteoi eskainitakoa izan da, Bergarako eskalatzaileei zati handi batean, baina Euskal Herri osokoei ere bai. Xume eta apal beti. Ezagutu genuenok ez dugu inoiz ahaztuko, egunero sumatuko dugulako haren mira. Urteak igaroko dira eta Martinek emandakoak hemen jarraituko du, Martinek berak bizirik jarraituko du ekipatu zituen kalitatezko hainbat bidetan eta haren lagun ugariren bihotzetan. Eta eskalatzaile gazteei harrotasunez esango diegu bide hau edo beste hura Martinek zabaldutakoak direla, eta guk ere ezagutu genuela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA