Mattin Iñiguez gailendu da 2025eko XContest parapente lehiaketan

Denboraldiari amaiera emateko ekitaldia egin du Euskadiko Aire Kirol Federazioak, Orion, Oria ibaiaren aldameneko lurreratze eremu berrian. Urteko hegaldirik onenak saritu dituzte bertan.

Parapenteko XContest lehiaketako hiru aurrenekoak: Aner Etxezabal, Mattin Iñiguez eta Iñigo Gabiria
XContest lehiaketako hiru aurrenekoak: Aner Etxezabal, Mattin Iñiguez eta Iñigo Gabiria. IÑIGO REDIN
ramon olasagasti
2025eko azaroaren 20a
11:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Azaroko hego-haize bolada luze eta epela amaitzeaz bat, 2025eko Euskadiko XContest parapente txapelketako sari banaketa egin zuen Euskadiko Aire Kirol Federazioak igandean. Eta, horretarako, leku berezia aukeratu zuen: Orioko lurreratze eremu berria, Oria ibaiaren eta kirol portuaren ondoan dagoena.

2025eko parapente denboraldi osoan egindako hegaldien aitortza egiten da sari banaketa horretan. Zehazki, parte hartzaile bakoitzak urte osoan egindako sei hegaldi luzeenak hartzen dira kontuan XContest lehiaketa horretan. Baldintza nagusi bat dago: sei hegaldi horietatik lautan, gutxienez, Gipuzkoa, Bizkaia, Araba eta Nafarroatik aireratu behar dute parapentelariek, eta lurralde bakoitzeko hegaldi onena hartzen da aintzat; gainerako biak lau lurralde horietako edozein aireratze izan daitezke.

Mattin Iñiguez txapeldun

Sailkapen orokorrean, Mattin Iñiguez zegamarra (Gipuzkoa) izan da garaile nagusia. Iñiguezek 2025eko Red Bull X-Alps lehiaketa gogorrean parte hartu du aurten, eta, kontatu duenez, «lehiaketa horretarako entrenamendu gogorren emaitza izan da, beste hamaika hegaldiren artean, Aizkorri mendigunearen iparraldean egindako hegaldi ikusgarri bezain gogoangarria».

Mattin Iñiguez Red Bull X-Alps proban
Mattin Iñiguez Red Bull X-Alps proban. MATTIN IÑIGUEZ

Bigarren Iñigo Gabiria elorriarra (Bizkaia) izan da, eta hirugarren, berriz, Aner Etxezabal azpeitiarra (Gipuzkoa). Hiruren artean 700 ordutik gora pasatu dituzte hegan aurten, horien erdiak Iñiguezek.

Bertaratuek pilotu sarituen ahotik entzun ahal izan zituzten urteko bizipen eta pasarterik onenak. Gabiriak «izurik ez baina momentu izugarriak» bizi izan dituela aitortu zuen. Etxezabalek, berriz, Endoiatik aireratu eta Hernio eta Pagoeta mendietan barrena egindako hegaldiaren zailtasunak azaldu zituen, eta Iñiguezekin batera X-Alps proba prestatzen «elurretan izandako aireratze konplikatuen» berri ere eman zuen.

Euskadiko Aire Kirol Federazioak antolatutako sari banaketan, hauek izan dira gainontzeko kategorietako irabazleak: Klubik onena: BAIZA kluba. Tandem edo bi plazako hegaldirik onena: Ander Lasa, Nerea bikotekidearekin. Klub kategoria: Zigor Diaz. Eta Sport kategoria, azkenik: Iñigo Gabiria.

Mattin Iñiguez Aizkorri mendigunean hegan
Aizkorri mendigunean hegan. IÑIGO GABIRIA

Ekitaldia amaitzeko, mokadutxo bat eskaini zuten antolatzaileek, eta, solasaldi lasaian, pilotuak eta zaleak hegaldien trikimailuez eta momenturik gogoangarrienez aritu ziren.

Informazio gehigarria eta esker ona

Antolatzaileek Orioko Udalari eta bertako Orioko Turismo Sailari eskerrik beroena adierazi nahi izan diete ekitaldia antolatzeko eskainitako laguntza eta erraztasun guztiengatik. Emaitzen zerrenda osoak, sailkapen guztiak, argazkiak eta abar lotura honetan daude eskuragarri.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.