Alpeetan dago oraindik ere Mattin Iñiguez (Zegama, Gipuzkoa, 1985), Tirol aldean. Hamaika eguneko jipoiaren ondoren, gorputzak eskertu dio lau egun hauetako atsedena: bainu batzuk hartu, hegaldiren bat edo beste egin, «baina, lasai, batere presiorik gabe».
Parte hartu aurretik Red Bull X-Alps probari buruz zenuen ikuspegia aldatu al zaizu hura bukatu ostean?
Uste nuen fisikoki askoz gogorragoa izango zela izan dena baino, baina, aldi berean, ez nintzen jabetzen edozein xehetasun txikik, edozein hutsegitek, txikiena izanda ere, horrenbesteko ondorioak izan zitzakeenik. Abentura eta ikasketa prozesu handia izan da. Taldekide guztiok asko ikasi dugu.
Zer ikasgai atera duzue?
Atariko etapan, ikaragarrizko beldurra neukan, ea mailarik ote neukan onenekin hegan egiteko, inoiz lehiatu gabe bainengoen abiadurako proba batean. Atariko hartan nahikoa txukun antzeman nuen neure burua, onenak bezalaxe jiratzen nintzela, haiek bezala joaten nintzela hegan... Horrek konfiantza pixka bat eman zidan. Gero, etapaz etapako lehian, ikasi dut hor aurrean egoteko ezin dela akats txikiena ere egin, aurrean dabiltzanek ez dutela hutsik egiten, eta asko estutzen dutela bai zeruan eta bai lurrean. Ikasi dugu, adibidez, hegan egin eta lur hartzerako plangintza hobea beharko nukeela: aztertuta eduki nondik nora jo, hurrengo aireratzea nondik egin... Falta izan zaigu norbait Alpeak eta parapentearen mundu hau ondo ezagutu eta gidatuko gintuena, azkarrago funtzionatu ahal izateko.
«Etxetik atera ere egingo ez ginatekeen hainbat egunetan, jendeak hegan egin du, baldintza arriskutsuetan. Bideoak badira: aireratze oso arriskutsuak ikusten dira, erabat deskontrolatuak...»
Lehen egunean pilatutako atzerapenaren ondorioz ezpata lepoan ibili zara proba osoan, ezta?
Bai, tentsio eta intentsitate handia eragin du horrek. Erdiko tropelean ibili izan bagina, ez genukeen edukiko egunero kanporatuak izateko arrisku hori. Lehen egunean, bost segundoan hartutako erabaki ergel batek proba osoa baldintzatu du. Lehen egun hartan, oso ondo hasi nintzen hegan, mundu mailako onenen talde berean, baina ekaitz eguna zen, eta, une batean, ez nuen ikusi ekaitza saihesteko modurik. Ertz bati jarraitu izan banio, ordu laurden batean helduko nintzen sinatu beharreko mugarrira, baina nik beste ibar batetik hartzea erabaki nuen, altuera hartzeko, eta kontrakoa gertatu zen: altuera galdu nuen, eta nire bizitzan harrapatu nauen ekaitzik indartsuenak harrapatu ninduen. Hor pikutara joan zen dena. Lurreratu eta gero, beste erabaki txar bat hartu nuen: berriro mendira igotzea eta hegan ateratzen saiatzea, baina ez nuen asmatu. Ekaitza ikaragarria izan zen, oinazkarrak edo tximistak ondo-ondoan erori zitzaizkidan, eta ikaragarri arriskutsua izan zen. Gero jakin genuen hiru lagun hil zirela egun horretan ekaitz horren ondorioz. Niri elektronika guztia txikitu zidan. Maratoi bat egin behar izan nuen korrika, goranzko 1.000 metro eta beheranzko 1.500 metro desnibel, kazkabar eta tximista artean... Hor denbora pila bat galdu nuen, belauna izorratu nuen, eta oso-oso berandu iritsi nintzen Sexteneko mugarrira. Ordu laurdenean hegan egin nezakeena egiteko, sekulako jipoia hartu nuen. Lehen eguneko hutsegite horren ondorioz, atzean geratu ginen eta horrek lasterketa guztia baldintzatu zuen.
Arrazoi bategatik edo besteagatik, 33 partaideen herenak kanpoan geratu dira. Ibilbidearen beraren gogortasunaz gain, baldintzak ere ez dira errazak izan, ezta?
Ekitaldi gogorra izan da. Aurrekoa ia guztia hegan egitekoa izan zen, eta aurten egunero bagenuen oztoporen bat. Bigarren egunean, adibidez, Foehn oso zakarra izan genuen, eta jendeak, nire ustez bizitza arriskuan jarri zuen neurriz kanpo. Egun horretan, Maxime Pinot munduko txapeldunak proba uztea erabaki zuen. Ondotik pasatu ginen, eta han zegoen, talde osoarekin, lur jota. Esan zuen ez zuela baldintza horietan hegan egin nahi, ez zuela joko horretan sartu nahi. Bigarren egun horrek psikologikoki jipoia eman zion jende askori. Guk oinez egin genuen egun hura. Baina bai, Foehn efektua ez bazen, ekaitzak izan dira, edo mendebaldeko haize zakarra kontra... baldintzak ez dira errazak izan.

Eztabaida ere egon da: proba hauen presioa dela-eta normalean hartzen ez diren arriskuak hartzen dituela jendeak.
Etxetik atera ere egingo ez ginatekeen hainbat egunetan jendeak hegan egin du. Bideoak badira: aireratze oso arriskutsuak ikusten dira, erabat deskontrolatuak... Haizea orduko 30 edo 40 kilometrotik gorakoa denean lurretik gertu eta nahasi, trapu bat zara, eta aurreko tropeleko parapentelari gehienek baldintza arriskutsu horietan egin zuten hegan. Azken afarian, argitaratu ez ziren zenbait bideo ikusi genituen, eta beldurgarriak ziren. Ikusitakoak ikusita eta entzundakoak entzunda, pozik nago tarte horiek oinez egin izanaz, nahiz eta atzean geratu. Ni ere istripu batetik nentorren, eta helburuetako bat minik hartu gabe bukatzea zen. Uste dut ondo egin dugula segurutik jotzen.
Nahi baino gutxiago egin ahal izan duzu hegan eta nahi baino gehiago ibili behar izan duzu oinez?
Tira, ez gara hainbeste ere ibili oinez. Mugarri asko ziren, eta, askotan, hegan egiteko baldintzak onak ziren garaian hartu behar izan dugu lur leku horietan, eta horrek asko baldintzatu gaitu. Hegan ondo ari ginen egun askotan, horrek eten digu erritmoa. Bestela, hegan nahiko ondo egin dut, jende asko aurreratu dut airean. Gustura nago hegan nola aritu naizen kontuan hartuta, baina, baldintza gogorretan, aldea atera didate, eta ez naiz gai izan haiek bezala hegan egiteko.

Arantzatxoa geratu zaizu ibilbidea bukatu ez izanaz?
Beti geratzen da. Ilusio hori genuen. Hainbeste egun horrekin ametsetan ibili eta hainbeste lan egin eta gero, polita izango zen bukatzea, baina, perspektiba pixka batekin aztertuta, gustura nago nire partaidetzarekin. Lehen aldia nuen lasterketa batean, ez dugu minik hartu, segurutik ibili gara... Gazitik izan du probak, baina gozotik ere bai. Gustatuko zitzaigukeen bukatzea, eta lehen eguneko hutsegite horrengatik izan ez balitz, agian lortuko genukeen, edo igual ez. Ez dago jakiterik.
«Har txiki hori sartu zait, pila bat gozatu baitut. Gainera, ibilbidea bukatu ez dugunez, egunen batean arantza txiki hori ateratzea gustatuko litzaidake»
Probak balio izan du kirol hau gehixeago ezagutzera emateko, ez da hala?
Harrituta gaude. Bagenekien hurbilekoek jarraituko zutela, baina uste ez genuen jende askok esan digu Euskal Herrian oihartzun handia izan duela, bai BERRIAren bidez, bai ETBren bidez. Polita da parapentea kirolaren sail horretan ikusten hastea. Oraindik ere kirol gutxitua da, baina ezagutaraztea eta kirol gisa tratatzea lorpen txiki bat da gure kirolarentzat.
Bueltatuko zara Red Bull X-Alpsera?
Etorri aurretik beti esaten nuen ez nintzela bueltatuko, urtea oso gogorra izan baita, sakrifizio handikoa. Baina egin eta gero, har txiki hori sartu zait, pila bat gozatu baitut. Gainera, ibilbidea bukatu ez dugunez, egunen batean arantza txiki hori ateratzea gustatuko litzaidake.