Mayi Mujika eta Josu Urrestarazu mendi duatloiko Euskal Herriko txapeldun

Kanpezun, EHMDZ zirkuituko laugarren proban gailendu ziren Mujika eta Urrestarazu. Erreleboka, Aimar Otxoteko eta Eneit Bertiz izan ziren irabazle mutiletan, eta Ainhoa Etxegarai eta Asier Biurrarena mistoetan.

Kanpezuko mendi duatloiko irabazleak
Kanpezuko mendi duatloiko podiumetara igo ziren guztien familia argazkia. EHMDZ
ramon olasagasti
2025eko urriaren 20a
11:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskal Herriko Mendi Duatloi Zirkuituko (EHMDZ) laugarren proba egin zen larunbat arratsaldean Kanpezun, Arabako mendialdeko bidezidor ikusgarrietan barna. Kanpezukoa, gainera, Euskal Herriko Txapelketa ere bazen, eta txapel horiek lortzeko lehian aritu ziren 85 partaide. Azkenean, Mayi Mujikak (Legazpi, Gipuzkoa, 1988) eta Josu Urrestarazuk (Idiazabal, Gipuzkoa, 1994) jantzi zituzten txapelak.

Ezohikoa izaten ari da mendi duatloien aurtengo zirkuitua, orain arte behintzat, lokatza eta euria ez baizik eguraldi eguzkitsua eta ibilbide lehorrak izaten ari baitira duatloilariak, eta halaxe izan zen Kanpezun ere. Bai korrikako lehen sektorean eta bai mendiko bizikletakoan, Ioar magaleko zidor ederretan aritu ziren kirolariak; korrikako hirugarren sektorean, berriz, herriaren inguruan. Antolatzaileen esanetan azpimarratzekoa izan zen emakumezkoen partaidetza nabarmenagoa izan zela aurreko duatloietan baino: banaka zortzi duatloilari aritu ziren, eta binaka, sei.

Kanpezuko mendi duatloiko irabazleak
Ezker eskuin, Maddi Olaetxea, Mayi Mujika eta Ainhoa Markinez, Kanpezuko podiumean. EHMDZ

Emakumezkoetan, Mayi Mujikak korrikako lehen saioan hartu zuen aurrea, eta mendiko bizikletan eta korrikako azken saioan areagotu egin zuen aldea. 2025eko zirkuituan lehen proba zuen legazpiarrak, eta ederki erakutsi zuen mendiko diziplina guztietan ondo baino hobeto moldatzen dela. Bigarren, Maddi Olaetxea izan zen (Usurbil, Gipuzkoa), iazko txapelduna, eta hirugarren, Ainhoa Markinez (Idiazabal, Gipuzkoa).

Gizonezkoetan, Josu Urrestarazu denboraldi bikaina egiten ari da orain arte, lau probatatik hirutan gailendu baita. Kanpezun, korrikako lehen saioan, hura izan zen azkarrena, dezenteko aldeaz, baina mendiko bizikletan Iker Eskibelek (Eskoriatza, Gipuzkoa) jan egin zion alde hori, eta harrapatu egin zuen. Korrikako azken saioan (1,5 km), ordea, arnasa laburreko tarte motzean, Urrestarazuk berriro ere atzean utzi zuen Eskibel. Urrestarazu eta Eskibelen atzetik, Alberto Gomez donostiarra izan zen hirugarren.

Erreleboka, gizonezkoetan, nafarrak izan ziren nagusi. Euskal Herriko txapeldun Aimar Otxoteko lesakarra eta Eneit Bertiz sunbildarra izan ziren; bigarren, Aitor Aizkorbe goizuetarra eta Koldo Herrera sunbildarra; eta hirugarren, Jokin Askarai eta Xabier Sanchez.

Bikote mistoetan, berriz, Ainhoa Etxegarai eta Asier Biurrarena izan ziren txapeldun, Ainhoa Arruti eta Mattin Sanzberro bigarren, eta Olatz Iturralde eta Asier Antuña hirugarren.

Sailkapen guztiak, Euskadiko Triatloi Federazioaren esteka honetan.

Hurrengo proba larunbat honetan izango da, Aian (Gipuzkoa). Asteazkenera arte dago izena emateko aukera, EMDZren webgunean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.