Mendi duatloilaria

Maddi Olaetxea: «Oso sanoa da lehia, eta hori ez da kirol guztietan eta proba guztietan ikusten»

Usurbildarrak Mendi Duatloien Zirkuituko txapela lortu du aurten, lehiatu den zazpi probetatik lau irabazita.

Olaetxea, Adunako proba bukatu berritan. IÑIGO URIZ / FOKU
Olaetxea, Adunako proba bukatu berritan. IÑIGO URIZ / FOKU
ramon olasagasti
2025eko azaroaren 19a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bete-beteko asteburua izan du Maddi Olaetxeak (Usurbil, Gipuzkoa, 2003): ostiralean graduazioa izan zuen eta larunbatean Adunako mendi duatloia eta zirkuituko txapela irabazi zituen. Sagardotegiaren ostean, «neka-neka eginda» goiz hartu zuen etxerako buelta.

Zazpi probatatik seitan atera, eta lautan lortu duzu garaipena. Gustura denboraldiarekin?

Egia esan, nahikoa gorabeheratsua izan da. Bolada bat gaixo pasatu nuen, eta Idiazabalgo proba 38ko sukarrarekin egin nuen. Inoiz ez dut hain gaizki pasatu proba batean. Kanpezun ere ez nengoen guztiz osatuta, baina azken probetan, gorputzaldiari buelta eman diodanean, gozatu egin dut. Gripe moduko bat izan zen.

Iaz aritu zinen lehen aldiz zirkuituan: azken lau probetan parte hartu eta horietatik hiru irabazi ondoren, sailkapen nagusian hirugarren izan zinen. Aurtengoan denboraldia osorik egin eta txapela izan duzu helburu?

Egia esan, ez dut denboraldia bereziki prestatu, baina bai, proba gehienetan parte hartzeko helburua jarri nion neure buruari. Durangoko bigarren duatloira ezin izan nintzen joan, justu mendiko bizikletako Tierra Estalla Epic proba neukalako, baina besteetan, bai, izan naiz.

Kanpezun, Euskal Herriko Txapelketan bete-betean lehiatu ezin izanaren arantza hori geratu zaizu?

Bai, Mayi Mujika lehiakide gogorra da, eta ez dakit gorputzaldi betean egon izan banintz zer gertatuko zen, baina nahiko nukeen bete-beteko baldintzetan lehiatu. Baina tira, ahal zenarekin aurrera egin genuen, eta ez dauka atzera-bueltarik.

Mendiko bizikletan erosoago aritzen zara korrikan baino, ezta?

Niri mendia gustatzen zait oro har, eta mendiko bizikletan agian gehiago ibiltzen naiz, baina korrika ere gustatzen zait. Baina, egia esan, gehixeago kostatzen zait korrika mendiko bizikletan baino. Entrenatu ere gehiago entrenatzen naiz mendiko bizikletan. Gustukoago dudanez, joera handiagoa dut bizikletarako.

Mendiko duatloietarako moldatu dituzu zure entrenamenduak? Korrika saio gehiago sartu dituzu?

Egia esan, duatloien denboraldian, bai, errutina zertxobait aldatu eta saiatzen naiz korrika gehixeago egiten denboraldi hasierako hilabeteetan baino.

Bakarka ez zarete neska asko aritzen. Mendiko bizikleta izan daiteke arrazoi nagusia?

Bai, zenbakiei begiratu besterik ez dago. Mutilekin alderatuta, bakarka oraindik ere neska gutxi animatzen gara mendi duatloietan. Pena da. Arrazoia zein den? Bai, agian mendiko bizikleta izan daiteke baldintzatzen duen faktore nagusia; izan ere, trailetan neska gero eta gehiago dabil korrika, eta errepideko bizikletan ere geroz eta neska gehiago ikusten da, baina mendiko bizikletan ez gara horrenbeste, eta seguruenera hori da bakarka neska hain gutxi ateratzearen arrazoia.

Aurten, erreleboka aurreko ekitaldietan baino neska dezente gehiago animatu dira, hala ere. Hortik etor daiteke gorakada?

Erreleboka egitea aukera oso polita da probatzeko, lagun batekin elkartu eta asteburu polit bat pasatzeko, proba hauetako giroa ezagutzeko, norbera nola moldatzen den ikusteko... Alde horretatik, neskak animatuko nituzke gerturatzera, probatzera. Errelebokako modalitatea ez da hain exijentea, ez zait iruditzen hain egingaitza. Kirol honek, mendi duatloietako giroak, lotu egiten du azkenean, eta, hortik aurrera, bakoitzak ikusiko du bakarka saiatu ala ez.

Iaz parte hartu zenuen lehen aldiz mendi duatloien zirkuitu honetan. Giroa nabarmentzen duzue guztiok.

Bai, oso giro euskaldun eta sanoa dago. Nire ustez, horixe da hitza: sanoa. Maila handia dago, baina jendearen arteko lehia oso sanoa da, eta hori ez da kirol guztietan eta proba guztietan ikusten. Zazpi astean, ia asteburuero elkarrekin gaude, eta lagunarte eta giro oso polita sortzen da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.