Giroa nabarmentzen dute denek, «giro sanoa eta euskalduna». Kirola bai, lehia ere bai, baina duatloiaren ondotik, hirugarren denbora dator, lagunartekoa, izerdia eta nerbioak askatuta hizketaldi lasairako tartea, nor bere herrira itzuli aurreko garagardoa, aurpegi lokaztuen artetik loratzen den irribarrea.... Asteasu, Durango, Idiazabal, Kanpezu, Aia, Ibarra eta Aduna; zazpi geltoki horien ondoren, amaitu da aurtengo Euskal Herriko Mendi Duatloien Zirkuitua: Maddi Olaetxea usurbildarra (Gipuzkoa) eta Josu Urrestarazu idiazabaldarra (Gipuzkoa) izan dira txapeldunak, eta antolatzaileak «pozik» agertu dira aurtengo martxarekin.
Erlazionatuta
Juan Zubia (Zumaia, Gipuzkoa, 1971) hasiera-hasieratik dago zirkuituaren antolakuntzan, duela hamabost urte abiatu zenetik, eta aurten gustura agertu da denboraldiaren martxa ikusita. «Proba gehienetan ehundik gora partaide izan dira; bada zerbait. Iaztik gora egin da partaidetzan. Proben antolakuntzan jende gaztea ere badator. Erreleboka ere inoiz baino jende gehiago animatu da... Adunan, adibidez, 36 bikote atera ziren, horietatik bost mistoak...».
«Herri batzuek interesa agertu dute proba antolatzeko, eta Nafarroan ere berriro izango dugu probaren bat, seguruenera»
JUAN ZUBIA EHMDZren antolatzailea
Aritz Segurola (Asteasu, 1993) duela bi urte hasi zen zirkuituko probetan parte hartzen. Aurten, duatloietan parte hartzeaz gain, bete-betean aritu da Asteasuko lehen duatloiaren antolaketan eta zirkuituko sare sozialen kudeaketan. Bera da lekukoa hartzen ari diren gazte horietako bat. Asteasuko aurrenekoa «oso ondo» joan zela adierazi du Segurolak: «Helburua zen kirolaren inguruan lehia sustatzeaz bat lagunarteko giroa sortzea, jende gaztea antolakuntzan parte hartzera animatzea, boluntarioen atxikimendua lortzea eta herri giro sano hori sortzea... Lortu genuelakoan nago».
Zubiak jakinarazi du datorren urteari begira proba gehiago izatea eta egutegia zabaltzea espero dutela. «Herri batzuek interesa agertu dute proba antolatzeko, eta Nafarroan ere berriro izango dugu probaren bat, seguruenera».
«Erreleboka, proportzioan, mutil adina neska ginen Kanpezun. Hobetzeko tarte handia dago oraindik, baina neska kopuru dezenteko bat lehiatzeko gogoz ikustea polita izan zen»
AINHOA ETXEGARAI Euskal Herriko txapelduna bikote mistoetan
Errelebokako formatuak gorakada nabarmena izan du aurten, eta bikote mistoak ere aurreko ekitaldietan baino dezente gehiago animatu dira. Ainhoa Etxegarai (Bera, 2002), adibidez, Kanpezun atera zen Asier Biurrarena bikotekidearekin batera, eta Euskal Herriko txapeldun izan zen bikote mistoetan. «Baztan-Bidasoa eta Bortziri inguruetatik kuadrilla handi samarra joan ginen. Aurrez parte hartua nintzen duatloi hauetan, eta izugarri oroimen ona nuen. Lasterketa hurbilak dira. Erreleboka, proportzioan, mutil adina neska ginen Kanpezun. Hobetzeko tarte handia dago oraindik, baina irteeran neska kopuru dezenteko bat lehiatzeko gogoz ikustea polita izan zen».
«Helburua zen kirolaren inguruan lagunarteko giroa sortzea, gazteak antolakuntzan parte hartzera animatzea, herri giro sano hori sortzea... Lortu genuelakoan nago»
ARITZ SEGUROLA Asteasuko mendi duatloiaren antolatzailea
Bikoteka parte hartzen duten horietako batzuk datozen urteetan bakarka ere animatuko direla uste du Etxegaraik. «Garrantzitsua da ikustea zer giro dagoen, zer den mendi duatloi bat... Giro hagitz euskalduna eta hurbilekoa da, eta ezagunen arteko lehia horrek ere badu bere xarma. Neskei horixe esanen nieke: gero eta gehiago garela, eta bertaratzeko horrelako probetara, gaur egun badirela hainbat distantzia eta hainbat lasterketa, eta aukera polita dela lagunartean kirolaz gozatzeko».
Probetako sailkapen guztiak, EHMDZren webgunean.