Mendiko duatloilaria

Maite Murgia: «Mendi duatloietan emakumeen presentzia eskasa izatea larria da»

Euskal Herriko zirkuituan buru-belarri dabil Murgia, eta gustura dago lortutako emaitzekin. Gaur-gaurkoz, zirkuituko bigarren postuan dago emakumeen artean.

Maite Murgia mendiko duatloilaria. JON URBE / FOKU
JON URBE / FOKU
Unai Ugartemendia.
Lazkao
2026ko urriaren 7a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Kirolerako pasioa etxetik jaso du Maite Murgiak (Lazkao, Gipuzkoa, 1992), eta gazte-gaztetatik erakutsi du askotariko diziplinetan aritzeko gaitasuna. Iraupen eskian eta neguko triatloian Espainiako txapeldun izandakoa da, eta ziklo-krosean ere lehiatu da hainbat urtez. Mendiko lasterketetan eta duatloietan aurkitu du azkenaldian bere lekua. 

Asteburuan jokatu zenuen Euskal Herriko zirkuituko hirugarren proba, Durangon. Zer-nolako lasterketa izan zen?

Bi sektoreko proba izan zen. Lehen sektorean, korrikakoan, bigarren postuan nindoan. Baina azken zatian indarrik gabe nengoela nabaritu nuen. Bizikletakoan ere arrastaka ibili nintzen, eta uztekotan egon nintzen tarteren batean. Ainhoa Markinez izan zen nagusi lasterketa guztian, eta nik laugarren amaitu nuen. Lehia polita izango dugu hurrengo lasterketetan.

Txikitatik datorkizu kirolerako zaletasuna; txirrindularitzan, iraupen eskian eta neguko triatloian aritutakoa zara. Nola gogoratzen dituzu hasierako urteak?

Etxeko guztiek betidanik egin dugu kirola. Oso umetatik ibili gara hiru anai-arrebak bai bizikletan, bai eskian. Aita ere txirrindularitzako hainbat taldetan ibili zen masajista [besteak beste, Euskaltel-Euskadin], eta bera ere txirrindularitzaren oso zalea zen. Gainera, hark eta amak eskiatu egiten zuten. Negu sasoian iraupen eskian ibiltzen ginen, eta udan, berriz, bizikletan. 

Iraupen eskian eta neguko triatloian Espainiako txapeldun izandakoa zara, besteak beste.

Bai, hala izan zen. Urtzi anaia eta biok urte berean izan ginen Espainiako txapeldun iraupen eskian. Ni, gero, neguko triatloian ere izan nintzen txapeldun. Hala ere, betiko borroka izaten genuen orduan ere: elur falta. Horren ondorioz, urte batean gutxi joan ginen eskiatzera, eta, beraz, iraupen eskia utzi, eta ziklo-krosean hasi nintzen. Aitari esan nionean, guztiz kezkatu zen. Bazekien ziklo-krosa kirol gogorra zela. Urte batzuk egin nituen kirol horretan lehiatzen.

Orain mendiko duatloietan lehiatzen zara. Baina zuretzat ez da arrotza Euskal Herriko zirkuitua.

Ez. 2011tik 2015era bitarte ziklo-krosean, duatloian eta triatloian ibili nintzen. 2014an jokatu nuen lehenengo mendiko duatloia, eta Euskal Herriko txapeldunorde izan nintzen. Urte batzuetan lehia alde batera utzita ibili nintzen, 2023an mendiko lasterketetan hasi nintzen arte. Orain, mendiko lasterketetan eta mendiko duatloietan aritzen naiz. 

Nola ezagutu zenuen Euskal Herriko Mendiko Duatloien Zirkuitua, eta zerk bultzatuta eman zenuen izena?

Uste dut anaia zaharrenak aipatuta hasi nintzela. Gogoan dut 2014an izan zela. Orduan pare bat proba jokatu nituen, baina, gero, urte askoan ez nuen halakoetan parte hartu. Iaz itzuli nintzen berriro. Korrika eta mendian gustura nenbilen, eta aspaldiko partez mendiko bizikletarekin ere hasi nintzen. Egun batean, berriro parte hartzeko aukera ikusi nuen. Lehenbiziko proba Asteasukoa izan zen. Ez nuen amaitu: oso gogorra iruditu zitzaidan! Dena den, hurrengora joan nintzen. Han hobeto ibili nintzen, eta handik aurrera ia gehienak egin nituen.

Aurtengoa bestelakoa izan da orain arte, ezta?

Bai, zalantzarik gabe. Iaz jada erabaki nuen aurten berriro arituko nintzela lehian. Udan asko ibili naiz mendiko bizikletarekin, eta neure burua ere askoz hobeto ikusi dut. Motibatuta eta gogotsu ekin nahi nion zirkuituari. Ezusteko emaitzak lortzen ari naiz, gainera. Espero baino askoz hobeto doa orain artekoa.

Zer-nolako giroa topatu duzu zirkuituan?

Oso giro ona dago. Oso familiarteko kirola da. Beti antzeko jendea topatzen dugu, eta bi hilabetean asteburuero ikusten dugu elkar. Azken proba amaitu ondoren sagardotegian afaltzeko ohitura izaten dugu: ederra da. 

Diziplina honek bi kirol gogor uztartzen ditu: mendiko lasterketak eta mediko bizikleta. Aurretik txirrindularitzan aritu izanak abantaila ematen dizu bizikletako zatian?

Normalean, ez da horrela izan orain arte. Egia da Zarautzen alde handi samarra atera nuela, baina ez da ohikoa. Korrika hobeto moldatu izan naiz bizikletan baino. Trantsizioetan galtzen dut denbora gehien. Bigarren trantsizioa, bizikleta utzi eta korrika hastekoa alegia, oso astuna egiten da. Oinak lurrean jarri orduko nabaritzen da gogortasuna.

«Txirrindularitzan aritu izanak ez dit abantailarik ematen normalean. Korrika hobeto moldatu izan naiz bizikletan baino. Trantsizioetan galtzen dut denbora gehien»

Zer helburu nagusi dituzu aurtengo?

Ez diot helburu jakinik jarri neure buruari. Oso gustura nabil oraingoz, eta zirkuitu osoa amaitzea da helburu nagusia. Hala ere, betiko arazoa dugu: emakumeen presentzia eskasa. Iaz maila handia izan zen, baina aurten ez nekien zer topatuko nuen. Hiru emakume besterik ez gara atera bi probetan, eta arduratzeko modukoa iruditzen zait.

Azken urteetan martxan jarri dute bikote mistoen proba ere. Hori izan daiteke gero emakume askok banakakorako urratsa egiteko beste aukera bat?

Trantsizio moduko bat izan daiteke hori emakumeentzat. Aurten, esaterako, bikain lehiatzen ari da Izarne Maioz. Iaz Asteasun jokatu zen proba lehenbizikoz, eta, herrian jokatuko zen aitzakiarekin, bikoteka ateratzeko hautua egin zuen. Aurten, berriz, banakakoan lehiatzen ari da gurekin. Askotan, errespetu kontua da, baina horrelako erabakiek etorkizunean bere fruitua eman dezakete beste emakume batzuk erakartzeko.

Zeintzuk dira egoera horren arrazoiak?

Aipatu bezala, lasterketa mistora jende gehiago animatzen da, eta parte hartzea handitzen ari da. Betiko arazoa da emakumeena, eta oraindik ez dakit zergatik den. Azken urteetan beherantz joan da kopurua, baina aurtengoa sekula ikusi gabea da. Gero eta larriagoa da egoera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA