Mendizaleak eta musikariak

Helmuga gertu dauka Urmugak. Kontzertu 'handirik' ez, baina emanaldi ugari izan dituzte aste honetan, eta gaur du azken saioa, Erremendian. Eta bihar festa, Izaban.

Mendizaleak eta musikariak.
Joxemi Saizar.
Otsagabia
2023ko uztailaren 29a
00:00
Entzun
Aste honetan ez da kontzertu handirik izan Urmugan, baina aurrera jarraitzen dute programatutako mikrokontzertuek eta mendizaleen ibilaldiak, Nafarroa Garaian, Nafarroa Beherean eta Zuberoan zehar, urmugalariek ibilbidearen azken zatiari ekin dioten honetan.

Mendibeko Salbatore baseliza Urmugak berraurkitu zuen, duela hiru urte, denbora askoan itxita eta erabili gabea zegoena. Orduan, Okaben egitekoa zen kontzertua, baina, lainotuta zegoenez, tokiz aldatu zuten; eta agertoki berri baten aurkikuntza. Ipar Euskal Herriko kaperarik zaharrena da, XI. mendekoa, eta musikari aterpea eman dio geroztikUrmugako saioetan.

Aurten, zorte handia izan dute Urmugako musika saioek eguraldiarekin. Aldaketa bakarra egin behar izan dute arrazoi horregatik: Azpegi aterpetxetik Orbaizetako Kultur Olara. Hala ere, hirugarren aldiz itzuli da Salbatore ermitara, eta konturatu dira orain herritarrak hasi direla bertan ekitaldiak egiten. Udako lau ostegunetan ekitaldiak egin dituzte, formatu ugari uztartuz: musika, hitzaldiak, filmak, jan-edanak...

Asteazkenean, Urmugaren barruan, Arturo Goldarazena klarinetean eta Alberto Navascues teklatuan aritu ziren bertan. Emanaldi atsegina egin zuten agertoki apartan: doinu kubatarrak, juduak, euskaldunak... emanez. Abestien ohiko gaiak jorratu zituzten: amodioa, desamodioa, bizitza... Eta doinu alaiak eta tristeak nahastu zituzten, ikus-entzuleen gozamenerako.

Ostegunean, kontzerturik ez zela aprobetxatuz, urmugalariekin Burdinkurutzeta-Bagargia etapa egiteko profitatu zuen Migel Zeberio Et Incarnatus orkestrako zuzendariak, orain arteko hiru aldietan ez baitu horretarako aukerarik izan. Aurten, mendizaleek ez dute izan musikarien zortea eguraldiarekin: laino eta euri artean ibili dira orain arte. Baina ostegunean, Mendibeltz, Atamaratze, Xardeka eta Arthanolatze gailurretatik ibili ziren eguraldi ederrarekin, eguzkia ere espedizioko kide bihurtuta. Hasieran, haize gogorraren konpainia izan zuten. Hala ere, ardi muturbeltzak ez ziren ikaratzen, eta bazekiten nora jo babes bila, maldan behera. Mendizale talde sendo eta zaildua ari da ibilaldia egiten. Hemeretzi eguneko txangoa osorik egiteko asmotan dira batzuk, eta ia lortu dute, bihar amaituko baita ibilbidea, Hiru Erregeen Mahaian. Beste batzuek egun batzuetarako ematen dute izena. Batzuentzat eta besteentzat, esperientzia aberasgarria da, Euskal Herriko mendi, lepo, ibar eta txoko eder batzuk ezagutzeko.

Orhiko agertokian

Orhi menditik igaro ziren mendizaleak atzo. Tontor horretan egiten duten kontzertua ere ohikoa bihurtu da Urmugan. Donostiako Orfeoiko abeslari batzuk aritu dira aurten ere, Et Incarnatus orkestrako kide batzuen laguntzarekin. Euskal doinu ezagunak izan ziren emanaldiaren oinarria, eta bertan bildutako mendizaleek ederki eskertu zuten, oso gutxitan izaten baita aukera horrelako agertoki naturalean eta altura horretan halako ikuskizun batez gozatzeko.

Atzo arratsaldean egitekoak ziren beste musika emankizun bat, Mariren omenez. Eta, ondoren, Irati filma proiektatzekoak ziren Iratin bertan, gauean. Kokalekua eta motiboa uztartzen baitituzte Urmugako antolatzaileek. Horrelako ideiak bururatzea eta gauzatzea Urmugaren seinale eta marka da. Gauean, berriz, festa egitekoak ziren Otsagabiko plazan, Xutik taldearen eskutik.

Gaur Erremendiako saioa izango da, Jaurrieta eta Abaurrea artean (Nafarroa); aurtengo ekitaldiko azken kontzertu handia. Eta, bihar, mendizaleak Hiru Erregeen Mahaira iritsiko dira. Ondoren, egun osoko festa izango dute Izaban, Urmuga amaitzeko. Eta bi urte barru errepikatzeko indarrak bilduko dituzte.

GAUR

18:30ean, Jaurrieta eta Abaurrea artean, Erremendian. Sara Azurza, Flavio Banterla, Iñaki Dieguez, Eñaut Elorrieta, Leturia eta Garikoitz Mendizabal arituko dira, Et Incarnatus orkestrarekin. Sarrerak erosi behar dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.