Zailtasuneko Espainiako Kopako lehen proba jokatu da asteburuan Caceresen, Alberto Gines txapeldun olinpikoaren izena duen rokodromoan. Martxoko azken asteburuan, leku berean egin ziren blokeko eta abiadurako lehen probak, eta orduko hartan bezala, oraingoan ere emaitza bikainak lortu dituzte euskal eskalatzaileek. Maila nagusian, gizonezkoetan, Mikel Linazisoro nagusitu da, eta 15 urtez azpikoetan, Lur Guenetxea. Maila berean, Markel Korta bigarren izan da, eta Iraultza Azkue laugarren.
Larunbatean, sailkapen fasean, «sentipen oso onak» izan zituzten euskal ordezkariek eta haietako askok lortu zuten igandeko finalerako txartela. Esaterako, 15 urtez azpiko maila horretan, Guenetxea, Azkue eta Korta izan ziren hiru onenak. Maila nagusian, Linazisoro izan zen onena sailkapen fasean ere, eta emakumezkoetan, finalerako sailkatu ziren Irati Zabala eta Ines Allende. 19 urtez azpikoetan, lehen zortzien arteko lehia horretarako sailkatu ziren Allende bera eta Maddi Agirre, eta 17 urtez azpikoen finalerako Elene Otermin.
Finalean, Raul Escribano eta Lucas Perez gazteei gailendu zitzaien Linazisoro. Escribano gertu izan zuen Bergarakoak.
Emakumezkoetan, maila nagusi horretan kataluniarrak izan ziren onenak: Iziar Martinez igo zen podiumaren koska gorenera, Julia Benach izan zen bigarren eta Aina Vila hirugarren. Euskal ordezkariei dagokienez, Zabala seigarren izan zen finalean, eta Allende zazpigarren.

Gazteen artean, sailkapen faseko jardun ona berretsi zuten Guenetxeak eta Kortak, eta finalean ere garaipena eta bigarren postua eskuratu zituzten. Azkue, berriz, laugarren izan zen azkenean.
Hamazazpi urtez azpikoetan, Elene Otermin zazpigarren izan zen finalean, eta hemeretzi urtez azpikoetan, Allende bosgarren eta Agirre zazpigarren. Mutiletan, aldiz, bi maila horietan ez zen euskal ordezkaririk izan finaleko zortzikotean.
Euskal ordezkarien sailkapen guztiak EMFren esteka honetan kontsulta daitezke, bai eta FEDMEren sailkapenetan ere.