Kirol eskaladako Espainiako Kopako lehen probak jokatu dira joan den asteburuan Caceresen, boulderreko eta abiadurako modalitateetan. 280 eskalatzaile lehiatu dira Alberto Gines txapeldun olinpikoaren izena duen rokodromoan, euskal herritar asko tartean, eta emaitzak aintzat hartzeko modukoak izan dira. Nabarmentzekoa, batez ere, Udane Mugikak blokeko modalitateen seniorretan lortutako bigarren postua. Elduaindarra (Gipuzkoa) maila nagusian eta 19 urtez azpikoetan lehiatu da, eta nagusien arten bigarren izan da, eta 19 urtez azpiko bere kategorian, txapeldun.
Mugikak, beraz, iazko denboraldi bikainaren ondoren, bikain ekin dio aurtengoari ere. Maila nagusi horretan Lianet Castillo Gaztela eta Leongo ordezkaria gailendu da blokean. Elur Arteaga tolosarra ere hamar aurrenekoen artean sailkatu da, bederatzigarren. 19 urtez azpikoetan, Ines Allende seigarren izan da, eta Libe Castillo, zortzigarren.
Gizonezkoetan, maila nagusian, Andoni Esparta izan da euskal ordezkaririk onena, zortzigarren. Nagusietan, Manuel Pastor 18 urteko gazte eta Valentziako Federazioaren ordezkaria gailendu zaie Guillermo Peinado madrildarrari eta Gilherme Rodrigues portugaldarrari.
Gazteen artean, nabarmentzekoa izan da Markel Kortak 15 urtez azpikoetan lortutako garaipena. 17 urtez azpikoen mailan, Elene Otermin eta Eñaut Uson bosgarren izan ziren, Sofia Hernandez zazpigarrena eta Lier Perez hamargarrena. Uson, gaztetxoen mailan Espainiako probetan hainbat aldiz nagusi izandakoa, aurten itzuli da lehiara, aurreko denboraldi osoa hatzeko lesio baten ondorioz geldirik egin ondoren.
Abiaduran, nabarmentzekoa izan da Haizea Pinto nafar gazteak (16 urte) egindako proba. Maila nagusian eta 19 urtez azpikoetan hartu du parte: seniorretan hirugarren egin du Carla Martinez kataluniarraren eta Leslie Romero valentziarraren atzetik, eta 19 urtez azpikoetan, berriz, bigarren, Nora Garcia galiziarraren ondotik.