Nire aitaren bidea eginen dut...

Ehun urte geroago, beste hamalau lagunek 14 Orduko Ibilaldia osatu dute mendeurrena oroitzeko. Tartean izan dira aitzindari haien oinordeko batzuk: sei biloba eta seme bat, Paco Tuduri, 80 urte betetzear zela. Hunkituta bukatu zuten guztiek.

14 Orduko Ibilaldia 100 urte geroago
Zutik: Francisco Pretus, Xabier Andueza, Kontxi Garmendia, Iñigo Tuduri, Patxi San Sebastian, Oscar Tuduri, Paco Tuduri, Pablo Dendaluze, Mikel Garaikoetxea. Makurtuta: Garikoitz Goñi, Xabier Agirre, Jon Ormazabal, Amaia Altuna, Luis San Sebastian. I GOÑI
ramon olasagasti
Tolosa
2025eko ekainaren 17a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Nire aitaren bidea eginen dut, nekeari aurre eginez, nire ia 80 urteko hezurren minari aurre eginez, Arritzagako aldapa beldurgarriei aurre eginez, eginen dut nire aitaren bidea. Halako zerbait pentsatu zuen Francisco Tudurik (Tolosa, Gipuzkoa, 1945) –Paco lagunentzat– aurreko ekainaren 7an, 14 Orduko Ibilaldiari ekin zionean (70 km, 2.000 m+). Mende bat lehenago, Paco Tuduri aitak egin zuen lehen aldiz ibilaldi hura, beste 13 adiskiderekin, eta ehun urteren buruan, beste hamalau lagunek ibilbidea berritu nahi izan zuten, tartean Paco semeak eta aitzindari haien beste sei bilobek. Izan ere, aita dioenak berdin esan zezakeen aitona ere.

«Niretzat helburua han egotea zen; egitea baino gehiago, egotea: mende bat geroago, aita egon zen leku berean egotea, egun eta ordu berean, bide berean ibiltzea. Horregatik, gauez, goizeko 04:00etan, ilunpean, argiak kopetan genituela hamalau lagun elkartu ginenean, zirrarak hartu zidan barrua», oroitu du Tudurik. Duela ehun urte bezala, hamalauren sinadurak bildu eta 04:08an abiatu ziren, tapa-tapa, Gaztelu eta Gorriti aldera.

Mendeurreneko ibilaldia. PABLO DENDALUZE

Mende bat geroago, bi emakume ere baziren hamalauren artean: Kontxi Garmendia Iturbe eta Amaia Altuna Martinez. Eta haiekin, aipatutako Paco Tuduri Esnal, Iñigo eta Oscar Tuduri Limusin anaiak ―Pacoren semeak―, Francisco Pretus Labaien eta Garikoitz Goñi Labaien lehengusuak, Patxi eta Luis San Sebastian Larrañaga anaiak, Xabier Arcelus Andueza, Pablo Dendaluze Izagirre, Mikel Garikoitz Garaikoetxea, Xabier Agirre Bustamante eta Jon Ormazabal Azpiroz.

Francisco Larrañaga, Patxi Txortxi ezizenez ezaguna, izan zen 1925eko txangoaren arima. Patxi eta Luis San Sebastian anaiek osaba-aitona zuten Larrañaga, aitonaren anaia, eta haiek ere parte hartu zuten ekainaren 7ko ibilaldian. «Lehenengoentzat, duela ehun urte, abentura bat izan zen ibilaldi hura. Jakin izan balute ehun urte geroago haien senideek bide bera egingo zutela... Guretzat ere oso-oso polita izan zen, hamalauko talde txikian mendiko masifikaziotik aldenduta eta lehiaren kutsurik gabe ibilaldia berritzea, lagunarteko edo familiarteko giroan, bata bestearen zain geratuz, elkarri lagunduz...», nabarmendu du Luis San Sebastianek.

14 Orduak 100 urte geroago
Paco Tuduri, mokadu bat jaten. IÑIGO GOÑI LABAIEN

«Niretzat helburua han egotea zen; egitea baino gehiago, egotea: mende bat geroago, aita egon zen leku berean egotea, egun eta ordu berean, bide berean ibiltzea»

FRANCISCO TUDURI 'PACO'Mendizalea, Paco Tuduriren semea

Francisco Labaien, Pancho ezizenez ezaguna, izan zen 1925eko txango hartako beste aitzindarietako bat, Euskal Herriko Mendizale Federazioko presidente eta Pyrenaica aldizkariko zuzendari izandakoa, eta hainbat ekimenen bultzatzailea. Pancho Labaienen hiru biloba izan ziren partaide mendeurreneko txangoan: Francisco Pretus Labaien eta Garikoitz eta Iñigo Goñi Labaien, azken biak anaiak. Iñigo Goñi laguntzaile aritu zen, eta argazkiak ateratzen: «Ilusioz eta emozioz egin genuen mendeurreneko ibilaldia. Bidean aurrera egin ahala hasten zara hausnartzen duela ehun urte aitona eta konpainia hortik igaro zirela, eta zirrara berezia sortzen zaizu».

Paco Tuduri 14 Orduko Ibilaldiaren inguruko istorioak entzunez hazi zen, eta, haurra zela, Igaratzako aterpean igarotako astebetea, huraxe izaten zen bere oporraldia. Alabaina, ikasketak zirela edo lana zela, ez zuen sekula 14 Orduko Ibilaldian parte hartzerik izan. Horregatik, mendeurrenean, erabaki zuen ezin zuela huts egin, arantza hori atera behar zuela, aitaren ohorez. 80 urte betetzear zela, pausoz pauso joateko asmoa zuen, Iñigo eta Oscar semeak une oro ondoan zituela: hasieran Lekunberrira heldu nahi zuen, eta gero, ahal izanez gero, San Migelera iritsi... «Atako bailaran gora gozatu egin nuen, egia esan. San Migelera iritsi eta koadrizepsak apur bat kargatuta nituen, baina Guardetxera bidean, tapa-tapa, askatu nituen. Guardetxen hartu behar izan nuen erabaki zaila: Igaratza eta Arritzaga aldera segi, aurrera, edo hantxe bertan geratu, eta atzera egin. Aurrera egitea erabaki nuen».

Arritzagako meatzeetan, hantxe sufritu zuen pixka bat Tudurik. «Belauneko protesiarekin, nekearekin, 50 kilometro oinetan, beldur ematen zidan jaitsiera bihurri horrek. Luze egin zitzaidan, asko lagundu zidaten, eta pazientzia izan zuten nirekin. Amezketara iritsi eta galdetu zidaten ea autoan joan nahi nuen Tolosara, baina 'bai zera, behin Amezketara iritsita, bukaeraraino oinez', esan nien». Asko eskertu du Tudurik bidelagunen babesa, baita laguntzen ibili ziren Josu Iztueta eta Iñigo Goñirena ere. Harrituta utzi zituen denak Tudurik: «Oinordeko zuzen bakarra bera zen, eta beretzat esanahi berezia zeukan mendeurreneko txangoak. Gorputzez baino gehiago buruz indar izugarria zeukan bukatzeko», azpimarratu du Iñigo Goñik.

«Balio izan du gure aurrekoekin konektatzeko, aitonaren argazki album zaharretan bilatzeko, istorioak berritzeko eta iragan hori berpizteko»

LUIS SAN SEBASTIANMendizalea, Francisco Larrañagaren oinordekoa

Ibilaldiko solasaldietan, aurreko egunetan, 14 Orduei buruzko erakusketan, arbasoengana gehixeago hurbiltzeko aukera izan dute lagunek eta senideek. «Nik neuk, adibidez, txikitan ez nuen asko jakin Patxi Txortxi osaba-aitonaren berri. Familian bazela erlojugile bat mendian asko ibiltzen zena, baina askoz gehiago ez nekien, eta honek guztiak balio izan du gure aurrekoekin konektatzeko, aitonaren argazki album zaharretan bilatzeko, istorioak berritzeko eta iragan hori berpizteko», nabarmendu du Luis San Sebastianek. Beste hainbeste Goñi labaiendarraren kasuan ere. «Mikel Petrus lehengusua, adibidez, emozionatuta zegoen, ibilaldia egiteaz aparte, lehendik ez zekizkien gauza asko jakin zituelako aitonari buruz: nolakoa zen, zer egiten zuen, zer burutazio izan zituen eta ekimen bultzatu zituen, nola hil zen...».

14 Orduak 100 urte geroago
Paco Tuduri, Iñigo eta Oscar semeekin, Gorritira bidean. IÑIGO GOÑI LABAIEN

Duela mende bateko hamalau haiek bezala, Tolosako Frontoi kafetegian bukatu zuten ibilaldia mende bat geroago, gauerdia urruti ez zela. Lagun eta senide dezente zituzten han zain. Tartean, Marta Labaien, Panchoren alaba ―ibilaldian partaide izan zen Mikel Pretusen ama―, semearekin batera Bartzelonatik propio etorria. Paco eta Marta, adinkideak biak, besarkada estuan bildu ziren, hunkiturik. «Izeba ere harro zegoen, semeak eta ilobak aitaren ibilaldi bera osatu zutelako», adierazi du Iñigo Goñik.

«Anaia eta lehengusua pozik ziren, eta izeba ere harro zegoen, semeak eta ilobak aitaren ibilaldi bera osatu zutelako»

IÑIGO GOÑIMendizalea, Francisco Labaien 'Pancho'-ren biloba

Harro eta hunkituta ziren Oscar eta Iñigo Tuduri Limusin ere, aitak lehen aldiz 14 Orduak osatzea lortu zuelako. Eta hunkiturik zen Paco Tuduri bera ere, ehun urte geroago aitaren bide bera egin zuelako, azkenean. «Ederra izan zen tuduritarren bi belaunaldik bat egitea, Lekunberrin Jose Mari anaiarekin elkartzea, Tolosan semeak hunkiturik ikustea. Ez dut sekula ahaztuko...».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.