Oihana Zubillaga Blanco mendi korrikalaria (Anoeta, Gipuzkoa, 1998) gustura dago, beste urte batez Skyrunning zirkuituan aritu eta gero. Hitzez ere hala azaldu du: «Inoiz egin dudan denboraldirik onena izan dela esango nuke». Zirkuituan egondako maila nabarmendu du.
Zer-nolako lasterketa izan zen Skyrunningeko finala, Serra d'Espadan?
Lasterketa oso goiz hasi zen, 07:30ean; toki epela denez, ordu egokia da. Eguerdi aldean jada eguzkiak jo zuen, eta nik uste dut guztiok eskertu genuela goizeko freskotasuna. Maratoiari dagokionez, balorazio positiboa egin dut orokorrean. Neure burua kontrolatzen hasi nintzen, ondoren indarrak ez galtzeko. Izan ere, beste urteetan ez dut esperientzia oso ona izan. Egia da ez nuela oso egun ona izan, baina gustura joan nintzen 30. kilometroraino. Handik aurrera hankak pisutsu sentitu nituen, eta bi postu galdu nituen amaierako zatian. Pena dut alde horretatik. Bosgarren postutik minutu eskasera geratu nintzen, baina gustura amaitu nuen, lasterkari guztiak ondo ibili ginelako. Urtez urte nabari da maila hobetzen ari dela.
Zer falta izan zitzaizun bosgarren postuari eusteko?
Indar pixka bat, hankak hobeto izatea-edo. Nik uste dut maratoi honetara guztiok ongi iristen saiatzen garela, baina azkenean, azaroaren erdian izanik, luze egiten zaigu. Nire kasuan, hortxe-hortxe iritsi nintzen: motibazio pixka batekin bai, baina amaitzeko gogo apur batekin.
Zer helburu zenuen?
Iaz hamaikagarren geratu nintzen bi puntu eskasengatik, eta aurten helburua sailkapenean lehen hamarretan sartzea zen. Selekzioarekin Acantilados del Norte lasterketara joateko aukera izan nuen, eta ondoren Malagan ere izan nintzen. Hasieran txukun aritu arren, ondoren hasi nintzen emaitza hobeak lortzen eta puntu gehiago pilatzen. Kalkuluak egitean pentsatu nuen Asturiasen eta Gorbeian ondo joanda postu dezente igoko nituela sailkapenean, eta hala izan zen: hor eman nuen jauzia. Garrantzitsua zen finalean txukun geratzea, bikoitza balio baitzuen. Azken sailkapenean zortzigarren amaitu dut.
Denboraldi hasieran espero zenuen postu horretan bukatzea?
Ez! Egia da iazkoa ikusita zera pentsatu nuela: apur bat hobetuz gero lehen hamarren artean sailkatu nintekeela. Baina gero, zirkuitua jokatzen hasi nintzenean, ohartu nintzen gero eta jende gehiago ari dela bertan lehiatzen. Aurten garbi ikusi da Golden Trail Series zirkuituak izan duen jaitsiera Skyrunning zirkuituaren mesederako izan dela. Korrikalarien maila asko hobetu da. Iaztik ere aldaketa dezente nabaritu dut. Aurten jauzi handia egin dut, baina jauzi handia eginda ere, antzeko postuengatik borrokatzen jarraitzen dut. Pozgarria da gero eta emakume gehiago egotea eta maila hobea izatea. Zure onena ateratzen laguntzen dizu.
Emakumeen artean nabaritu duzu hori batez ere?
Bai, emakumeez ari naiz gehienbat; gizonetan ere bolumen eta maila izugarria dago, baina egia da emakumezkoetan asko nabari dela azken urteetan maila hobetzen ari dela, baita parte hartzaile kopurua ere. Skyrunning zirkuitua zaila izaten da. Korrikalaririk onenak Europako lasterketetan aritzen dira batez ere. Baina denbora librea eta dirua duten korrikalariak Asiara edo Ameriketara joan, eta puntuak bildu ditzakete, hango lasterketetako parte hartzea ez baita horren ona.
Nola ikusi duzu zeure burua onenekin lehiatzen?
Hasieran kostata aritu nintzen apur bat. Baina Zegama-Aizkorrin denbora txukuna egin nuen, eta azken lasterketetan neure buruan gehiago sinesten ari naiz. Ohartu naiz ni ere eliteko atleten paretsu nagoela. Sara Alonso beste maila batean ikusten dut, baina besteekin antzeko aritzen naiz.
Sara Alonsorekiko aldea hainbestekoa da?
Bai, nik uste dut beste koska batean dagoela. Berak ere esaten zigun bere mailako jendearekin lehiatzea falta zuela. Gorbeian egindako denbora izugarria izan zen. Baina ikuslearentzat, agian, ez zen hainbesterako izan, ez zuelako lehiakiderik izan. Azkenaldian lortu dituen emaitzak izugarriak dira.
Munduko Kopan zortzigarren izateaz gain, hiru lasterketa irabazi dituzu, hamalaugarren izan zinen Zegama-Aizkorrin… Gustura zaude egindako denboraldiarekin?
Bai, bai! Inoiz egin dudan denboraldirik onena dela esango nuke. Denboraldia hasteko, otsailean Arrasaten irabazi nuen. Oso lasterkari onekin lehiatu nintzen, eta egun ezin hobea izan nuen. Ondoren, zirkuituan lehiatzen hasi nintzen, eta Acantilados del Norte eta Malaga jokatu nituen. Nire korritzeko estiloarekin bat ez datozen lasterketak dira biak. Gero Zegama etorri zen, eta helburua duela bi urteko marka hobetzea zen, eta lortu nuen. Hamabost minutu hobetu nuen duela bi urteko marka. Gainera, Valle de Tenako proba eta Sorginen Lasterketa irabazi nituen. Ezin dut gehiago eskatu.
«Sara Alonsok eta Malen Osak erakutsi dute zertarako gai diren. Gainera, aurten Skyrunningeko zirkuituan Euskal Herriko emakume asko aritu gara lehian»
Arantzarik geratu al zaizu?
Bai. Zegama-Aizkorri korritu eta hilabetera, Hego Ameriketara joan nintzen lagun batekin, eta esperientzia frustragarria izan zen. Duela bi urte, Hego Koreara joan nintzen Lide Urrestarazurekin, eta kanpora joateko ilusioa nuen ordutik. Urtero lasterketa bat korritu nahi nuen urruti. Skyrunning zirkuituak kanpoan ere lasterketak dituenez, Perura eta Ekuadorrera joan ginen. Esperientzia polita izan zen, baina aldi berean frustragarria. Ekuadorreko lasterketan ez genuen girora egokitzeko aukerarik ere izan. Ostiralean iritsi, eta larunbatean lasterketa izan genuen. Sasoiko nengoen, baina lehen kilometroan jada ezin nuen korrika egin. Perun jada aldaketa nabaritu nuen, korrika hobeto ibili nintzen. Bertako antolatzailea Skyrunningeko kameretako bat denez, zirkuituan ondo ibiltzen diren emakumeei abisatzeaz arduratu zen. Barregarria izan zen, bertako jendeak galdetzen baitzidan ea zer altueratan bizi nintzen, eta nik erantzun itsas mailan bizi nintzela.
Zer deritzozu Euskal Herriko emakume korrikalarien jardunari?
Sara Alonsok eta Malen Osak erakutsi dute zertarako gai diren. Gainera, aurten Skyrunningeko zirkuituan Euskal Herriko emakume asko aritu gara lehian. Lasterketa asko jokatu ditugu euskal selekzioarekin, besteak beste Ainhoa Garikanok, Ainara Alcuazek, Leire Uribek, Eider Zubeldiak eta nik. Orokorrean bikain ari gara lehiatzen.
Erizaina ere bazara. Nola uztartu dituzu lana eta kirola?
Urte hau oso kaotikoa izan da. Lanean bete-betean aritu naiz: gau asko, hamabi orduko lanegunak... Ordu asko pilatu behar ditut mendi lasterketetako egutegia bete ahal izateko. Atsedenari erreparatuta, ez da urterik egokiena izan.