«Oso kalitate oneko» 54 film izango dira Mendi Filmen, euskal ekoizpen ugari tartean

Sail Ofizialean 45 pelikula izango dira lehian, eta Zabalandi sailean beste bederatzi aurkeztuko dituzte. Euskal ekoizpenen «maila ona» nabarmendu dute jaialdiaren antolatzaileek. Askotariko gaiak jorratzen dira haietan.

Bilboko Mendi Film zinemaldiaren 2024ko ekitaldia
Jaialdiaren iazko irekiera ekitaldia, Bilboko Euskaldunan. ENRIQUE MORENO ESQUIBEL
ramon olasagasti
2025eko urriaren 3a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ez da erraza izan hautaketa. Aurten ere 226 pelikula aurkeztu dira Bilboko 18. Mendi Film Zinemaldian parte hartzeko, «maila handiko lanak» antolatzaileen esanetan, eta horien artean galbahea pasatu eta Sail Ofizialerako 45 aukeratzea «lan zaila» izan da. Sail Ofizialean lehiatuko diren 45 lan horiez gain, Zabalandi sailean beste bederatzi pelikula proiektatuko dituzte; beraz, 54 lan guztira. Abentura, mendia, abentura kirolak eta natura gaiak jorratzen dituzten pelikulak dira, guztiak ekoizpen berriak.

«Uzta, jasotako filmei dagokienez, iazkoaren parekoa izan da aurten ere, 226 lan guztira, eta hori oso datu ona da, etxean eta nazioartean erreferentziatzat hartzen gaituzten adierazle. Mailari dagokionez ere, oso gustura gaude, oro har, oso kalitate oneko lanak aurkeztu baitira. Euskal ekoizpenak ere asko dira, eta maila oso-oso onekoak», nabarmendu du Aitor Elduaienek, Mendi Film jaialdiko komunikazio arduradunak.

«Oro har, oso kalitate oneko lanak aurkeztu dira. Euskal ekoizpenak ere asko dira, eta maila oso-oso onekoak»

AITOR ELDUAIEN Mendi Film jaialdiko komunikazio arduraduna

Aurtengo Mendi Film jaialdian kontinente guztietako filmak aurkeztuko dira, Europa, Ipar eta Hego Amerika, Asia, Afrika eta Ozeaniako ekoizpenak. Europako herrialdeetakoak dira lanik gehienak —Euskal Herria, Espainia, Frantzia, Erresuma Batua, Austria, Alemania, Suitza, Italia, Eslovenia, Belgika...— 44 pelikula guztira. AEBetako zortzi ekoizpen daude, Kanadako bi, Argentinako bat eta Brasilgo beste bat. Ohikoak ez diren lurraldeetako lanak ere badira, hala nola Pakistan, Afganistan, Liberia, Sierra Leona, Japonia eta Zeelanda Berrikoak.

Euskal ekoizpenak

Ugari dira euskal ekoizpenak ere, edota, ekoizpena kanpokoa izanik ere, egilea edo protagonista euskal herritarra duten pelikulak. Zuzendarien artean, Mendi Filmen jada eskarmentua duten egileak lan berriekin etorriko dira: Jesus Mari Lazkano margolaria, Jon Herranz, Luis Arrieta, Julen Elorza eta Alfonso Garcia, besteak beste. Lazkano Mer de Glace glaziarrari buruzko animaziozko film batekin dator; Jon Herranzek Harri, orri, arkatz proiektuari buruzko dokumentala ekarriko du; Luis Arrietak etorkinak eskaladaren bidez integratzeko istorio bat dakar; Garciak Atxarteko inauteriari buruzko dokumental bat...

Bilbon beren lehen lanak aurkeztuko dituzten egile berrien artean daude, besteak beste, Mikel Urdangarin kantaria, Haizea Huegun konpositorea eta Ibon Gaztañazpi kazetaria. Eta, haiekin batera, beste hainbat zuzendari ere bertaratuko dira beren filmak erakustera: besteak beste, Nagore Ezeiza, Imanol Lamana, Unai Jauregibeitia, Jon Mendizabal eta Gorka Ipiñazar. Askotarikoak dira pelikula horietan jorratzen diren gaiak: Unai Basurkoren eta itsasoaren arteko harremana; Gotzon Huegun eskultorearen inguruan Haizea alabak ondutako pieza; Orioko errioaren emaria herri bati loturik; Txindokiko harkaitzetan eskalada sendabide bihurtua; Bhagirathi IIIko eskalada; Zeelanda Berrian gravel bizikletarekin eginiko bidaia; iraupen eskiaren historia Euskal Herrian...

Mendi Film jaialdiaren aurtengo kartela. JULIA ROGER-VEYER
Mendi Film jaialdiaren aurtengo kartela. JULIA ROGER-VEYER

Juanito Oiarzabal izango da jaialdiko izen nabarmenetako bat: Javier Alvaro Palomaresek, Sebastian Alvaroren semeak, mendizale gasteiztarrari buruzko Oiarzabal. Entre Juan y Juanito pelikula aurkeztuko du. Javier Lopez Pagazaurtundua bizkaitarra izango da beste protagonistetako bat: garun paralisia du, eta Everesteko kanpaleku nagusira iritsi zen 2022ko abenduan. Hari buruzko film bat egin dute Rodolfo Montero de Palacio eta Mario de Benito zuzendari espainiarrek.

Haiekin batera, mendi zinemagintzako nazioarteko zuzendari puntakoak ageri dira hautatuen zerrendan: Ben Sturgulewski, Bertrand Delapierre, Lapied familia, Yannick Boissenot, Ben Knight, Iara Lee, Jochem Schmoll, Marco Zingaretti…

Junji Sakamoto fikziozko zinema zuzendari japoniarrak Junko Tabei mendizale japoniarrari buruz ondutako Climbing for Life ere Mendi Filmen izango da, berriki Donostiako Zinemaldian aurkeztua izan ondoren.

Aurtengo IAMF sari nagusia eman diote Seb Montaz zuzendariari, eta Bilboko jaialdiaren aitortza ere jasoko du: izan ere, berriro ikusi ahal izango da Davina Beyloosek eta biek eginiko Out of the Blue pelikula —2020ko Mendi Film jaialdian, epaimahaiaren aipamen berezia irabazi zuen—.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.