Eneko eta Iker Pou, alpinistak baino gehiago andinistak direla esan liteke. Uda honetan, hamaikagarren aldiz izan dira Peruko Andeetan, eta beste behin, bide berri bat zabalduta itzuli dira: Bonus Track (WI7/M6/6c/1.060m). Ranrapalca mendian (6.162 m) zabaldu duten bigarrena izan da, 2023an irekitako Ya Pe Cholo lerroaren ondoren. Oraingoan ere Micher Quito lagun huauraztarra (Peru) izan dute taldekide, eta oraingoan ere estilo alpino garbian osatu dute igoera.
Aste honetan jakinarazi dute, gainera, Urrezko Pioleta eskuratzeko iazko jardueren zerrendan sartu dutela joan den urtean anaia gasteiztarrek Peruko Jurau A mendian (5.520 m) zabaldutako Kuntur bidearen eskalada. Aurrez ere hainbatetan egon dira Urrezko Pioleterako izendatuta Pou anaiak, Andeetan egindako jarduerengatik, besteak beste: One Push, arestian aipatutako Ya Pe Cholo edo Puro floro bideengatik. 2024ko uztailean zabaldu zuten azken hori, eta haien «alpinismoko biderik onena» izan zela nabarmendu zuten orduan. Oraingoan, berriz, alpinismoan egin duten «biderik gogorrena» izan dela azpimarratu dute. Bidearen graduak ere horixe bera adierazten du: 1.060 metroko lerroan, izotzean WI7ko zailtasuna (gorena, izotz geruza fin eta txarrarekin eta babesteko ia ezinezkoa); mistoan M6 eta harkaitzean 6c.

Goranzkoan, hiru egun egin zituzten horman eta bi bibak egin zituzten tartean, hormatik lukainkak bezala eskegita. Ranrapalcaren pareta izotz eta harkaitzezko hieroglifo bihurtu zitzaien eskaladan. «Senari jarraituz egiten genuen gora, baina hainbat alditan harresi gaindiezinak agertu zitzaizkigun. Ondorioz, rappel txiki bat egin eta ezkerrerago edo eskuinerago beste arrakala sistema bat bilatu beharrean izan ginen gutxienez hiru bider», azaldu dute poutarrek. Orain izotzean, orain harkaitzean eta orain mistoan, luzeak «oso zailak» zirela ere nabarmendu dute anaia gasteiztarrek.
Lehen egunean, hamahiru orduko ahalegin jarraituaren ondoren, arrakala batean aurkitu zuten babesa, baina bibak «gogorra» izan zela nabarmendu dute. «Iragarpenek ez zuten asmatu, eta elur ekaitz batek harrapatu gintuen. Blai eginda eta hotzez akabatzen joan zitzaigun gaua». Bigarren bibakean eguraldiak ez zituen hainbeste zigortu, baina erlaitz batean eserita, amildegi beltzari so igaro zuten gaua, lo susta batean.

Hirugarren egunean, mendiaren goiko aldean, zalantzak izan zituzten, buruen gainean zituzten serac erraldoien artean biderik aurkituko zuten ala ez. Hiru ordu egin zituzten izotz masa erraldoi haien mehatxupean, bihotza uzkurtuta, harik eta gailur aldeko goi lautadara eramaten zuen igarobidea aurkitu zuten arte. Goian, ordea, behe lainoak bildu zituen. «Elurretan hondoratuz, ahituta eta ezerezean erdi galduta ibili ginen aldi batean, harik eta hegazti polit batek gailurrerantz gidatu gintuen arte. Horregatik jarri genion izen hori bideari, zenbaitetan azaltzeko zailak diren gertaerei esker, aukera gehigarri bat sortzen delako», argitu dute bi anaiek.
«Elurretan hondoratuz, ahituta eta ezerezean erdi galduta ibili ginen aldi batean, harik eta hegazti polit batek gailurrerantz gidatu gintuen arte»
ENEKO POU Alpinista
Beste bi egun behar izan zituzten kanpaleku nagusiaren segurtasunera iristeko. Laburbilduz, «igoera ikaragarri gogorra, konpromiso eta esposizio handikoa» izan zela nabarmendu dute bi anaiek.

Alpamayo, «txikitako ametsa»
Ranrapalca mendiko jardueraren aurretik, garaierara egokitzeko, Alpamayo igo zuten bi anaiek, askoren iritziz munduko mendirik ederrena. «Txikitako ametsa genuen Alpamayo igotzea, piramide perfektu honen argazkiak ikusi eta hipnotizatuta geratu ginen lehen aldi hartatik». Santa Cruz Quebradatik egin zuten igoera, eta euskaldun-frantziarren bideari jarraitu zioten gero. Aritza Monasterio gidari elorriarrak eta Frantziako talde batek 1993an zabaldu zuten bide hori. Poutarrak 03:30ean iritsi ziren gailurrera, gau izarratuaren ilunbistan, eta egunsentiko lehen printzekin kanpaleku nagusira.