Sara Alonso izan da garaile Calamorro Skyrace proban

Skyrunner World Series zirkuituko laugarren proba izan da Benalmadenakoa. Ainhoa Garikano seigarren izan da eta Oihana Zubillaga bederatzigarren. Gizonezkoetan Manuel Merillas izan da irabazle, eta Gontzal Murgoitio hamaikagarren.

Sara Alonso eta Manuel Merillas 2026ko Calamorro Skyrace probaren irabazleak
Sara Alonso eta Manuel Merillas 2026ko Calamorro Skyrace probaren irabazleak. CALAMORRO SKYRACE
ramon olasagasti
2026ko apirilaren 12a
14:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Skyrunner World Series zirkuituko laugarren proba jokatu zen atzo Benalmadenan (Malaga, Espainia): Calamorro Skyrace (27 km eta 2.270 m+), eta La Palma uharteko Acantilados del Norte hirugarren probako irabazle berak izan ziren laugarrenean ere: Sara Alonso donostiarra (Gipuzkoa) emakumezkoetan, eta Manuel Merillas espainiarra gizonezkoetan.

Sara Alonso hasiera-hasieratik aurreratu zen, eta kilometroz kilometro, zabaltzen joan zen lehiakideekiko aldea. Anoa gune batean, bidoi malgua falta zuela eta, zertxobait urduritu zen, baina aparteko arazorik gabe lortu zuen garaipena (3.25.42). Zortzi minutu pasatxora helmugaratu zen Jane Maus estatubatuarra, eta Shangave Balendran norvegiarra izan zen hirugarren. Pozik zen Alonso garaipenarekin: «Asko gozatu dut, batez ere ibilbide osoan animatzen zegoen jende guztiaren aupadarekin. Une zail bat izan dut bigarren anoa gunean, ez zegoelako nire soft flask bidoia, baina laguntza eskatu eta mundu guztia laguntzeko prest agertu da».

Nabarmentzekoa izan zen Ainhoa Garikanoren seigarren postua ere. Berriki, Kolazino Egunean, EMFko txapeldun izan da tolosarra, eta denboraldi hasiera oso ona egiten ari da. Hamar aurrenekoen artean helmugaratu zen Oihana Zubillaga anoetarra (Gipuzkoa) ere, bederatzigarren. Hogeita bost aurrenekoen artean sailkatu ziren beste hainbat euskal korrikalari: Irati Azkargorta (12), Leire Uribe (14), Irune Velez de Mendizabal (17) eta Lola Oiarzabal (19).

Gizonezkoetan, ikusgarria izan zen Manuel Merillas espainiarraren eta Frederic Tranchand frantziarraren arteko lehia. Azken-azkeneko ertzean jo zuen erasoa Merillasek, eta 24 segundo eskaseko aldearekin lehen postuan gurutzatu zuen helmuga Leongo korrikalariak. Tom Spencer eskoziarra izan zen hirugarren.

Euskal korrikalarien artean, Gontzal Murgoitio elorriarra (Bizkaia) izan zen lehena, hamaikagarren. Hodei Samaniego sestaoarra hamahirugarren izan zen eta Paul Ormaetxea muruetarra (Bizkaia) hamalaugarren. Hogeita bost aurrenekoen artean sailkatu ziren beste hainbat euskal korrikalari ere, hala nola Beñat Ibañez (16), Oier Zubeldia (18), Aitor Zunzunegi (23), Jokin Amozarrain (24) eta Iñigo Macias (25).

Sailkapen guztiak, esteka honetan.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA