Irati Iglesias Sanz murgiarrak eta Ibai Ieltxu Rico Lozano gasteiztarrak eskuratu dute aurtengo Joxe Takolo beka, Singapurtik Euskal Herrira ekarriko dituen bizikleta bidaia egiteko. Kokorotos Bike Life izendatu dute proiektua. Gaur eman dute erabakiaren berri Azpeitiko Udalean eginiko ekitaldian. Joxe Urbieta Takolo mendizale azpeitiarrari eta haren izaerari bizirik eusteko asmoarekin ematen dute 4.000 euroko beka hori Azpeitiko Udalak eta Euskal Mendizale Federazioak.
Ion Oteiza Azpeitiko Udaleko Kirol batzordeburuak jakinarazi duenez, «abenturatik asko» du proiektuak. «Bizikleta eta mendia uztartzen ditu, eta tokian tokiko kulturari eta herritarrekin harremanak izateari garrantzi handia ematen dio». Alde horretatik, asmoaren «originaltasuna» goraipatu du Oteizak, eta epaimahaiak ere hori hartu duela aintzat azaldu du. Iglesiasek eta Ricok eskerrak eman dizkiete bekaren antolatzaileei, eta «sekulako bultzada» izango dela adierazi dute. Alde horretatik, kontuak xehe aurkeztu dituzte: bidaiak 23.000 euroko aurrekontua izango du, eta bekarekin puska handi bat kenduko dute.
Bi gazte arabarrek irailaren hasieran ekingo diote bidaiari Singarpurtik, eta etxera iristeko hamar hilabete inguru beharko dituztela aurreikusi dute, geldotasunari, arintasunari eta sinpletasunari gorazarre eginez, «bidaia egun bakoitzean eta pedalkada bakoitzean baitago», haien esanetan. Gaurko ekitaldian azaldu dutenez, duela lau urte inguru hasi ziren bizikletaz bidaiatzen, eta katigatu egin zituen bidaiatzeko modu horrek. Oraingoan, Zetaren Bideari jarraituz zeharkatuko dute Eurasia, eta, tartean-tartean, «mendi jarduera arinak» ere egingo dituzte.
«Bidaia egun bakoitzean dago, pedalkada bakoitzean eta puntu batetik bestera gertatzen den guztian»
IRATI IGLESIAS - IBAI IELTXU RICO Mendizaleak eta bidaiariak
Kirol ikuspegitik «erronka handia» izango dela adierazi dute, besteak beste Pamir mendigunea zeharkatu beharko dutelako, baina kirol erronkan baino gehiago «bidaiaren filosofian» egin nahi izan dute azpimarra. Adierazi dute ez dutela inongo errekorrik apurtuko, ez dela hori asmoa. Eurasiako bidaia honetan, «mantso» joan nahi dute, erritmoa moteldu nahi dute, «ingurura begiratu, entzun eta gertatzen dena ulertu ahal izateko». Azaldu dutenez, bidaia, haientzat, ez da leku jakin batetik abiatu eta jomuga jakin batera iristea. «Bidaia egun bakoitzean dago, pedalkada bakoitzean eta puntu batetik bestera gertatzen den guztian», nabarmendu dute proiektua aurkezteko txostenean.
Horretarako, bizikleta aukeratu dute bidelagun, pertsonengana eta lekuetara «modu soil eta zuzenean» hurbiltzeko modurik onena delakoan. «Bizikletak erraztu egiten ditu solasaldiak, piztu egiten du jakin-mina eta partekatzeko gogo hori. Kanpoan egondako bakoitzean etxean sentitu gara. Orain ere etxe nomada bat sortu nahi dugu», adierazi dute.
Ibai Ieltxu Rico mendizalea izan da txikitatik, eta mendiko gidaria ere bada. Pirinioetan, Alpeetan, Yosemiten, Eskozian edo Patagonian eskalatutakoa da. Ikerlaria ere bada, eta mundu osoko glaziarrak ikertzen aritu da, klima aldaketaren eragina agerian uzteko. Gaur egun, bi langintzatan aritzen da: EHUn irakasle eta mundu zabalean mendi gidari. Rico aurrez ere jasoa da Joxe Takolo beka; 2015ean hain zuzen, Evan Miles eta Eñaut Izagirre kideekin batera aurkeztutako Incógnita Patagonia 2015 proiektuarekin.
Irati Iglesias Sanz Haur eta Lehen Hezkuntzako irakaslea da, eta gaztetatik boluntariotza eta lankidetza proiektuetan aritu izan da, Perun, Senegalen eta Marokon, besteak beste. Gaur egun, Euskal Herrira iritsi berriak diren migratzaileei gizarteratzen laguntzen ari da lanean. Xirimiri Jolasa eta Natura elkarteko sortzailea ere bada.
Bidaian zeharrekoak aldian-aldian Instagram bidez zabalduko dituzte, eta amaitzean, ordu erdi inguruko dokumental bat egiteko asmoa dute, «bizi izandakoak barnetik kontatzeko, bidean zeharreko emozioak, ikaspenak eta topaketak guztiekin partekatzeko».