Duela 25 urte xume antzean sortutako Zegama-Aizkorri mendi maratoiak erakusten du trailaren mundua zenbateraino handitu den: 2002ko hartan, doi-doi 220 lagunek eman zuten izena Zegama-Aizkorrin ateratzeko, eta 2026ko ekitaldian, berriz, 11.500 lagun inguruk eman dute izena dortsalen zozketan parte hartzeko. Aparraldian da trailaren mundua.
Lasterketak eta korrikalariak ugaritu eta ugaritu ari dira —Euskal Herrian berrehun proba baino gehiago egiten dira urtean—, eta lasterketak ikustera ere gero eta jende gehiagok jotzen du mendira. Eta kirola hedatuz joan den hein berean, handituz joan da trailaren inguruko eztanda honek mendian eta ingurumenean sortzen duen inpaktuaren gaineko kezka ere: zaborrak, ibilgailuak mendian, biodibertsitaterako kalteak, zidorren higadura...
Ezinegon eta kezka horretatik abiatuta sortu dira, hein batean, lasterketen jardunbide egokiak bermatzeko hainbat ekologia zigilu eta ziurtagiri ere. Gogoeta eta kezka kolektibo horretatik sortu zen, duela hiru urte, Etiketa Berdea. Eta ezinegon beretik sortu dira Espainiako Mendi eta Eskalada Federazioaren (FEDME) Green Label CxM zigilua eta Kilian Jornet fundazioaren Green Trail Concept ziurtagiria ere.
Etiketa Berdea ekinaldiak hirurogei bat proba biltzen ditu gaur egun; Zegama-Aizkorri mendi maratoiak Kilian Jornet fundazioaren Green Trail Concept ziurtagiria lortu du; Gorbeia Suzienek FEDMEren Green Label CxM zigilua... Nahasmen puntu bat ere sor dezake hainbeste green, label eta etiketak. Zer alde dago batetik bestera? Zer baldintza bete behar dira horiek eskuratzeko? Berme nahikoa dira mendiko inpaktua txikitzeko?
«Beste zigilu horien auditoretzak nork ordaindu ditzake? Proba handiek, gehien kutsatzen dutenek. Lasterketa xumeek, mendian hainbeste inpaktu ez dutenek, ezin dituzte ordaindu»
GOTZON IDIRIN Etiketa Berdea ekinaldiaren ordezkaria
Etiketa Berdea ekinaldiaren sustatzaileetako batek, Gotzon Idirinek, «masifikazioa demasekoa» dela aitortu du, eta, proben antolaketari loturik, sakonean dagoen planteamendua azaleratu nahi izan du: «Batez ere arlo ekonomikoa edo lasterketek ekar dezaketen onura turistikoa hartzen dira aintzat. Zenbat eta lasterketa gehiago, orduan eta oihartzun handiagoa, orduan eta turismo gehiago... Hori da atzean dagoen logika. Mendia bera da kontuan hartzen den azken faktorea. Mendiak, ordea, ez dio onura ekonomikoari eta turismoari begiratzen. Ikuspegi ekonomikotik ona izan daitekeena agian ez da hain ona jasangarritasunaren aldetik».
Jose Antonio Blas FEDMEko mendiko lasterketen sekzioko arduradunak «premiazko» jo du gogoeta egitea eta «horrelako jarduerek naturan sortzen dituzten inpaktuei aurre hartzea». Blasek nabarmendu du probak antolatzeko ereduak, ez lukeela kirol ikuspegi soila hartu behar aintzat, baizik eta baita ingurumenaren zaintza ere, inpaktuen prebentzioa, zaborraren kudeaketa, ingurune naturaletan betidanik izan diren erabilerak eta balioak errespetatzea... «Asmo horrekin argitaratu genuen, duela urte batzuk, Mendiko Lasterketetarako Jardunbide Egokien Gida, eta 2021ean, gomendio soiletan geratu gabe, Green Label ziurtagiria sortu genuen».
FEDMEren ziurtagiri horren helburua probak «modu arduratsuagoan eta jasangarriagoan» antolatzea da. «Masifikazioa, hondakinak eta naturagune babestuen gaineko presioa arazo larri bihurtu aurretik, gure betebeharra da horri aurre hartzea. Azken batean, ingurune natural horiek ematen diete zentzua mendiko lasterketei, eta mendia babesteko gure gaitasunaren araberakoa ere izango da trailaren etorkizuna».
«Azken batean, ingurune natural horiek ematen diete zentzua mendiko lasterketei, eta mendia babesteko gure gaitasunaren araberakoa ere izango da trailaren etorkizuna»
JOSE ANTONIO BLASÂ FEDMEko mendiko lasterketen sekzioko arduraduna
Kilian Jornet fundazioa ere ingurumenaren aldeko lan horretan ari da. Fundazioko proiektuen koordinatzailea da Jaume Archiles, eta hura ere bat dator kezka horrekin. «Mendia jende askoren ihesbidea bihurtu da. Korrikalariak eta zaleak asko ugaritu dira, eta horietako asko hiritarrak dira, edo kirol ikuspegiari lotuagoak. Hori dela eta, garrantzitsua da mendia babesteko kontzientziatze lana egitea ere. Kezka horri erantzunez sortu dugu Green Trail Concept ziurtagiria, tresna horren bidez lasterketak modu jasangarriagoan egiteko».
Legea eta etika
Jasangarritasunari eta trailei loturik, legeak baimentzen duena eta etika bereizi nahi izan ditu Idirinek. «Adibidez, Gorbeialdean Hiru Handiak, Hiru Gurutzeak eta Gorbeia Suzien izaten dira hilabeteko tartean. Hilabete bakar batean, lasterkari eta ikusle, lasai asko igaro daitezke 5.000 edo 6.000 pertsona parke natural batetik. Legeak baimentzen du hori, baina gure gogoeta da ea etikoa den hilabetez leku kaltebera batetik horrenbeste jende igarotzea. Hor ez dago inolako inpakturik?».
Zegama-Aizkorri mendi maratoiak Kilian Jornet fundazioaren Green Trail Concept ziurtagiria lortu du oraintsu, eta Gorbeia Suzien probak, berriz, FEDMEren Green Label zigilua. Horretarako, fundazioaren auditoretza gainditu behar izan du Zegama-Aizkorrik, eta FEDMErena Gorbeia Suzienek.
Ramon Malkorrak, Zegama-Aizkorri maratoiko ingurumen arduradunak, nabarmendu du hasieratik izan dutela Aizkorri-Aratz mendigunea zaintzeko eta babesteko kezka, «are gehiago ikusita probaren inguruan gero eta jende gehiago pilatzen zela eta haietako askok ez zuela behar besteko zibismorik». Hori dela eta, 2011. urtean, ingurumenari erreparatzeko taldetxo bat osatu zuten, lasterketaren aurretik, egunean bertan eta proba bukatu orduko ibilbidea gainbegiratzeko, eta dena garbi geratzen zela egiaztatzeko. «Nire ustez, gauzak ondo egiten ari ginen, baina beharrezkoa genuen norbaitek hori berrestea eta esatea zertan egin behar genuen indar handiagoa. Horregatik jarri ginen harremanetan Kilian Jornet fundazioarekin».
Kilian Jornet fundazioaren Green Trail Concept ziurtagiriak hiru zutabe ditu: ingurumenaren zutabea, zutabe ekonomikoa eta zutabe soziala, eta, horiei loturik, 67 adierazle edo item. Prozesua abiatzeko, mendi lasterketen antolatzaileek, GTC plataforma digitalaren bidez, adierazle horietan oinarritutako galdeketa bati erantzun behar diote, eta, hala, autoebaluazio moduko bat eskuratzen dute, mapa osatu bat: jasangarritasunari dagokionez lasterketa zer puntutan dagoen, zertan hobetu behar duen, zer neurri hartu beharko lituzkeen eta abar.
«Plataforma irekia da denentzat, eta, noski, lasterketa txikiek ere balia dezakete; hau da, autoebaluazioa edonork egin dezake. Gero, antolatzaileekin aztertzen da auditoretza egitea, zer aurrekontu duten eta beste kontuan hartuta», azaldu du Archilesek. Izan ere, bai FEDMEren eta bai Kilian Jornet fundazioaren ziurtagiria lortzeko, auditoretza prozesu bat gainditu behar da, eta baldintzak betetzeaz gain, dezenteko aurrekontua jarri behar da horretarako.
«Zabor bilketan ondo ari ginela berretsi ziguten. Jendetzari dagokionez, asko hobetu dugu autobus zerbitzuarekin, eta aurreko astean ibilgailuei sarbidea moztuta presio askoz txikiagoa eragiten diogu mendiari»
RAMON MALKORRA Zegama-Aizkorri maratoiko ingurumen arduraduna
Zegama-Aizkorri mendi maratoiaren antolatzaileek erabaki zuten auditoretza prozesu horrekin aurrera egitea, eta, beraz, hainbat bilera egin zituzten Kilian Jornet fundazioko kideekin. Malkorrak jakinarazi du ingurumenaren zutabean «nota ona» atera zutela. «Mendian, zabor bilketan, ondo ari ginela berretsi ziguten. Lasterketaren inguruan biltzen den jendetzari dagokionez, asko hobetu dugu autobus zerbitzuarekin, eta lasterketaren aurreko astean parkerako sarbidea moztuta presio askoz txikiagoa eragiten diogu mendiari. Alderdi sozialean baditugu gauza batzuk hobetzeko: ezintasunak dituen jendea integratzeko neurriak hartzea, adibidez».
Zigilu bakoitzak baditu bere bereizgarriak. Etiketa Berdea ez da ekologia zigilu soil bat: ingurumenaren zaintzaz gain, alderdi etikoa ere oso garrantzitsua da. «Etiketa Berdeak ez dio jasangarritasunari soilik erreparatzen, integralagoa da: elkarbizitza, berdintasuna... Beste puntu batzuk ere oso inportanteak dira guretzat», nabarmendu du Idirinek. Kilian Jornet fundazioaren Green Trail Concept ziurtagiriak arestian aipatutako hiru zutabeak ditu, eta FEDMErenak, berriz, ingurumen adierazle zorrotzagoak. Zegama-Aizkorri mendi maratoiak, adibidez, ezingo lituzke Etiketa Berdearen eta FEDMEren baldintzak bete: «Parke naturaletan jende pilaketa handirik ez izatea da baldintzetako bat, eta guk ezin dugu hori bete: jendea etorri egiten da ikustera, eta kontrolaezina da hori. Horregatik hobetsi genuen Kilian Jornet fundazioaren ziurtagiriaren prozesua abiatzea», jakinarazi du Malkorrak.
Zuriketa berdea xede?
Etiketa Berdearen oinarria «konpromiso bat da», Idirinen hitzetan. «Konpromiso hori onartu dugun proba guztiok sinesten dugu honetan, eta ikusi izan dugunean lasterketa batek praxi okerren bat izan duela, ohartarazi egiten diogu, eta probaren bat zigilutik kanpo ere utzi dugu. Gurean, Etiketa Berdean gauden antolatzaile, korrikalari eta komunitateko kide guztiak gara auditore. Izan ere, beste zigilu horien auditoretzak nork ordaindu ditzake? Proba handiek, tamalez gehien kutsatzen dutenek. Lasterketa xumeek, mendian hainbeste inpaktu ez dutenek, ezin dituzte ordaindu auditoretza eta zigilu horiek», Idirinen iritziz.
Sakoneko helburuan, bat datoz eko ziurtagiri hauek guztiak: mendia trailaren goraldiak sortutako inpaktuetatik babestea da helburua. Idirinek, baina, «zuriketa berde apur bat ere» sumatzen du ziurtagirion atzean. «Azken batean, ideia hau tartean dagoela iruditzen zait: ‘bai, guk inpaktu bat sortzen dugu mendian, baina ziurtagiri hau daukagunez, gure bekatuak barkatuak izango dira’. Edonola ere, izan zurikeriagatik, izan konbentzimenduagatik, jasangarritasunaren bidean egindako ahalegin oro ona da. Berdin da fundazio batek, federazio batek edo lasterkari talde batek bultzatua den: bide horretan egindako gogoeta eta aurrerapauso oro ona izango da».
«Erreferentziazko marko bakar bat izatea litzateke egokiena. Denek ziurtagiri bakar horren baldintzak beteko balituzte, horrek berak murriztu egingo luke zuriketa»
JAUME ARCHILESÂ Kilian Jornet fundazioko proiektuen koordinatzailea
Ziurtagirion bidez halako zuriketarik egon ote daitekeen galdetuta, Blasek adierazi du ulertzen duela jendeak pertzepzio hori izatea, areago green, eko eta halako izendapenak maiztu samar dauden honetan. «Alabaina, Green Label zigiluaren helburua ez da jarduera justifikatzea edo proben irudi publikoa zuritzea, ingurumenaren aldeko irizpide eta konpromiso zehatzak eta egiaztagarriak ezartzea baizik. Sinesgarritasuna ez da lortzen izen edo zigilu baten bitartez, egindako lanaren bitartez baizik. Kontua ez da jasangarriagoak izateko itxurak egitea, egiaz hala izateko lan egitea baizik». Kilian Jornet fundazioaren izenean, Archilesek adierazi du horretarako dagoela auditoretza, balioak eta batez ere marra gorriak betetzen direla egiaztatzeko: «Kirol probek nahitaez bete behar dituzte puntu batzuk; adibidez, gehiegikerien aurkako protokoloa. Ez balute beteko, ukatu egingo litzaieke ziurtagiria. Marra gorri horiek garrantzitsuak dira zuriketa berderik izan ez dadin».
Ekologia ziurtagirien ugaritasuna dela eta, Jose Antonio Blasek aitortu du arriskua dagoela horrek «nahasmena» sortzeko antolatzaile, administrazio eta partaideen artean. «Egokia litzateke irizpideak koordinatzeko eta betearazteko bidean aurrera egitea. Aldi berean, ordea, uste dut ziurtagiri bakoitzak errealitate eta helburu jakin batzuei erantzun diezaiokeela». Kilian Jornet fundazioko Archilesen iritziz, epe luzera begira ziurtagiri bakarra izatea litzateke «egokiena», lasterketa guztiek erreferentziazko marko bakar bat izatea, alegia. «Denek ziurtagiri bakar horren baldintzak beteko balituzte, horrek berak murriztu egingo luke zuriketa. Hala ere, oraingoz zaila ikusten dut. Dena den, zigilu bat baino gehiago egon arren, garrantzitsuena da egiazko egiaztapenak egitea». Gotzon Idirinek ere «gaitz» ikusten du bateratze hori, «lasterketen izaera, helburuak eta ezaugarriak desberdinak baitira, baina ziurtagiri horietan zehaztutako baldintzak betetzen saiatze hutsagatik aurrerapausoren bat egiten bada bide zuzenean, berri ona izango da».