Udane Mujika Espainiako Kopako txapeldun izan da blokeko modalitatean ere

Potesen izan da azken proba, asteburuan, eta elduaindarra gailendu da lehen aldiz. Guztira zortzi euskal eskalatzaile sartu dira finaletan. Irati Zabala hautatzaileak «txapelketa txukuna» egin dutela nabarmendu du.

Udane Mujika eskalatzailea Potesen (Kantabria) Blokeko Espainiako Kopako hirugarren proban
Udane Mujika podiumeko koska gorenean, Potesen. JAVI PEC
ramon olasagasti
2025eko urriaren 27a
15:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

Blokeko modalitateko Espainiako Kopako hirugarren eta azken proba jokatu da asteburuan Potesen (Kantabria, Espainia), eta oraingoan ohi baino euskal eskalatzaile gehiago lehiatu dira, gertutasun geografikoa dela eta. Emaitzei erreparatuta, nabarmentzekoa izan da Udane Mujikak (Elduain, Gipuzkoa, 2009) 17 urtez beherakoetan lortutako garaipena: Poteseko proban eta Kopako sailkapen nagusian, bietan izan da irabazle Mujika. Aurreko asteburuan zailtasuneko modalitatean gailendu zen, eta, beraz, denboraldi bete-betekoa izan da berea.

Kopako lehen bi probetan, Madrilen eta Malagan, bigarren izan zen Mujika, eta Potesko honetan podiumaren koska gorenera igo da. Finaleko blokeetan, gainera, lehiakideak baino nabarmen hobeto aritu da elduaindarra, lau bloketatik hirutan heldu baita gorenera. Aurten, finaletan «lasaiago eta gozatzen» ari dela azaldu du Mujikak, eta Poteserako ere itxaropen handia agertu zuen aurreko astean eginiko elkarrizketan: «Lan asko egin dut, asko prestatu naiz honetarako, eta oraingoz lasai nago. Ez badut neure burua gehiegi estutzen eta orain arte bezala emaitzak alde batera utzita lehiatzen banaiz, baliteke gauzak ondo ateratzea». Halaxe izan da.

Irati Zabala euskal selekzioko hautatzaileak (Oiartzun, Gipuzkoa, 1999) nabarmendu du Mujikak beti eduki duela «proiekzio handia», eta aurten «salto handia» eman duela. «Eskaladan, erabaki asko bat-batean hartu behar dira, eta erabaki horiek garrantzi handia dute, eta Udanek azken boladan asko landu du alderdi psikologiko hori, eta nabarmen egin du gora emaitzetan».

Udane Mujika eskalatzailea
Udane Mujika, finaleko blokeetako batean. Lautik hiru gainditu zituen. JAVI PEC 

Kopako hiru probak «orokorrean ongi» joan direla eta «txapelketa txukuna» egin dutela azpimarratu du Irati Zabalak. «Madrileko lehen proban, zazpi euskal eskalatzaile lehiatu ziren finaletan, eta abiadurako proban ere ordezkari bat izan genuen, Emma Hernandez, eta bigarren izan zen, gainera. Malagakoan ordezkaritza txikiagoa izan genuen, baina hala ere bost eskalatzaile sartu ziren finaletan. Potesen, azkenik, parte hartzea askoz handiagoa izan da, eta selekziotik zortzi finalista izan ditugu oraingo honetan, inoiz baino gehiago».

Euskal selekzioko kideak oraindik ere «oso gazteak» direla azaldu du Zabalak, eta beren adineko lehietan oso maila ona erakutsi dutela nabarmendu du. «Aurrera begira, harrobi polita daukagula uste dut».

15 urtez azpikoetan, Sofia Hernandez (Bilbo, 2011) hirugarren izan da Potesen, eta sailkapen nagusian, berriz, bigarren. Emma ahizpa bikia ere finalerako sailkatu da azken proban, eta zazpigarren izan da; sailkapen nagusian, berriz, bederatzigarren. 15 urtez azpiko maila horretan, mutiletan, Iraultza Azkue zazpigarren izan da.

Asier Antunez eskalatzailea
Asier Antunez finaleko blokeetako batean. JAVI PEC

Asier Antunez (Gasteiz, 2007) lehen aldiz aritu da aurten maila nagusian, eta hiru probetatik bitan finaleko zortzikotean sartu da, gainera: Madrilgo aurrenekoan zazpigarren izan zen, eta Potesen zortzigarren sailkatu da. Beraz, bi emaitza horiek aintzat hartuta, Espainiako Kopako sailkapen nagusian seigarren izan da Antunez. Irati Zabala hautatzailearen arabera, «oso emaitza onak dira, kontuan hartu behar baita nagusietan maila ikaragarria dagoela eta Asierrek lehen aldia zuela nagusietan lehiatzen».

Maila nagusi horretan, Hugo Martin eta Julia Benach izan dira txapeldun. Emakumezkoetan, Maria Feo nafarra izan da lehen euskal ordezkaria; Potesen bederatzigarren izan da, eta sailkapen nagusian, hamargarren.

19 urtez azpikoetan, Libe Castillo laugarren izan da Potesen, eta Maddi Agirre, zazpigarren. Kopako sailkapen nagusian, berriz, Agirre bosgarren izan da, eta Castillo, zazpigarren. Mutiletan, 19 urtez beherako maila horretan, ez da euskal ordezkaririk izan finaletan. Gari Markuerkiaga hamabigarren izan da, eta Haritz Urkiola, hamahirugarren.

17 urtez azpikoetan, Udane Mujikaren lehen postuaz gain, Elene Otermin seigarren izan da bai Potesen eta bai Kopako sailkapen orokorrean. Udane Mujika baino urtebete gazteagoa da Otermin, eta, Irati Zabalaren esanetan, «proiekzio handiko eskalatzailea da bera ere».

Eskaladako euskal selekzioa
Eskaladako euskal selekzioko kideak, Malagan, blokeko modalitateko Espainiako Kopako bigarren proban. EMF 

Neskak eta mutilak kontuan hartuta, euskal selekzioa bosgarren izan da boulder modalitateko Espainiako Kopan, eta emakumezkoen sailkapenean, berriz, hirugarren.

Emaitza guztiak FEDMEren webguneko esteka honetan ikus daitezke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.