Mikel Linazisoro eta Udane Mujika «oso gustura» Espainiako Kopan lortutako garaipenarekin

Vilanova i la Geltrun, jokatutako azken proban, garaile izan zen bergararra, eta bigarren elduaindarra. Hiru probetako emaitzak batuta, Kopako txapeldun izan dira biak. Bi eskalatzaileek eta Irati Zabala hautatzaileak diote «oso gustura» daudela.

Mikel Linazisoro kirol eskaladako Espainiako Kopako hirugarren proban
Mikel Linazisoro Vilanova i la Geltruko probako finalean. @INDOORWALLGYMS
ramon olasagasti
2025eko urriaren 23a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bukatu da kirol eskaladako Espainiako Kopa zailtasuneko edo sokako modalitatean. Aurreko asteburuan egin zuten hirugarren eta azken proba, Vilanova i la Geltruko (Katalunia) Indoorwall Climbing rokodromoan, eta hainbat euskal eskalatzailek jokatu zuten. Jokatu eta irabazi. Gizonezkoetan, maila nagusian, Mikel Linazisorok (Bergara, Gipuzkoa, 2000) irabazi zuen azken proba, eta hura izan da Kopako txapeldun. 17 urtez beherakoetan, berriz, Udane Mujika (Elduain, Gipuzkoa, 2009) gailendu da Kopako sailkapen nagusian, hiru probetan oso erregular aritu ondoren. Taldeka, berriz, EAEko selekzioa bigarren izan da, Kataluniakoaren atzetik. Nafarroako selekzioa, berriz, hamabigarren izan da.

Iaz, Medikuntzako karrera bukatu ondoren, Linazisorok erabaki zuen pare bat urte bete-betean eskaladari eskaintzea, eta hala, 2024ko udazkenetik Bartzelonan ari da entrenatzen, Sant Cugat del Valleseko goi errendimenduko zentroan, Alberto Gines Munduko Kopako txapeldunarekin, beste lauzpabost lagunekin eta David Macia entrenatzailearekin batera. Bartzelonan urtebete egin duen honetan, hobekuntza «nabarmena» nabaritu duela dio. «Indartsu nabari dut neure burua. Iaz ere hilabete oso onak izan nituen, arrokan gauza politak egin, eta orain ere sasoiz oso ondo nabari dut neure burua».

«Finaleko bidea zaila zen, intentsitate handikoa hasieratik, eta nahiko ondo analizatu nuen. Uste dut egin behar ziren moduan egin nituela mugimendu guztiak»

MIKEL LINAZISORO Eskalatzailea

Linazisororentzat, denboraldi hasierako helburuetako bat zen Espainiako Kopa. «Aurten, blokea laga, eta sokan zentratu naiz, nire diziplinan, eta, beraz, erabaki genuen Kopako hiru probak egitea. Gainera, hurrengo urtean Espainiako selekzioan jarraitzeko eta nazioarteko lehiaketetara joan ahal izateko irizpideetako bat ere bazen». Lehen proban, Sant Marti de Tousen (Katalunia), bigarren izan zen Linazisoro, Alberto Ginesen atzetik. Espainiako Txapelketa ere izan zen proba hura, eta bergararrarentzat «garaipen moduko bat» izan zen han bigarren izatea. «Txapelketa bikaina izan zen, eta azken urteetan Espainiako Txapelketa batean egondako mailarik handiena egon zen. Alberto bakarrik ez, Gille [Peinado] ere han zen, eta biak ere goi-goi mailan daude, eta haiekin lehiatzea, Albertorengadik geroz eta gertuago nagoela sumatzea, seinale oso ona izan zen».

Bai bigarren proba —Getafen jokatu zuten— eta bai hirugarrena, Vilanova i la Geltrukoa, «rokodromo eskasagoetan» jokatu dira, Linazisororen hitzetan, «horma motzagoetan, bloke kutsu handiagoko bideetan...», eta adierazi du horiek ez dituela hain gogoko. Getafeko proban, bigarren izan zen, baina ez zuen oso pozik bukatu. «Alberto eta Gille falta ziren, eta irabaztea zen helburua, baina gainerako lehiakideak ere ez dira makalak: asko profesionalizatu da kirol hau, jendea asko entrenatzen da, eta ez da erraza garaipena lortzea». Getafeko hartan, Manuel Pastor 18 urteko valentziar gaztea nagusitu zen.

Vilanova i la Geltrun, Manuel Pastor oso indartsu aritu zen berriro ere sailkapenetan, eta Linazisoro, aldiz, labaindu egin zen bideetako batean. Finalean, ordea, bestela gertatu ziren gauzak. Azken saioan, Raul Escribano, valentziarra hura ere, bikain aritu zen, eta kateraino ez, baina oso gora iritsi zen. Javi Cano extremadurarra sei helduleku beherago erori zen. Linazisoro, berriz, bete-betean aritu zen. «Finaleko bidea nahiko zaila zen, intetsitate handikoa hasieratik, eta nahiko ondo analizatu nuen. Uste dut egin behar ziren moduan egin nituela mugimendu guztiak, indarra alferrik xahutu gabe, eta ondo iritsi nintzen gora». Bigarrenari eta hirugarrenari mugimendu dezenteren aldea atera zien Linazisorok, eta «oso pozik» bukatu zuen. «Modu ona izan zen Espainia mailako probak bukatzeko».

Hurrengo asteburuan izango du denboraldiko azken lehiaketa Linazisorok: urriaren 31n eta azaroaren 1ean, Europako Kopako probak jokatuko ditu Tolosan (Okzitania). «Hortik aurrera, arrokara aterako gara bete-betean. Sasoiko gaudela aprobetxatuz, saiatuko gara gauza politak egiten. Negu osoa dugu aurrean».

Emakumezkoen maila nagusian, Julia Benach kataluniarra izan zen irabazle hirugarren proban, nabarmen gainera, eta Kopako sailkapen orokorrean ere hura izan da azken irabazlea. Vilanova i la Geltrun, hiru euskal eskalatzaile sailkatu ziren finalerako: Ainhoa Uskola bosgarren izan zen, Irati Zabala seigarren eta Maria Feo zortzigarren.

Udane Mujika Espainiako Kopako txapelduna
Udane Mujika lehena izan da Espainiako Kopako sailkapen nagusian. @INDOORWALLGYMS

Mujika: «Alderik handiena buruan sumatu dut»

Gazteen artean, Udane Mujika (Elduain, Gipuzkoa, 2009) ere txapeldun izan da Espainiako Kopako sailkapen nagusian, hamazazpi urtez beherakoetan. Oso erregular aritu da hiru probetan: laugarren izan zen Sant Marti de Tousen, eta bigarren Getafen eta Vilanova i la Geltrun. «Denboraldiko helburuetako bat zen Kopan ondo aritzea, baina ez nuen irabazterik espero», onartu du. Sant Marti de Touseko lehen probara «espektatiba handirik gabe» joan zen Mujika, «lasai», orduan blokeko Europako Kopan lehiatzen ari baitzen bete-betean. «Baina oso ondo atera zen: presiorik gabe eskalatu, eta laugarren izan nintzen, ezustean».

Udane Mujika eskalatzailea
Udane Mujika azken probako finalean. @INDOORWALGYMS

Lehen emaitza on horren ondoren, Getafera «prestatuago» joan zen, eta bigarren izan zen han. «Urduriago nengoen, baina lortu nuen nerbioak ondo bideratzea. Uste dut iaztik hona lortu dudala emaitzei hainbeste begiratu gabe nerbioak kentzea. Alde handia sumatu dut horretan». Eta Vilanova i la Geltrun ere «oso gustura» amaitu du, proban bigarren izateagatik, baina batez ere sentipen onak izateagatik. «Finalean ez nengoen urduri. Iazko finalekin alderatuta, diferentzia handiena horretan sumatu dut: buruan. Aldaketa hor egon da: lehiaketak beste modu batera hartzen ari naiz aurten, lasaiago; gehiago gozatzen ari naiz, eta entrenamenduetan egiten dudan lan guztia lehiaketetan ere azaleratzen da. Oso pozik nago horrekin».

Zailtasuneko txapelketak bukatuta, blokeko Espainiako Kopako hirugarren eta azkeneko proban lehiatuko da Mujika asteburu honetan, Potesen (Kantabria, Espainia), eta egokiera oso onean da blokeko modalitatean ere Kopako azken garaipena eskuratzeko. Lehen bi probetan bigarren izan ondoren, hura dago sailkapen nagusiaren buruan, eta «gogotsu» dago azken probarako. «Lan asko egin dut, asko prestatu naiz honetarako, eta oraingoz lasai nago. Ez badut neure burua gehiegi estutzen eta orain arte bezala emaitzak alde batera utzita lehiatzen banaiz, baliteke gauzak ondo ateratzea, nire ustez».

EAEko selekzioa bigarren

Taldeka, Vilanova i la Geltruko emaitza onei esker, Euskaldiko Selekzioa bigarren izan da Espainiako Kopan. Irati Zabala EAEko selekzioko hautatzailea (Oiartzun, Gipuzkoa, 1999) pozik da lortutakoarekin. «Lehen proba maiatzaren bukaeran izan zen eta aurreneko hori beti izaten da norberaren burua neurtzeko, nola dauden beste selekzioetako kideekin alderatuta, eta nahiko ondo joan zen». Etenaldia etorri zen gero, eta orain, udazkeneko hilabeteotan, boulderreko eta sokako probak bata bestearen atzetik egokitu zaizkiela azaldu du Zabalak, eta bietan lehiatzen direnentzat biak bateratzea ez dela erraza izan gaineratu du, «boulderrean bat-bateko indarra eta zailtasunean erresistentzia lantzen direlako».

«Iazko finalekin alderatuta diferentzia handiena buruan sumatu dut. Aldaketa hor egon da: lehiaketak beste modu batera, lasaiago, hartzen ari naiz aurten»

UDANE MUJIKA Eskalatzailea

Getafen, EAEko selekzioko eskalatzaileentzat emaitzak ez ziren on-onak izan, baina Vilanovakoa, aldiz, urte osoan egin duten «proba onena» izan dela nabarmendu du Zabalak. «Selekzioko kide asko sartu ziren finaletan, hamabi guztira. Nabarmentzekoa da hori, eta postuak ere onak izan ziren. Kopan txapeldun izan ziren Mikel eta Udane. Azken proban, bigarren geratu ziren Elur [Arteaga] eta Sofia [Hernandez]... Emaitza on horiei esker bigarren izan gara selekzioen sailkapenean, eta pozik gaude».

Euskadiko eta Nafarroako eskalada selekzioko kideak
EAEko eta Nafarroako eskalada selekzioetako kideak eta hautatzaileak Vilanovan. REBECA CARDENAS

Vilanoba i la Geltruko emaitzak mailaz maila aletzen hasita, 19 urtetik beherakoetan, Elur Arteaga bikain aritu zen, eta bigarren izan zen finalean. Eskalatzaile tolosarra, ordea, ez zen lehiatu Sant Marti de Touseko (Katalunia) lehen proban, eta, horren ondorioz, Kopako sailkapen orokorrean bederatzigarren izan da. Maila horretan bertan, Maddi Agirre seigarren izan zen azken proban, eta sailkapen nagusian laugarren izan da azkenean.

Maila horretan baina mutiletan, azken proban ez zen euskal eskalatzailerik sailkatu finalerako. Haritz Urkiola ibili zen gertuen; hamabigarren izan zen azkenean. Kopako sailkapen nagusian, hamaikagarren izan da Urkiola.

«Vilanovan, selekzioko kide asko sartu dira finaletan, hamabi guztira. Nabarmentzekoa da hori, eta postuak ere onak izan dira»

IRATI ZABALA EAEko Selekzioko hautatzailea eta eskalatzailea

17 urtez azpikoetan, Mujikaz gain, Ines Allende eta Elene Otermin ere sailkatu ziren Vilanova i la Geltruko finalerako. Allende bosgarren izan zen, eta Otermin seigarren. Kopako sailkapen orokorrean, berriz, Otermin seigarren izan da, eta Allende zazpigarren. Mutiletan, bestalde, ez zen euskal eskalatzailerik sailkatu finalerako.

15 urtetik beherakoetan, azkenik, nesketan, Sofia Hernandez bigarren izan zen finalean, eskura izan zuen garaipena, eta Kopan seigarren geratu da. Mutiletan, berriz, hiru euskal eskalatzaile sailkatu ziren Vilanova i la Geltruko finalerako: Lur Guenetxea laugarren izan zen, Markel Korta seigarren eta Iraultza Azkue zortzigarren. Kopako sailkapen nagusian, Lur Guenetxea podiumeko hirugarren koskan geratu da azkenean, eta Markel Korta seigarren izan da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.