Urubkok utzi egin du K2 igotzeko poloniarren espedizioa

Denis Urubko. J. RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
2018ko otsailaren 27a
00:00
Entzun
Denis Urubko bueltatu egin da K2ko beheko kanpalekura. K2ko neguko lehen igoera egiten saiatu da asteburuan, bakarrik eta Poloniako espedizioaren arduradunari, Christoph Wielickiri, aurre eginez. Ez du lortu —7.500 metrotik gora iritsi da—, eta, beheko kanpalekura bueltatuta, espedizioa uztea erabaki du.

Espedizio poloniarraren bertsioa soilik dago oraingoz: «Denis Urubkok, neguko denboraldiaren amaierari buruz daukan iritziari jarraituz, K2ko neguko espedizioa uztea erabaki du. Espedizioko kideek onartu egin dute erabakia. Ez zuten aukera gehiagorik ikusten Denisekin elkarlanean aritzeko, gailurra lortzeko egin duen saiakeraren ondoren».

Urubkok espedizioa utzi ez balu, ziurrenik Wielickik berak botako zukeen, Desnivel aldizkariari atzo jakinarazi zionez: «Hainbeste arau hautsi ditu...». Hala ere, ez zegoen haserre Urubkorekin: «Berak bazekien zer egiten ari zen. Ez da haur bat».

Urubkok uste du otsailaren amaieran bukatzen dela neguko denboraldia, eta hilabetea amaitu aurretik saiatu zen gailurrera igotzen. Bakarrik igo zen, espedizioko arduradunei jakinarazi gabe eta irratirik gabe. Eguraldi txarrak, haizeak batez ere, atzera eginarazi zion. Poloniarren espedizioa martxoan saiatuko da, eguraldia hobetzen bada.

Eskarmentu handiko alpinista da Urubko. Oxigeno artifizialik gabe igo ditu hamalau zortzimilakoak —horietatik hiru, bide berriak zabalduta—, eta neguko lehen igoerak lortu zituen Makalun eta Gasherbrum IIn.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.