Sarah Ugartek (Donostia, 1986) bere bosgarren erronka pertsonal handia biribildu du asteburu honetan. Gipuzkoako zazpi eskualdeetako tontorrik esanguratsuenak oinez igotzea eta haien arteko lotura bizikletan egitea zuen asmoa, eta lortu du ametsa egi bihurtzea. Guztira, 260 kilometrotik gora egin ditu bizikletaz errepidean, eta 51 kilometro baino gehiago mendiko bideetan, 4.200 metroko desnibel positiboarekin.
Dortsalak janzteaz gain, bere buruaren aurka aritzea ere maite du Ugartek, eta azken urteetan hainbat erronka osatu ditu. Lagunak izaten ditu inguruan halakoetan, eta oraingoan ere hainbat bildu ditu. Maitatua da lagun artean. Erronka Tolosatik (Gipuzkoa) abiatu zuen ostiralean, 10:06an, Tolosan bizi baita azken urteotan. Etxe azpian zain zituen ordurako lagunak. Elkartu zirenen artean zen, besteak beste, Laboral Kutxa txirrindulari taldeak fitxatu berri duen Maite Urteaga zumaiarra. Hark oparitutako elastikoa soinean erabili zuen Ugartek erronkan, eta haren laguntza izan zuen Larraitzerako bidean lehen hamasei kilometroak egiteko. «Txapela kentzeko modukoa da Ugartek egiten duena. Betidanik jarraitu dut haren ibilbidea, eta ilusio berezia egin dit nire aletxoa erronka honetan uzteak. Asko miresten dut», adierazi zuen Maite Urteagak saioa amaitutakoan. Erritmo onean egin zituzten lehen kilometroak, eta gogotsu iritsi zen Tolosaldeko tontorrik garai eta teknikoenetako bati aurre egiteko.
«Oso maitatua sentitu naiz ordu hauetan guztietan. Jende asko izan dut alboan, eta sinetsi ezinda nabil oraindik»
SARAH UGARTE Mendi korrikalaria
Txindoki (1.346 metro) izan zen lehen geltokia, Tolosaldeko ikurra. Eguraldia lagun, lehen gailurrerako ahaleginean, Tolosako lagun bat izan zuen alboan: Yashira Navas mendi korrikalaria. Eskarmentua eta esfortzua zer den ondo daki Navasek, eta haren laguntzarekin iritsi zen eguneko lehen gailurrera, eguerdiko hamabiak eta laurden pasatxoan.
Gailurretik behera, bigarren trantsizioa iritsi zen. Korrikako oinetakoak erantzi eta errepideko bizikleta hartuta, Goierri aldera jo zuen. Arratsaldeko lehen orduan iritsi zen Zegamara, erronkako biderik luzeena egitera. Nekearen lehen ziztadak agertzearekin batera, Aizkorri (1.528 metro) alderako bidea hartu zuen. Gipuzkoako mendi esanguratsuenetakoa da Aizkorri, eta haren malkarretan gora egitea beti da gogorra, are gehiago nekea pilatzen hasten denean. «Aizkorriko itzulia oso gogorra egiten da. Hogei kilometro eta 1.300 metroko desnibelari egin behar zaio aurre. Mendiko zatirik gogorrena izan zen Aizkorrikoa», aitortu zuen Ugartek. Halere, mendi lasterketetako euskal selekzioko korrikalari ohia den Laiane Arrospide bezalako bidelagunen babesak indarrak berritu zizkion gailurrera bidean. Aizkorriko maldetan ez ezik Udalaitzeko eta Adarrako azken igoeretan ere, Ugarteren ondoan izan zen Arrospide. Ez zuen lehen aldia: «Aurreko urteetako ohiturari jarraituz, aurten ere prest nengoela esan nion. Aizkorriko igoerarako eman nuen izena hasieran. Ondoren, Udalaitzen eta Adarran ere berarekin joan nintzen. Udalaitzeko gaua ikusgarria izan zen! Adarrako azken igoera izugarria izan da hainbeste jenderekin. Izugarrizko meritua du egin duenak», nabarmendu du Arrospidek.

Hirugarren geltokia Debagoiena eskualdean zegoen: Udalatx (1.117 metro). Arrasateko eta Elorrioko mugan dagoen gailur harritsuak proban jarri zituen korrikalariaren hankak. Ordurako, bizikletaren gainean egindako kilometroak pilatzen ari ziren. Halere, gauerdia iristerako heldu zen Udalatxeko gailurrera: 23:08an zapaldu zuen punta donostiarrak.
Gauaren bakardadean
Handik Debabarrenera jo zuen Ugartek. Urko mendia (792 metro) zen laugarren jomuga, Eibar eta Ermua arteko mugan. Altueraz baxuagoa izan arren, metatutako nekeak aldapak gogortu zituen. Igoerari aurre egiteko, Jon Ander Iparragirre eta Ainara Balerdi mendi korrikalariak izan zituen bidelagun. Gauaren edertasunaz gozatuz jarri zituen oinak gailurrean hirukoteak. Goizeko hiruak eta laurdenean argazkia ateratzearekin batera, kostalderantz begira jarri ziren, Urola Kostako gailurraren bila. Ordurako hainbat trantsizio eginak zituen Ugartek, eta giharren zama sumatzen hasia zen. «Trantsizioak izan dira erronkako gauzarik gogorrena. Aukeran, gehiegi dira. Oso gogorra egiten da, gehienbat muskularki».
Zain zuen Erlo (1.026 metro), erronkako bosgarren tontorra. Haren oinarrira iristeko, David Aranburu lagun txirrindularia bildu zitzaion. Eguneko lehen argi izpiekin batera iritsi zen gailurrera, erlojuak 07:35 markatzen zituenean. Ordurako osatuta zituen bizikletan 120 kilometro (+3.200 metro), eta mendian oinez eta korrika beste 45 kilometro (+3.300 metro). Erlo atzean utzita, Bidasoaldera jo zuen bizikletaz. Erronkako saiorik luzeena geratzen zitzaion bi gurpilen gainean: 92 kilometro jarraian, Zarautz, Orio, Donostia eta Lezo zeharkatuta. Haiek ere lagunen babesean egin zituen.

Azken-aurreko ahalegina Jaizkibelen (545 metro) etorri zen, itsasoaren parean. Donostialdeko eta Bidasoko mugak zaintzen dituen mendi luzeak indarra eta kemena eskatzen zizkion Ugarteri, baina erritmo ederrean osatu zuen igoera bizikletaz, eta 13:18an zapaldu zuen gailurra oinetakoak jantzi ondoren. Jaizkibeletik jaitsi eta azken trantsiziori heldu zion. Eguneko unerik kritikoenetako bat pasatu zuen handik gutxira: «Gogorra egin zait Lezotik Urnietarako bidea. Oso erritmo bizian joan gara, eta zaila egiten zitzaidan hainbeste orduren ostean erritmoari eustea».
Azken txanpan, nekatuta eta hunkituta
Zazpigarren eta azken tontorra Adarra izan zen (819 metro). Donostialdeko mendizaleen babesleku honetara iristea emozioz beteriko unea izan zen. Hainbat lagun zain zituen azken igoerari ekin aurretik; besteak beste, trialean hainbeste lorpen eskuratu dituen Irene Caminos tolosarra. Emozioak gainezka bizi izan zituen une horiek. 15:34 zirenean ekin zion erronkako azken igoerari. Indar gutxirekin, baina borondate ahaltsuarekin eta lagunez inguratuta, Sarah Ugartek azken metroak osatu eta azken gailurra zapaldu zuen. Handik aurrera, sufrimendua eta gozatua uztartuz joan zen Tolosaraino. Erlojuak 18:30 zituenean eman zion amaiera erronkari.

Guztira, 32 ordu eta 24 minutu behar izan zituen bizikleta gaineko 262 kilometroak (+4.700 metro) eta korrikako 51ak (+4.320 metro) osatzeko. Gipuzkoako zazpi eskualdeak eta bakoitzeko mendi esanguratsuenak lotzeko. «Oso maitatua sentitu naiz ordu hauetan guztietan. Jende asko izan dut alboan, eta sinetsi ezinda nabil oraindik. Asko hunkitu nintzen, esaterako, Besabin eta helmugan. Dena bikain atera da, ez nuke ezer aldatuko», adierazi zuen Ugartek Tolosara iritsi bezain laster.
Lagunei eskerrak ematen hasita, ez zuen inor ahaztu nahi izan. Nekea pilatuta zegoen arren, erronka osoan zehar ondoan izan zituenen zerrenda amaigabea ahotan hartu zuen: «Horrelako erronka bat ondo ateratzeko ezinbestekoa da lantalde bat izatea. Ezin ditut ahaztu ia bi egun osoz ondoan izan ditudanak. Ez nuke inor ahaztu nahi! Mila esker denagatik Maite Urteaga, Naia Arregi, Naya Mangas, Mikel Labayen, Nagore Arizaga, Eneritz Gonzalez, Yashira Navas, Aitor Garayar, Amaia Rodriguez, Laiane Arrospide, Maria Peralta, Maialen Lopez, Ander eta Masha Sistiaga anai-arrebak, Asier Ayerza, Libe Lafuente, Iñaki Heras, Iulene Miguel, Olatz Etxebeste, Amaia Larrarte, Ana Rodriguez, Aritz Mujika, Irene Caminos, Leyre Seara, Maider Zabalegi, Veronica Gonzalez, Saioa Mugerza, Jon Ander Iparragirre, David Aranburu, Ainara Balerdi, Emilia Ugarte, Aitziber Lizarralde, Garazi Abasolo, Aitor Elduaien eta Mikel Bereau».
Zazpi eskualdeetako tontorrak oinez eta bizikletaz lotzea lortu du, dozenaka lagunekin batera erresistentziaren eta borondatearen erakustaldi historikoa emanda. Orain, ehunka bizipen horiek gogoratzea besterik ez zaio geratzen Ugarteri, hurrengo erronka hauspotzen hasteko.