Euskal Herrian granitoan eskalatzeko ditugun aukera gutxien artean, Kopako Harria dugu, Nafarroan. Endara haranak Aiako Harritik bereizten du mendigune harritsu hori. Granitozko paradisu txiki honetan maila eta mota askotako eskaladako bideak ditugu aukeran, eta, Kopako Hirukotea izenez ezagunak diren Xabier Galdos, Asier Intziarte eta Aitzol Isasaren lan eskergari esker, kirol eskaladan pixkanaka izena hartzen ari den eskalada eskola bihurtzen ari da.
Kronika honetako bidea, San Antongo ertza (130 metro, 6a), Kopako Harriko hainbat luzetako biderik luzeena da, Urdaburu ertz herrikoia bidearekin batera. Beraz, aukera paregabea da horma honetako granito zaharraz gozatzeko.
Bidearen datu batzuk:
Luzera: 130 metro.
Luze kopurua: 6.
Nork irekia: Kopako Hirukoteak (Xabier Galdos, Asier Intziarte eta Aitzol Isasa), 2023an.
Zailtasuna: 6a. Luzez luze: 1L: V (15 m), 2L: II+ (10 m), 3L: IV+ (33 m), 4L: IV+ (25 m), 5L: IV (20 m) eta 6L: 6a (30 m).
Orientazioa: Hego-ekialdea.
Ura: Ola Berri jatetxean hartu daiteke.
Hurbilketa: San Antongo lepotik Tartalo sektorera doan bidea hartuko dugu. Tartalo sektoreko Leire eskalada bidera iritsi baino hamar metro lehenago dagoen parabolt lerroa da. Lehen paraboltean zinta laranja bat dago jarrita.
Jaitsiera: Bidearen amaieratik eskuinerantz joko dugu, eta hasieran belartsua den eta amaieran soka finko bat duen kanal bat jaitsiko dugu igoerako bidearekin topo eginez.
Materiala: 12 espres zinta eta zinta uztaiak bilguneetarako.
Deskribapena
- Lehenengo luzea, 15 metro, V. Arrail batera igo ondoren, sabela duen pasagune bat ezkerretik eskalatuko dugu hasieran (IV). Horma beltz bat eskalatuko dugu ondoren (V), arrail batera arte. Arraila eskalatuta (IV+), hormaren goiko ertzean dagoen bilgunera iritsiko gara.
- Bigarren luzea, 10 metro, II+. Trantsiziozko luzea. Bilgunetik eskuinera parabolt batekin aseguratutako zeharkaldi bat egitea besterik ez da.
- Hirugarren luzea, 33 metro, IV+. Bilgunetik zuzen irten eta horma eskuinetik ezkerrera diagonalean mozten duen arrail zabala zeharkatuko dugu, hormaren ertzera igotzeko (IV). Ertzari jarraituz (IV), arrail nabarmen bat eta harlauza bat Dülfer moduan eskalatuko dugu (IV-); azken metroetan, berriz, zertxobait etzaten den horma bertikal batetik jarraituko dugu (IV+) bilgunera iristeko.
Laugarren luzearen oinera iristeko, bilgunetik ezkerreko joerarekin oinez hasiko gara, Endara sektorera doan bidearekin topo egin arte. Orduan, ezkerretara hartu eta soka finko baten hasiera aseguratzen duen paraboltaren gainean parabolt bakarti bat aurkituko dugu, hirugarren “bis” bilgunea osatzen duena.
- Laugarren luzea, 25 metro, IV+. Hasieran horma bertikal bat gainditu (IV+) ondoren, metro erraz batzuk datoz gero, eta jarraian, beste horma bat, aurrekoa baino etzanagoa eta errazagoa (IV-). Bigarren hormaren gainera iritsitakoan bi paraboltekin aseguratutako zeharkaldi horizontal eta ikusgarri bat egin beharko dugu bilgunera iritsi aurretik.
- Bosgarren luzea, 20 metro, IV. Erlaitz batera igo eta ezkerrerantz zeharkaldi bat egingo dugu (III), eta hormaren beste aldera pasatuko gara. Arrail bertikal bat eskalatu (IV) eta, bilgunera iristeko, horma tente bat gainditu beharko dugu (IV-).
Seigarren luzearen oinera iristeko, bilgunearen eskuinaldetik irtengo gara, eta bertan dagoen zelaigunea horizontalean zeharkatuko dugu, parean dagoen hormara iristeko.
- Seigarren luzea, 30 metro, 6a. Pasagune makurtu bat eskalatu ondoren (6a), eskuinerako joerarekin eskalatzen jarraituko dugu (V) parean dagoen horma bertikalera arte. Lehen metroak horma honen eskuinetik eskalatu ondoren (V-), parabolt lerrotik jarraituko dugu (IV), harik eta, horma erabat etzan batean, lurrean dagoen bilgunera iritsi arte (IV).