EKIALDE HURBILA

'Ekialde Hurbila, muinak eta ertzak' liburua aurkeztu dute

Mikel Aiestaran, Ane Irazabal eta Karlos Zurutuza kazetariek goizean aurkeztu dute liburua prentsaren aurrean, eta arratsaldean entzuleen aurrean, Literaktum saioen barruan. Albistearen barruan, bideoa: aurkezpen hitzaldia (Literaktum).

Igor Susaeta.
2017ko azaroaren 15a
23:16
Entzun

[youtube]https://youtu.be/aswnDR8BVQU[/youtube]

2011n loratutako 'iraultza arabiarrak' fenomenotik abiatuta, gertakizun horrek hainbat herrialdetan eragin dituen ondorioak kontatu dituzte Mikel Aiestaran, Ane Irazabal eta Karlos Zurutuza kazetariek, 'Ekialde Hurbila, muinak eta ertzak' liburuan. BERRIA, Elkar eta Jakinen Aleka bildumako laugarren lana da.

Donostian aurkeztu dute gaur eguerdian liburua, eta bertan izan dira hirurak. Aiestaranek (Beasain, Gipuzkoa, 1975) Siriako eta Irakeko gerrei erreparatu die bereziki. Dena den, haren esanetan, eskualdeko iraultzek Iranen izan zuten abiapuntua, 2009ko Iraultza Berdean. "Iranen esaten dute pertsiarra izan zela lehen iraultza". Palestinako errealitatea ere oso gertutik ezagutzen du, eta iruditzen zaio Palestinaren okupazioak, azken urteotan, "etengabe" egin duela aurrera. "Israel geroz eta indartsuago dago". Nabarmendu du ezin dela ulertu Ekialde Hurbileko "ezegonkortasuna" Palestinari begiratu gabe.

Irazabalek (Arrasate, Gipuzkoa, 1984) Tunisiako eta Egiptoko iraultzei heldu die. Haren hitzetan, iraultzaren "bi ertzak" islatzen dituzte bi estatu horiek. Izan ere, pentsatzen du Egipto dela boteretik hauspotutako "kontrairaultzaren" adibide garbiena, eta Tunisiak "esperantzarako zirrikitu txiki bat" utzi duela. "Halere, esperimentu ahula da; ikusiko dugu zer gertatzen den"

Eta Zurututzak (Donostia, 1971) munduan aitorpenik ez duten Ekialde Hurbileko herriei begiratu die bere kontakizunean. "Beti eduki izan dut radarretik kanpo dauden herrietako gertakariak jorratzeko joera", azaldu du. Kurdistanera joaten hasi zen —"hamarkada luzez ezkutuan egon zen, eta egunkarietara heldu da"—, eta Libiara heldu zen duela ez asko. "Libia da porrot egindako estatu bat. Urtero joaten naiz, eta geroz eta okerrago daude". Halere, kasurik "mingarriena" okupatutako Saharakoa da.

Pasatu dira ia zazpi urte 2011 hasieran iraultzak piztu zirenetik, baina gertakari horiek herritarrei ekarri dietena "segurtasun falta" da, Aiestaranen ustez; eta "etsipena", Irazabal eta Zurutuzaren aburuz.

Hiru kazetariek solasaldia eduki dute gaur, 19:30ean, Donostiako San Telmo museoan, Literaktum, hitzen hiria egitasmoaren barruan. Hitzaldia ikusgai dago BERRIAren webgunean.

Liburua BERRIA dendan dago salgai.

Bideoa: Liburu aurkezpena (Argazki Press)

[youtube]https://youtu.be/isANijnCKxA[/youtube]

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.