Italiako agintariek porturatzeko baimena eman diote Ocean Viking erreskate ontziari, barruan dituen 182 migratzaileak era seguruan lehorreratu ahal izateko. Mugarik Gabeko Mediakuak eta SOS Mediterranee GKEen ontzia Messinan, Sizilia uharteko hiriburuan, porturatuko da. GKEek "esperantzarako keinu bat" dela uste dute, EBren migrazio politikak aldatu ahal izateko. Eguraldi txarra dela eta, ontzia bihar porturatuko da.
Ontziak dituen migratzaileak irailaren 17an eta 18an erreskatatu zituzte Mediterraneo itsasoan. Horietati, 14 adin txikikoak dira, eta 10 eguneko haur jaioberri bat ere bada.
Porturatzeko baimenak norabide aldaketa islatzen du Italiako Gobernuaren jarreran, eta amaiera eman dio Matteo Salvini Barne ministro ohiaren "portu itxien" doktrinari. M5S Bost Izarren Mugimendua eta Alderdi Demokrataren arteko koalizio gobernu berriak erreskatatutako migratzaileak porturatzeko ematen duen lehen baimena da.
Salvinik pertsonen trafikoa leporatzen die GKEei, eta arazoa Italiaren bizkar uztea EBri. Giuseppe Conteren gobernu berriak bestelako norabidea hartu du, eta Salvinik gogor kritikatu du erabakia. "Traizioaren gobernuak bete GKE bati ireki dizkio ateak. Italiarren ez dute ahaztuko", ohartarazi du. Salviniren iritziz, "lotsagarria" da Conteren gobernuaren erabakia.
Migrazio politikei buruz eztabaidatzeko bilkura egingo dute gaur EBko hainbat herrialdek, Maltan. Bertan izango dira Italiako, Frantziako, Alemaniako eta Maltako Barne ministroak eta Europako Batzordeko eta Finlandiako ordezkariak. Azken horrek Europako Kontseiluko presidente gisa jardungo du. Migrazio arloan adostasun bat lantzeko elkartuko dira.
Italia, Alemania, Frantzia eta Maltaren artean akordio bat lortzea espero da, lau herrialde horiek erreskatatutako migratzaileak banatzeko sistema automatiko bat ezartzearen alde mintzatu baitira. Irlanda, Portugal eta Luxenburgo ere gisa horretako sistema batean parte hartzeko prest agertu dira.