122 milioi desplazatu daude munduan, duela hamar urte halako bi ia

UNHCR-ren arabera, 25 milioi lagunek baino gehiagok ihes egin behar izan zuten etxetik iaz. Aurtengo lehen lauhilekoan, beherantz egin du desplazatuen kopuruak.

Sudango Zamzam kanpalekutik ihes egin zuten barne desplazatuak, apirilean, Darfurren. MARWAN MOHAMED / EFE
Julen Otaegi Leonet.
2025eko ekainaren 12a
18:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Urte batetik bestera, gorantz egin du gerrek eta gatazkek behartuta desplazatu behar izan dutenen kopuruak, eta halaxe erakusten du UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak kaleratu berri duen txostenak. Iaz 25 milioi pertsonak baino gehiagok ihes egin behar izan zuten etxetik, eta urtea amaitzerako, 123,2 milioi desplazatu zeuden munduan. Aurtengo lehen lauhilekoan, ordea, beherantz egin du kopuruak, apurtxo bat bada ere —eta txostenaren arabera, istiluen «dinamikek» baldintzatuko dute beheranzko joerari eutsiko ote zaion edo ez —. 2024aren amaieran baino milioi bat desplazatu gutxiago daude munduan: 122,1 milioi. Hala eta guztiz ere, duela hamarkada bat halako bi dira ia.

Barne desplazatuak dira gehienak: 73,5 milioi; UNHCRk erregistratutakoen artean, 31 milioi dira erbestera jo duten iheslariak; eta 8,4 milioi asilo eskatzaile daude, inoiz baino gehiago. Bestalde, errefuxiatu estatusa izan ez arren nazioartearen babesa behar dute 5,9 milioi lagunek.

Iaz 9,8 milioi desplazatu itzuli ziren ihes egin aurretik bizileku zuten gunera edo herrialdera. Horietako 8,2 milioi barne desplazatuak ziren, eta 1,6 milioi, berriz, errefuxiatuak. Erakundearen arabera, barne desplazatu asko «harrapatuta daude», balitekeelako itzulita ere berriro ihes egin behar izatea, «gatazkak gero eta gehiago luzatzen baitira». Bestalde, bi hamarkada baino gehiago dira ez zirela hainbeste errefuxiatu itzultzen. Ia gehienak siriarrak, hegosudandarrak, afganiarrak eta ukrainarrak izan ziren, eta, txostenaren arabera, asilo hartutako herrialdeetako «egoera zailek» bultzatu zituzten itzultzeko erabakia hartzera, nahiz eta aldi berean «segurtasunaren gaineko kezka» ez den desagertua jatorrizko herrialdeetan.

Aintzat hartzekoa da Baxar al-Assad Siriako presidentea kargutik kendu zutela abenduan, hamahiru urteko gerra zibilaren ondoren, eta, gobernua erori zenetik, hain zuzen ere, milioi erdi lagun itzuli dira Siriara, UNHCRk zehaztu duenez. Egoera, dena den, «ez da egonkorra», eta erakundeak ohartarazi du «arriskua» dagoela jendeak aurrerantzean ere desplazatu behar izateko.

Munduko desplazatu guztien herenak lau herrialdetakoak dira: Sudangoak (14,3 milioi), Siriakoak (13,5 milioi), Afganistangoak (10,3 milioi) eta Ukrainakoak (8,8 milioi). Estreinako aldia du Sudanek lehen postuan —duela bi urte pasatxo piztu zen gerra zibila han—. 2024aren amaieran, aurreko urtean baino 3,5 milioi desplazatu sudandar gehiago zeuden, gehienak barne desplazatuak. UNHCRk adierazi du bizi baldintzak «kritikoak» direla herrialdearen ekialdeko Darfur eskualdean. Apirilean, paramilitarrek 350 lagun hil zituzten barne desplazatuen Zamzam kanpalekuan, eta han aterpe hartzen zuten 325.000 lagunek ihes egin behar izan zuten.

Desplazatu guztien artean, hamarretik sei barne desplazatuak dira egun, eta gainontzekoak erbestera joan ziren —azken horien bi herenak ondoko herrialdeetan daude—. Errefuxiatuen edo errefuxiatu estatusa izan ez arren nazioartearen babesa behar dutenen %69k bost herrialde hauetakoren batetik egin zuten ihes: Venezuela, Siria, Afganistan, Ukraina eta Hego Sudan. Halaber, iheslari gehien jaso dituztenak Iran, Turkia, Kolonbia, Alemania eta Uganda dira; beren herrialdea uzten duten desplazatuen %37 herrialde horietakoren batean daude.

5,9

ERREFUXIATU PALESTINARRAK ZENBAT DIREN, MILIOITAN UNRWA Nazio Batuen Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoaren arabera, 5,9 milioi errefuxiatu palestinar daude. Erakundeak kontuan hartzen ditu bai Nakba izan zenetik gaur egun arte gertatu diren gatazken ondorioz jaioterria utzi behar izan dutenak, baita haien ondorengoak ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.