Sira Rego Espainiako Gazteen eta Haurren Gaietarako ministroa gaur iritsi da Ceutara, 72.000 migrantek Marokoren eta hiri autonomo horren arteko muga zeharkatu eta zortzi egunera —horietako gehienek, 70.000k, atzera zeharkatua dute muga dagoeneko—. Kazetariak parean zituela jakinarazi du harrera emateaz arduratu direnek 1.342 migrante adingabe zenbatu dituztela, eta «aste gutxi barru» hasiko direla horiek autonomia erkidegoetara bideratzen. «Berehala ekitea zen nire asmoa», horixe adierazi du, baina, halaber, iragarri du aurrez bete beharreko zenbait pauso ere badirela: hurrengo igandean ministerioko talde bat Ceutara heltzekoa da, eta erkidegoen arteko batzorde bat ere biltzekoa da datorren astean; era berean, abuztuaren amaieran, ministerioa eta erkidegoak elkartzekoak dira.
«Lehentasuna», hori bai, adingabe horiek «berriro familiarekin biltzea» da, Regoren hitzetan, eta banaka-banaka aztertuko dituzte kasuak: «Zerbitzu tekniko espezializatuek lagunduko diete, berme juridikoekin eta haurren interesetan arreta jarrita». Bi zentro ezarri dituzte adingabe horiek artatzeko, eta beste bat irekitzekoak dira, «agudoago eta berme gehiagorekin» lan egiteko.
Bakarrik dauden etorkin adingabeei dagokienez, ministroak aitortu du «oso korapilatsua» dela migrazio krisiak eragin duen egoera, eta «gainezka» egin duela, adin txikiko «asko» iritsi zirenez gero; dena den, nabarmendu du «guztiak» artatuko dituztela, eta krisia hasi zenetik astebete pasatxo igaro den honetan Ceuta «normaltasunera» itzultzen ari dela «progresiboki».
Teresa Peramato Espainiako fiskal nagusiak dekretu bat kaleratu du gaur, migrante adingabeen «babesa» bermatze aldera «nola jokatu» behar den azaltzeko, eta «behar bezala» eta «berehala» artatuko dituztela ziurtatzeko. Tokian tokiko fiskalei eskatu die neurriak har ditzatela baldin eta erkidegoek ez badiete harrera egiten dagozkien adingabeei.
Bestalde, Espainiako Gobernuko zenbait ministrok kontu emango dute Kongresuan: Fernando Grande-Marlaska Barne ministroa, Jose Manuel Albares Atzerri ministroa, Margarita Robles Defentsa ministroa eta Felix Bolaños Presidentetza ministroa diputatuen aurrean eseriko dira abuztuaren amaieran; gobernuak horretarako eskaria egin du gaur. Horrez gain, PP Alderdi Popularrak atzo eskatu zuen Senatura ere joan daitezela datorren astean.
Xextra Italiarekin
Ceutako migrazio krisiaren harira, Italiako Gobernuak herrialdera sartzeko kontrolak zorroztu zituen Espainiatik iritsitakoentzat. Espainiako Gobernuak gaur ohartarazi du neurri hori datorren iganderako deuseztatu ezean «neurri proportzionalak» hartuko dituela «herritarren interesak eta duintasuna babesteko». Albaresek gaur adierazi du Italiak ez duela kontrolak zorrozteko «inolako arrazoirik», eta nabarmendu du krisia «bideratuta» daukatela jada; Atzerri ministroak Kolonbian egin ditu adierazpen horiek, Abelardo de la Espriella hango presidente kargua hartzekoa baita gaur.
Italiak erantzun egin dio Espainiaren ohartarazpenari: «Segurtasun nazionalari eta mugen kontrolari dagokienez, Italiak ez du kanpotik datorren ultimatumik edo inposaketarik onartuko». Ohar batean, Giorgia Meloni lehen ministroaren gobernuak iragarri du hurrengo igandera arte eutsiko diola kontrol zorrotzagoari, hain zuzen ere, abuztuaren 15erako «beste migrazio olde bat espero da-eta Ceutan, Espainiako agintariek berek iragarri bezala». Moncloako iturriek El País egunkariari gaur adierazi diotenez, ez dute uste joan den astean gertatutakoaren parekorik gertatuko denik berriz.