Klima Larrialdia

1,5 graduko tenperatura igoera gaindituko dela aitortu du NBEk, eta bi gradutik gorakoaren arriskuaz ohartarazi

Aukera leiho bat ikusi du Nazio Batuen Ingurumen Programak: mende erdirako 1,8 graduko berotzea iritsi ostean, atzera jaisten hasi eta mende amaierarako 1,5 gradukora itzultzea.

BRITAIN CLIMATE PROTEST
Klima ekintzaileak atzo Londresen, Erresuma Batuko Gobernuak Ipar Itsasoan gasa erauzteko hartu duen erabakiaren aurkako protestan. TOLGA AKMEN / EFE
inaki petxarroman
2026ko urriaren 22a
12:43
Entzun 00:00:00 00:00:00

Munduaren batez besteko tenperaturak 1,5 graduren langa gaindituko duela aitortu du Nazio Batuen Ingurumen Programak (NBIP), eta bi gradutik gora igotzearen arriskuaz ohartarazi. Jakinekoa denez, 2015ean sinatu zen Parisko Hitzarmenak aurreikusten du tenperatura bi gradu baino gehiago ez berotzea, eta, ahal den neurrian, 1,5 gradutik gorako berotzera ere ez heltzea. Helburu hori jada ezinezkoa dela aitortu du NBEk, baina aukera ikusten du mende erdirako 1,8 graduraino iritsi ostean hortik 1,5 graduraino jaisten hasteko pixkanaka-pixkanaka eta mende bukaera bitartean. 

Horretarako, baina, herrialdeek askoz ere ahalegin handiagoa egin beharko lukete orain arte baino. Izan ere, horretarako, berotegi gasen isurketak %18 jaitsi beharko lirateke 2030erako, %45 2035erako eta %69 2040rako. Herrialdeen egungo politikei eusten bazaie, baina, helburu horretatik urrun geratuko da mundua, eta 2,8 graduko berotzea iritsiko da. Are, herrialdeek orain arte isurketak murrizteko hartutako konpromisoak —ingelesez NDC deiturikoak— beteko balituzte ere, 2,6koa izango litzateke berotze globala. Izan ere, herrialdeek hartutako konpromiso horien bidez, 2030erako isurketak %5,8 gutxituko lirateke, eta %11-15 2035erako.

Konpromiso horiek, gainera, iazkoak baino okerragoak dira, AEBetako Gobernuak, Donald Trump presidentearen bultzadaz, Parisko Hitzarmena uztea erabaki du eta. Datu horiek guztiak Isurketen arrakalaren txostenean ezagutarazi ditu NBIPk. «1,5 graduko igoera gainditzeak ez du esan nahi errenditu behar denik. Gainditze hori ahalik eta txikiena eta laburrena izaten saiatuta, mende amaierarako tenperatura berriz 1,5 gradutik behera egotea lor genezake, Parisko Hitzarmenak eskatzen duen legez», azaldu du Antonio Guterres NBEko idazkari nagusiak.

Gradu hamarren bakoitzaren garrantzia azpimarratu dute txostenean. Izan ere, 1,5 gradutik gorako hamarren bakoitzak zera eragingo du: muturreko fenomeno meteorologikoak handiagoak eta larriagoak izatea, eta atzera-bueltarik gabeko inflexio puntuak gainditzea. Besteak beste, Artikoko eta Antartikako izotz masak ezegonkortzea, Amazonia narriatzea eta Atlantikoko itsas korronteak —AMOC izenekoa, esate baterako— aldatzea. 

Atmosferatik CO2a kentzea

Isurketak murrizteko beharra ez ezik, Lurraren berotzea eragiten ari diren gasak (CO2a, metanoa...) atmosferatik kentzeko beharra ere azpimarratu du NBIPk txostenean. Hain zuzen ere, beharrezkotzat jo du mende honetan 320 gigatona karbono dioxido jaso eta biltegiratzea. Aitortu du, baina, ekonomikoki eta teknologikoki erronka zaila dela hori, eta, gaur-gaurkoz, ziurtasunik gabekoa.

Egoeraren larriaz ohartarazi arren, baikortasunerako datuak ere badirela uste du NBEk. Adibidez, gogoratu du Parisko Hitzarmena sinatu zenetik energia berriztagarrien ahalmena espero baino hiru aldiz azkarrago handitu dela. «Munduan baditugu adibide arrakastatsu ugari, isurketak bizkor gutxitu daitezkeela erakusten dutenak. Orain nazioei dagokie murrizketak azkar, sakon eta iraunkorki ezartzea», adierazi du Inger Andersen NBIPko zuzendariak.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA