Herenegun piztu zen sutea, abuztuaren 5ean, Okzitania hego-ekialdean, Aude departamenduko Corbieres mendigunean. Bi egun pasaturik, 17.000 bat hektarea erre dira jada, eta, itzali ez badute ere, «kontrolpean» hartu dute. Halaxe jakinarazi du Christian Pouget Aude departamentuko prefetak gaur arratsaldean. Zehaztu du sua itzaltzeko mobilizazioak bere horretan segitzen duela, eta egun hauetan etxetik aterarazi dituzten herritarrei ohartarazi die ez daitezela itzuli baimenik ez badute, suhiltzaileek eta larrialdi taldeek ez baitute egiaztatu errepide guzien egoera.
Asteartetik 2.500 suhiltzaile inguru deitu dituzte, 5.000 bat ibilgailu erabili, eta segurtasun zerbitzuak herritarrak aterpetzen ari dira emeki-emeki, sutetik urrunago. «Tarrapatan» antolatu behar izan dute, hainbat herritarrek erran dutenez; izan ere, piztu zenez geroztik sua fite doa aitzina. Sutea nola piztu zen zehazteko ikerketa bat ireki dute, baina orain arte ez da hipotesirik baieztatu. Frantziako lehen ministroak iradoki du sutea errepide inguruetan hasi zela.
Audeko prefeturak goizean agertu duen agirian ohartarazi duenez, mementokotz «hiru pertsona faltan» dira, hurbilekoek ohartarazi dutenaren arabera. Bestalde, 60 bat urteko emazte bat hilik atzeman dute etxean, eta hamahiru zauritu kontatu dituzte, 11 suhiltzaile eta bi herritar.
48 orduz kaosa eta larridura izan dira nagusi, eta, prefetak jakinarazi arte kontrolpean dagoela, suteak are handiagoa bilakatzeko arriskua zuela ohartarazi dute zenbait eragilek. Frantziako Suhiltzaileen Federazioko bozeramaileak, errate baterako, RMC hedabideari adierazi dio sutea «abiadura ikaragarrian» hedatu dela.
Adituek jakinarazi dutenez, gaur goizeko eguraldi baldintzak «nahiko egokiak izan dira», baina «oreneko 40 kilometroko haize boladak» etortzekoak zirenez, ezin izan dute ziurtatu zer gerta zitekeen. Goizeko helburua, beraz, «fite eta azkar» eragitea zuten. Egun osoan, gero, airetik aritu dira lanean, hots, helikopteroetatik, eta suteak lehen bi egunetan baino emekiago egin du aitzina.
Atzo eta gaur, hamazazpi aterpe zentro plantan ezarri dituzte Aude departamenduko hamazazpi herritan, etxetik ihesi joatera bortxatuak izan diren herritarrei harrera egiteko. Orokorrean, horiek dira gomendioak: norbere etxean konfinaturik egoteko suhiltzaileek galdegin arte bertatik joatea, sua etxebizitzara gehiegi hurbilduko balitz, adibidez.
Frantziako Gobernuak ez du beharrezkotzat jo EB Europako Batasunari laguntza eskatzea. Hala adierazi du Barne Ministerioko estatu idazkariak BFMTV telebista katean egindako elkarrizketa batean; eta azaldu du «egoera hobetuz» zihoala, nahiz eta orduan sua ez zegoen «erabat kontrolatuta». Gobernuak azpimarratu du ezin dela baztertu foku batzuk berriz piztea, bereziki haizea zakartuko balitz edo norabide aldaketak egongo balira, baina «meteorologia lagungarria izatea» espero dute.
«Hondamendia»
Frantziako lehen ministro François Bayrou atzo izan zen erretako eremuak ikusten, eta esan zuen klima larrialdiak eragindako «neurrigabeko hondamendia» zela sutea. Aude eskualdean izan zen Bayrou. Lagrasse, Fabrezan, Tournissan, Coustouge eta Sant Laurenç de la Cabrerissa herrietan izan dira kalterik handienak, asteartean sua piztu zenetik.
Suak 36 etxebizitza kiskali ditu gutxienez, eta 2.500 etxe argindarrik gabe daude. Iturri ofizialen arabera, dozenaka ibilgailu ere harrapatu ditu suak.
Zientzialariek maiz ohartarazi izan dute Mediterraneoko tenperaturak igotzeagatik eta euri gutxiago egiteagatik handitu egiten dela sute arriskua. Frantziako larrialdi zerbitzuen arabera, urtea hasi zenetik 15.000 hektarea erre dira 9.000 sute baino gehiagotan; alegia, Aude eskualdean sute bakarrean erretakoak adina.