Hogei urteko espetxe zigorra ezarri dote Jimmy Lai enpresari hongkongdarrari

Atzerriko indarrekin batera konspiratzea eta «sedizioaren aldeko edukiak» kaleratzea egotzi diote epaian. Giza eskubideen aldeko hainbat taldek Txina kritikatu dute.

Jimmy Lai, gaur, Hong Kongeko Auzitegi Nagusitik ateratzen. JEROME FAVRE / EFE
Jimmy Lai, gaur, Hong Kongeko Auzitegi Nagusitik ateratzen. JEROME FAVRE / EFE
Igor Susaeta.
2026ko otsailaren 9a
12:19
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hong Kongeko Auzitegi Nagusiak hogei urteko espetxe zigorra ezarri dio Jimmy Lai enpresariari, atzerriko indarrekin batera konspiratzea eta «sedizioaren aldeko edukiak» kaleratzea egotzita. Zigorra ezartzeko orduan, Txinak 2020an Hong Kongerako onartutako Segurtasun Nazionalerako Legeaz baliatu dira. Laik 78 urte ditu, eta, 2020ko abuztuan behin-behinean atxilotu zutenean, Apple Daily egunkariaren editorea zen.

Hedabide hori kritikoa zen Pekinekin, eta, hortaz, Laik beti esan izan du preso politiko bat dela. Are, ukatu egin izan ditu leporatzen zizkioten kargu guztiak; epaiketan, mahai gainean egon da bizi osoko kartzelaldia ezartzeko aukera. Hong Kongeko Segurtasun Nazionalerako Legea onartu zutenez geroztik jarritako zigorrik handiena da Lairena.

Azken bost urteetan Lairen osasunak okerrera egin duela salatu dute haren senideek, eta, nazioarteko hainbat hedabidek jaso dutenez, haren alabak gaur esan du, «martiri baten gisara» hilko dela kartzelan. Sebastien semeak BBC komunikabidearekin hitz egin du, eta azpimarratu sententziak, «zoritxarrez», ez dituela ezustean harrapatu. Salatu du, bide batez, aitak hamar kilo galdu dituela azkeneko urtean, espetxealdiko baldintzak direla medio.

Fiskaltzak Lairi prozesu guztian egotzi dionez, Apple Daily egunkariak kanpaina egiten zuen Txinari eta Hong Kongi nazioarteko zigorrak ezartzeko, eta horren guztiaren azken helburua zen Txinako Alderdi Komunista «hondamendira» eramatea.

Giza eskubideen aldeko hainbat taldek sententzia kritikatu dute. HRW Human Rights Watchen esanetan, esate baterako, «heriotza zigor baten modukoa» da epaia. Hala adierazi du, ohar batean: «Bidegabea eta krudela da. Lairen aurkako jazarpenak erakusten du Txinako Gobernuak kazetaritza independentea zanpatu nahi duela, eta Alderdi Komunista kritikatzera ausartzen den edonor isilarazi asmo duela». AI Amnesty Internationalen ustez, Hong Kongen «itxuraldaketa» erakusten duen beste «mugarri ilun bat» da epaia: «Lehen, zuzenbide estatuak gobernatzen zuen han, eta orain, aldiz, beldurrak».

EB Europako Batasunak, bestalde, Lai berehala askatzeko eskatu du komunikatu batean, iritzita «arrazoi politikoengatik» egin dutela haren aurka.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.