Hamabi urte arteko zigorrak ezarri dizkiete Genovako zubia erori izanaren erantzuleei

Hamabi urteko kartzela zigorra ezarri diote Italiako autobideak kudeatzen dituen enpresako zuzendari ohiari, eta hamaikakoa beste goi kargudun ohi bati.

Ezbeharraren bi biktima elkar besarkatzen, zigorren berri jakin berritan. LUCA ZENNARO / EFE
Ezbeharraren bi biktima elkar besarkatzen, zigorren berri jakin berritan. LUCA ZENNARO / EFE
Beñat Mujika Telleria.
2026ko uztailaren 16a
18:52
Entzun 00:00:00 00:00:00

Duela zortzi urte, 2018an, 42 lagun hil ziren Genovako Morandi zubia erori zenean, eta beste 632 herritar gelditu ziren etxerik gabe. A-10 autobidean zegoen zubia, Frantzia iparraldea eta Milan lotzen dituen autobidean, lurretik 90 metro ingurura, eta euriteen ondorioz erori zen. Bada, gaur eman dituzte epaiak, eta zubia erori izanaren erantzuleei kartzela zigorra ezarri diete: Italiako autobideak kudeatzen dituen enpresako zuzendari ohi Giovanni Castellucciri hamabi urteko kartzela zigorra ezarri diote, eta 11 urtekoa enpresa bereko goi kargudun Michele Donferri Mitelliri. Besteak beste, nahi gabeko giza hilketa egin izanaz eta arduragabekeriaz akusatu dituzte. Guztira, 57 lagun epaitu dituzte, eta horietatik 25 absolbitu egin dituzte.

Castellucci kartzelan dago dagoeneko. Sei urteko zigorra betetzen ari da 2013an gertatutako errepide istripu batengatik, eta horregatik ez da epaia entzutera joan. Orain, beste hamabi urteko zigorra bete beharko du, nahiz eta fiskaltzak askoz urte gehiago eskatzen zituen.

Autobideak kudeatzeaz arduratzen zen enpresa bereko zuzendariordea zen Paolo Berti ere zigortu egin dute: bost urteko kartzela zigorra ezarri diote —hamabi urteko zigorra eskatzen zuen fiskaltzak—. Hainbat funtzionariok bi urte baino gutxiagoko zigorrak jaso dituzte, eta beste 25 pertsona absolbitu egin dituzte, delituek preskribatu egin dutelako.

Zubiaren konponketa lanek bi urte inguru iraun zuten, eta 2020ko abuztuan zabaldu zuten berriro. Eroritako zubibidea 45 metro garai eta kilometro bat luze zen. Genova San Giorgio da zubibidearen egungo izena.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA