2023an 339 milioi lagunek beharko dute laguntza humanitarioa

Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2022ko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Datorren urtean 339 milioi pertsona izango dira laguntza humanitarioaren beharrean, NBE Nazio Batuen Erakundeko nazioarteko lankidetzarako programak atzo argitaratu zuen txostenaren arabera. 2023an, giza krisia okertu egingo da, aurten laguntza humanitarioa behar izan dutenak baino %19,1 gehiago izango baitira datorren urtean, NBEk aurreikusi duenez.

Laguntza beharko duten 339 milioi pertsona horietatik gutxienez 230 milioirengana iritsiko direla ohartarazi du NBEk, eta, horretarako, ia 50.000 milioi euroko finantzaketa beharko du; inoiz eskatu duen kopururik handiena da hori.

Gainera, goseteak 45 milioi laguni eragin liezaieke 2023an, eta elikagaien segurtasuna, berriz, ez dute bermatua izango 222 milioik, NBEren txostenaren arabera. Aurten, 157 milioi laguni eman diote laguntza humanitarioa; gehienei —127 milioiri—, elikadurarekin loturikoa.

«Laguntza humanitarioa beharko duen biztanleria munduko herrialde jendetsuenetan hirugarrenekoa [Ameriketako Estatu Batuetakoa] bezainbestekoa da», ohartarazi zuen atzo Martin Griffiths NBEren laguntza humanitariorako idazkaritza nagusiko kideak.

Etiopia, lehen lerroan

Munduko 68 herrialdetako biztanleei laguntza humanitarioa emango dietela aurreikusi du NBEk, eta laguntza gehien behar duen herrialdea Etiopia dela nabarmendu du txostenak. 28,6 milioi pertsonak beharko dute, aurten baino %30 gehiagok. Bi urte daramatzate gerran. Atzetik ditu Afganistan eta Kongoko Errepublika Demokratikoa; 28,3 milioi eta 26,4 milioi lagunek beharko dute, hurrenez hurren, nazioarteko kooperazioaren laguntza.

Ukrainan, gerrak kooperazioa handitzea eragin du, eta, aurten, 15,4 milioi pertsonari lagundu diete. Are, hangoa izan da munduan finantzaketarik handiena jaso duen laguntza humanitarioa: 3.000 milioi eurokoa izan da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.