KLIMA ALDAKETA

2040rako isuriak %90 murriztea karbono merkatuen bidez lortu ahal izatea onartu dute EB kideek

Asko luzatu dira negoziazioak, herrialdeen arteko desadostasunak direla eta. Berriro huts egin dute NBEri aurkeztu beharreko nazio mailako ekarpen zehatzak adosteko orduan.

Alemaniako fabrika bateko tximinia, kea botatzen. FILIP SPINGER
Alemaniako fabrika bateko tximinia, kea botatzen. FILIP SPINGER
inaut matauko rada
2025eko azaroaren 5a
13:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hainbat bilkuratan porrot egin eta gero, Europako Batasuneko 27 herrialdeetako Ingurumen ministroek erdibideko beste helburu bat adostu dute karbono isuririk gabeko xedea lortu bitartean: 2040rako EBko isuriak %90 murriztea, 1990. urteko datuak erreferentzia gisa hartuta.

Zaila izan da helburu hori adostea, testuingurua asko aldatu baita azken agintalditik hona. Alderdi eskuindarretako eta ultraeskuindarretako gero eta ordezkari gehiago daude Europako Batasuneko erakunde nagusietan, eta gehienek iritzi diote isuriak murrizteko helburuek kalte egiten dietela enpresei eta haien lehiakortasunari. Atzo zen amaitzekoa bilkura, baina gaur arte luzatu dira negoziazioak. Nolanahi ere, kontu batzuetan malgu jokatuta onartu ahal izan dute helburu berria.

Ministroek adostu dute hemendik hamabost urtera isurien %90eko murrizketa onartzea, baina malgutasuna onartuta zenbait gaitan. Izan ere, klimaren arloko politikekin mesfidatiagoak diren herrialdeek zera proposatu zuten, murrizketa horren parte bat karbono merkatuen bidez lortzea; hau da, herrialdeen isuriak %90era ez iristea, baina karbonoa isurtzeko eskubideak erosiz %90eko helburu horretara heltzea.

EBko halako kontseiluetan, akordioak gehiengo kualifikatua behar du: estatu kideen %55en gutxieneko babesa —27etatik 15ena—, eta estatu horiek Europako Batasuneko biztanleen %65 izatea gutxienez. Gaurkoan, Danimarkaren aldeko botoak ziurtatu du neurriak aurrera egitea. Eslovakiak, Hungariak, Poloniak eta Txekiar Errepublikak kontra bozkatu dute, eta Belgika eta Bulgaria abstenitu egin dira. Orain, kontseiluak Europako Parlamentuarekin negoziatu beharko du neurria aurrera atera dadin; dena ondo bidean, urtea amaitu aurretik negoziatuko dute 2040rako helburu berria Europako Klimaren Legean txertatzea. Lege horretan, zehazten da 2030erako karbono isuriak %55 murriztu behar direla, eta 2050erako Europako Batasunak karbonorik ez isurtzea da helburua.

Malgutasuna murrizketetan

Karbono merkatuaren bidez murrizketa horretara iristeak ere eztabaida sortu du herrialdeen artean; izan ere, batzuek ez zuten horrelakorik nahi, beste batzuek %3ra mugatu nahi zuten, eta beste batzuek %10erainoko malgutasuna eskatzen zuten, Poloniak esaterako. Bada, azkenean adostu dute karbono merkatuen bidez isurien %5 konpentsatu ahal izatea, %90eko murrizketa horretara iritsi ahal izateko. Europako Batzordeak %3 proposatu zuen, baina, negoziazio luzeak izan ostean, %5eko malgutasuna adostu dute.

2031tik aurrera hasiko dira probak egiten murriztea lortzen ez duten isuri horiek karbono merkatuekin konpentsatzeko; bost urteko proba izango da lehenengoa, eta, horretarako, erosketa eta kontrol sistema bat sortu beharko du Europako administrazioak. Gainera, beste %5 gehiago konpentsatzeko aukera izatea ere adostu dute; hori dela eta, isurien egiazko gutxitzea %80tik gertuago egoteko aukera egongo da 2040. urtean, %90 horretatik urrun. Neurri horrek kritikak ere jaso ditu; izan ere, orokorrean Hegoalde Globaleko herrialdeetan erosten dituzte Iparralde Globaleko herrialdeek isurtzeko eskubideak, eta eztabaida badago ere, aditu askok ziurtatzen dute karbonoaren nazioarteko merkatuak garapen bidean dauden herrialdeen menpekotasuna areagotzen duela.

BELGIUM EUROPE
EBko herrialde batzuetako Ingurumen ministroak, atzo Bruselan, negoziazioetan. OLIVIER MATTHYS / EFE

Wopke Hoekstrak, Europako Klima Ekintza komisarioak, neurri hori justifikatu du: «Ez du axola non murrizten diren karbono isuriak: fisika kontua da». Gainera, Europako Batasunak karbonoa xurgatzeko duen ahalmena murrizten bada, legean zehaztu dute hori ez dela kontuan hartuko. Izan ere, basoek eta itsasoek karbonoa xurgatzen dute, baina klima aldaketak eragina du horretan, bero boladek eta lehorteek murriztu egiten baitute ekosistemek karbonoa finkatzeko duten ahalmena.

Horrez gain, adostu dute urtebete atzeratzea etxebizitzei eta garraioari eragingo dien karbono merkatua indarrean sartzeko data. 2027an zen sartzekoa indarrean, baina proposatu dute 2028ra atzeratzea.

Ekarpen zehaztugabea onartu dute

Parisko Itunean jasotzen denaren arabera, herrialde bakoitzak bost urtean behin berritu behar ditu karbono isurien murrizketa helburuak —nazio mailako ekarpen zehatzak, NDC ingelesez—, eta aurtengo Nazio Batuen Klima Aldaketari Buruzko Esparru Hitzarmenaren urteroko bilkuran (COP) berritu behar dituzte, 2035erako helburuak zehazteko. 2024 hasieratik 2025eko otsailera arte zuten herrialdeek nazio mailako ekarpenak aurkezteko epea —Europako Batasuneko 27 herrialdeek bloke gisa funtzionatzen dute COPen—, eta Europako Batasunak gaur zehaztu du 2035erako bere helburua.

Hala ere, oso zehatza ez da izan Europako blokea, eta irailean NBEri entregatu zion intentzio gutunean aurreratutakoa onartu du: 2035erako karbono isuriak %66,25 eta %72,5 artean murriztea, 1990. urteko datuekin alderatuta. EBko ingurumen kontseilu askotan eztabaidatu dute gaia, eta biltzarra hasi baino bost egun lehenago onartu dute NDCa.

Irailaren 18an eztabaidatu zuten hori azkenekoz, eta, ikusita ez zirela ados jartzen, Nazio Batuen Erakundeari «intentzio gutun bat» entregatu zion EBk. Gutun horretan, adierazi zuten karbono isurien murrizketa helburua %66,25 eta %72,5 artean egongo dela, eta aldaketarik gabe onartu dute hori bera. Ursula von der Leyenek, Europako Batzordeko presidenteak, X sare sozialean adierazi du jada iritsi dela Belemera, «albiste onekin», NDCa onartu baitute: «Europako Batasunak 2035erako NDCa onartu berri du. 1990etik 2035era berotegi gasen isuriak %66 eta %72 artean murriztea onartu da. Mugarri bat da 2050. urtean klima neutraltasuna lortzeko bidean».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.