Ustelkeria egotzita, Espainiako Auzitegi Gorenak 24 urteko kartzela zigorra ezarri dio Jose Luis Abalos Espainiako Gobernuko ministro ohiari, 2017 eta 2021 artean PSOEko Antolakuntza idazkaria izandakoari. Hemeretzi urteko zigorra ezarri dio Koldo Garcia haren aholkulariari, eta laukoa Víctor de Aldama enpresariari. Azken hori, ordea, ez da kartzelan sartuko. COVID-19aren garaian maskara batzuen erosketa «irregularra» izan zelakoan hasi ziren Abalos ikertzen —Garraio ministroa zen pandemian—. Eta Leopoldo Puente Goreneko magistratuak azaroan eman zuen haiek espetxeratzeko agindua, argudiatuta ihes egiteko arrisku handia zegoela.
Erakunde kriminal bateko kideak izatea, funtzionario eroskerian aritzea eta dirua bidegabe erabiltzea egotzita zigortu dituzte Abalos eta Garcia, aho batez. Abalos eta Garciaren defentsek absoluzioa eskatu zuten, euren aurkako frogarik ez zegoela argudiatuta. Azkenean, dena den, Abalosek hamasei urte igaro beharko ditu gehienez espetxean, eta Garciak hamabost.
Aldamaren kasuan, berriz, epaileak kontuan hartu du justiziarekin kolaboratu izana, defentsak eskatu bezala. Hortaz, ez du kartzelan sartu beharko beste deliturik egiten ez badu, sei hilabetean behin bere jardueren gaineko txosten bat aurkezten badu eta urtebeteko epean gizarte lanak egiten baditu.
Epaiketa bukatu eta hilabete eta erdira eman du epaia Gorenak. Hamalau saio izan ditu, eta 70 lagunek baino gehiagok deklaratu dute. Esate baterako, kargu publikoek, funtzionarioek, enpresariek, adituek, guardia zibilek eta akusatuen senitartekoek. Gorenak gaur goizeko hamabietan deitu ditu akusatuak eta defentsak epailearen aurrera, epaiaren berri emateko. Abalosek eta Garciak bideo dei baten bidez eduki dute epaiaren berri, Soto del Realgo kartzelan baitaude (Espainia). Aldama, berriz, epaiketa gelan izan da, bere abokatuarekin batera.
Aldamak epaitegiko atean hitz egin du kazetarien aurrean, epaia jakin berritan, eta esan du «pozik» dagoela. «Ikusi da herri honetan baliagarria izan daitekeela kolaborazioa. Pozik nago epai honekin, eta espero dut atzetik datozenek ere kolaboratzea».