Migratzaileak

240 milioi euroko funtsa Siriako iheslariei laguntzeko

Iraken, Jordanian eta Libanon dauden iheslarientzat izango da laguntza. «Elkartasun keinu» gisa deskribatu du erabakia EBko Hedatze komisario Oliver Varhelyik.

Iheslari talde bat Greziako mugan. DIMITRIS TOSIDIS, EFE
arantxa elizegi egilegor
2020ko martxoaren 31
18:28
Entzun

Siriako gerra hasi zenetik hamar urte bete diren honetan, handik ihesi alde egin zutenek noraezean jarraitzen dute. Haiek eragin dute Turkiaren eta EBren arteko azken krisia ere, Ankarak argudiatu baitzuen gerrak okerrera egin zuela iheslariei mugak zabaldu zizkienean. Halakorik gehiago gerta ez dadin, Batasunak iragarri du funts bat sortuko dela iheslari horiek jasotzen dituzten herrientzat.

240 milioi euroko laguntza izango da Irak, Jordania eta Libanori zuzendutakoa. Migratzaileak hartu dituzten komunitateen osasun, hezkuntza eta gizarte beharretara bideratuko da dirua, EBko Hedatze komisario Oliver Varhelyikek azaldu duenez. «Komunitate ahulenekiko elkartasun keinu bat da. Orain, koronabirusak eragindako krisiaren ondorioz, okerrera egin baitu haien egoerak».

Libanoren kasuan, ehun milioi bideratuko dituzte egoera ahulenean dauden Siriako iheslariei laguntzeko, eta beste 57,5 milioi hezkuntza baliabideak bermatzeko. Azkenik, 10,5 milioi jarriko dituzte adingabeen segurtasuna bermatzeko.

Jordaniaren kasuan, 27,5 milioi bideratuko dira errefuxiatuentzako kanpalekuetan dauden adingabe siriarrei hezkuntza baliabideak eskaintzeko; 22 milioi, lehen arreta eta osasun zerbitzuak bermatzeko; eta beste 11 milioi jarriko dituzte emakume errefuxiatuei laguntzeko, etxebizitzak erosten, besteak beste.

Iraken kasuan, indarkeriatik ihesi joan eta etxera itzuli direnei laguntzeko baliatuko dira hamar milioi euro inguru.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.