Errusiak Kieveko munizio biltegi bati eraso egin dio, eta gutxienez 37 lagun hil

Etxebizitzak daude biltegiaren ondoan, eta gutxienez 50 eraikin kaltetu eta 42 pertsona zauritu dira.

Zaporizhiako merkataritza gune bat suntsituta, atzo, Errusiaren eraso baten ondorioz. OLEG MOVCHANIUK / EFE
Zaporizhiako merkataritza gune bat suntsituta, atzo, Errusiaren eraso baten ondorioz. OLEG MOVCHANIUK / EFE
Julen Urrestarazu
2026ko abuztuaren 29a
13:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gutxienez 37 pertsona hil eta 42 zauritu ziren atzo gauean Butxan (Ukraina), Errusiak Ukrainako Estatu Indarren munizio biltegi batean droneekin egindako eraso baten ondorioz, hango agintariek zabaldu dutenez. Kieveko eskualdean dago Butxa hiria, eta 381 pertsona atera dituzte handik. Gainera, beste hildako bat ere gehitu behar zaio zerrendari: Kieven bertan 2 urteko haur bat hil du Errusiak gaur, kafetegi bati eraso egin ostean drone baten bidez. Hortaz, guztira 38 dira azken 24 orduetan hildakoak. Kopuru hori kontuan hartuta, Errusiak aurten Kieven egin duen erasorik larriena izan da.

Timur Tkatxenko Kieveko administrazio erregionaleko buruak eman du erasoaren berri, Telegram bidez : «Zoritxarrez, orain arte 27 pertsona hil dira. Eta baliteke kopuru hori behin betikoa ez izatea», adierazi du hasieran. Gehitu du zaurituetatik lau haurrak direla, eta zazpi lagun ospitaleratu egin dituztela. Lehen orduko balantzea izan da hori, eta geroago jakinarazi dute gehiago zirela hildakoak.

Erasoaren ondoren, leherketa bat ere izan zen Ukrainako Estatu Indarren biltegi horretan, eta ondoko eraikinak ikuskatzen ari dira. «Gutxienez 50 eraikinek kalte larriak dituzte», azaldu du Tkatxenkok.

Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak sare sozialetan gaitzetsi du «munizioa etxebizitzetatik gertu» biltegiratu izana; «arduragabekeriatzat» jo du, eta adierazi sakon ikertuko dutela zer gertatu den. «Arauak argi daude: ezin da muniziorik biltegiratu etxebizitzetan edo haietatik gertu. Hori gertatzeari bide eman diotenek ondorioak izango dituzte», nabarmendu du Zelenskik. Horrez gain, nabarmendu du Ukrainak nazioartearen laguntza behar duela: «Ezin dute Ukraina bakarrik utzi horrelako erasoei aurre egiteko orduan».

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA