Floyden hilketa

30 urteko kartzela zigorra eskatu du fiskaltzak Chauvinentzat

Abokatuak zigor arinagoa eskatu du, argudiatuta polizia ohiaren ibilbide profesionalean ez dagoela «aurrekari kriminalik».

Kandelak George Floyd plazan, Minneapolis hirian, haren hilketaren urteurrenean. CRAIG LASSIG, EFE
arantxa elizegi egilegor
2021eko ekainaren 3a
10:43
Entzun

Joan den apirilean epaimahaiak erruduntzat jo zuen Derek Chauvin polizia ohia leporatzen zitzaizkion delitu guztiengatik: bigarren graduko erailketa, hirugarren gradukoa eta nahi gabeko hilketa. Maiatzean, Peter Cahill epaileak inguruabar astungarriak aipatu zituen bere ondorioetan. Txostenaren arabera, polizia ohia bere karguaz baliatu zen, George Floydekin «ankerkeria handiz» jokatu zuen, beste hainbat pertsonaren adostasunarekin jokatu zuen eta adingabeen aurrean hil zuen gizonezko afro-amerikarra. Astungarri horietan oinarrituta, fiskaltzak 30 urteko espetxe zigorra eskatu du Chauvinentzat, eta eskatu dio epaimahaiari berretsi ditzala epaileak aurkeztutako ondorioak.

Aldiz, Eric Nelson defentsako abokatuak polizia ohiaren aurkako zigor arina galdegin du, argudiatuta ez duela «aurrekari kriminalik» eta haren jokabidea «porrot egindako» sistema baten emaitza izan zela. «Bihotzeko arazoak diagnostikatu dizkiote Chauvini, eta, espetxe zigor luze batek haren bizi itxaropenean izan ditzakeen ondorioez gain, krimen batengatik zigortutako ofizial batek arrisku handiagoa du jomuga bilakatzeko», nabarmendu du Nelsonek.

Defentsako abokatuak gogorarazi du Chauvinek eta atxiloketan parte hartu zuten poliziek larrialdi zerbitzuei deitu zietela, eta argudiatu hori «ankerkeriaren aringarrritzat» jo beharko litzatekeela, baita poliziak anbulantzia heldu arte bertan geratu izana ere. Nelsonen arabera, iazko maiatzean Floyd itota hil izana «fede onez egindako akatsa» izan zen.

Iazko maiatzaren 25ean hil zuten Floyd. Minneapolisko Poliziak atxilo hartu zuen erosketak hogei dolarreko billete faltsu batekin ordaintzeagatik. Lau polizien artean lurrera bota zuten, eskuburdinak jarri zizkioten, eta haietako batek, Chauvinek, belaunarekin lepoa zapaldu zion, geldirik eusteko, nahiz eta berak behin eta berriz errepikatu ezin zuela arnasarik hartu. Epaiketan erakutsi zuten transkripzioak frogatu zuen moduan, Floydek hogei alditan errepikatu zuen itotzen ari zela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.