AEB Ameriketako Estatu Batuen eta Venezuelaren arteko harremana ez da beti bera izan azken hamarkadetan. Hugo Chavez Venezuelako presidente kargura iristea izan zen bi herrialdeen arteko harremanaren mugarri nagusia. Iraultzaile bolivartarra agintean zela, bi herrialdeen arteko distantzia areagotu egin zen, eta Nicolas Maduro eta Donald Trump egungo presidenteak kargura iritsi zirenetik are gehiago handitu da distantzia hori.
- 1992ko otsaila. Hugo Chavez estatu kolpea ematen ahalegindu zen, Venezuelako armadako beste lau teniente koronelekin batera. Carlos Andres Perez orduko presidentearen aurkako mugimendu bat izan zen, baina huts egin zuen. Mugimendu horren ondorioz kartzelan sartu zuten Chavez —bi urtez egon zen preso—, baina mapa politikoan kokatu zuen. Hala, Venezuelako pertsonaia ezagunenetako bat bilakatu zen.Â
- 1998ko abendua. MVR Bosgarren Errepublika Mugimendua sortu ostean, herrialdeko presidentetzarako bozak irabazi zituen, botoen %56,2 eskuratuta. 1999an egin zuen karguaren zina, eta urte amaieran onartu zuen konstituzio berria.Â
- 2002ko apirila. Chavezen aurkako estatu kolpea jotzen ahalegindu ziren, eta Venezuelako Gobernuak AEBei egotzi zien mugimendua. Washingtonek, ordea, ukatu egin zuen. Tentsio horren ondorioz, bi herrialdeek aurkariaren enbaxadoreak kanporatu zituzten beren herrialdeetatik.
- 2005eko abuztua. AEBetako Droga Kontrolatzeko Administrazioa —DEA ingelesezko siglez ezaguna, AEBetan drogen trafikoari eta kontsumoari aurre egiteaz arduratzen da, eta drogei buruzko ikerketak koordinatzen ditu AEBetatik kanpo— herrialdetik bota zuen Chavezek, «narkotrafikoaren aurkako maskara» erabiliz, Venezuelako Gobernuaren aurka egitea egotzita.
- 2009ko urtarrila. Barack Obama demokrata AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidente kargura iritsi zen, eta bi herrialdeen arteko harremanak hobera egingo zuela espero zen, baina ez zen halakorik gertatu.
- 2013ko martxoaren 5a. Hugo Chavez hil zen, minbiziak jota. Madurok hartu zuen presidente kargua, eta Chavezen ildo politiko berari jarraitu zion. Hala, Venezuelaren eta AEBen arteko harremanak berdin-berdin jarraitu zuen.
- 2014ko abendua. Obamaren gobernuak Venezuelako giza eskubideen eta gizarte zibilaren defentsari buruzko legea onartu zuen. Zigor jakin batzuk ezartzeko erabili zuten AEBek lege hori; Washingtonen esanetan, Venezuelan «giza eskubideen urraketen erantzule» izan zirenei.
- 2015eko martxoa. Obamak dekretu bat igorri zuen, argudiatuta Venezuela «ezohiko mehatxua» zela AEBetako segurtasun nazionalari eta kanpo politikei zegokienez. Eta zigorrak ezarri zizkien Venezuelako hainbat funtzionariori, giza eskubideen urraketak egitea egotzita.
- 2016ko azaroa. Donald Trump AEBetako egungo presidenteak lehenengo aldiz irabazi zituen AEBetako presidentetzarako bozak. Lider errepublikanoaren lehen agintalditik, Trumpen eta Maduroren arteko harremana etengabeko krisi betean egon da, elkarri egindako salaketak eta ezarritako neurri ekonomikoak tarteko, besteak beste.
- 2019ko urtarrila. 2018ko Venezuelako presidentetzarako bozak Madurok irabazi zituen, baina AEBek ez zituzten emaitza ofizialak onartu, eta Juan Guaido oposizioko burua aitortu zuten presidente. Hori zela eta, AEBekin harreman «diplomatikoak eta politikoak» haustea erabaki zuen Madurok.
- 2024ko azaroa. Trump bigarren aldiz iritsi zen agintera. Etxe Zuriko maizterrak narkotrafikoarekin lotutako delituak leporatu dizkio Madurori bi agintaldietan, eta horrek okerrera egin du azken hilabeteetan, Etxe Zuriko egungo buruaren bigarren agintaldian.
- 2025eko iraila. AEBetako armada Karibeko urak kontrolatzen hasi zen. Ordutik, hainbat ontziri egin die eraso, betiere «narkotrafikoaren aurkako» operazioak direla argudiatuta. Orduz geroztik, AEBek 35 ontziri egin diete eraso Kariben eta inguruan, eta gutxienez 115 lagun hil dituzte, Trumpen gobernuak azken hilabeteotan jakinarazi duenez.
- 2025eko azaroa. Pentagonoak inguru horretara eraman zuen USS Gerald R. Ford hegazkinontzia, munduko handiena, eta bertan dago oraindik ere.
- 2025eko abendua. Venezuelan jarduten duten petroliontzien kontrako zigorrak ezarri zituen Washingtonek.
- 2025eko urtarrilaren 2a. Venezuela AEBekin batera narkotrafikoari aurka egiteko «prest» dagoela esan zuen Madurok, eta Washingtonekin negoziatzen hasteko prestutasuna erakutsi zuen.
- 2025eko urtarrilaren 3a. AEBek eraso egin die Venezuelari, eta Maduro eta haren emaztea preso hartu dituzte.
Â