Gas bonbonak zeramatzan kamioi bat lehertu zen atzo gauean Kairon, eta leherketak eragindako sutearen eraginez gutxienez 31 pertsona hil dira eta 21 zauritu. Datu horiek eman ditu gaur Egiptoko Osasun Ministerioak.
Hiriburuaren iparraldeko Warraq barrutiko saihesbide batean istripu bat eduki zuen gas bonbonak zeramatzan kamioi batek, eta horregatik gertatu zen leherketa. Pertsona bat atxilotu dute. Fiskaltzak ohar batean jakinarazi duenez, istripua eragin zuen pertsona da.
Ministerio Publikoaren esanetan, ustezko erantzulea atxilo hartzeko kontuan hartu dituzte lekukoen lekukotzak, gertakarien lekuan egindako ikuskatzeak, eta «zirkunstantzien analisia». Atxilotuak aitortu du bonbonak zeramatzan kamioia jo izana orduko 110 kilometroko abiaduran zihoala eta karrilen artean maniobrak egiten ari zela, horrek guztiak eragin zuela istripua. Kamioia irauli eta lehertu egin zen.
Dena den, hedabide batzuek lekukoak aipatuz kaleratu dutenez, beste zerbaitek eragin zuen istripua. Informazio horien arabera, tentsio handiko kable bat erori zen kamioiaren aurrean, gidariak kontrola galdu zuen, eta horregatik irauli zen ibilgailua.