Amaitu da AEBetako administrazioaren inoizko itxialdirik luzeena

43 egun iraun du. Lege proiektua aurrera atera da Ordezkarien Ganberan, sei senatari demokratak aldeko botoa eman baitute. Funtzionarioek beren soldata jasoko dute, eta 42 milioi pertsonak baino gehiagok jakiak erosteko laguntzak jasoko dituzte.

Donald Trump, bart, Etxe Zurian, lege proposamena sinatzen, kideak atzean dituela. BONNIE CASH /EFE
Donald Trump, bart, Etxe Zurian, lege proposamena sinatzen, kideak atzean dituela. BONNIE CASH /EFE
Aitor Garmendia Etxeberria - Beñat Mujika Telleria
2025eko azaroaren 13a
08:07
Entzun 00:00:00 00:00:00

Amaitu da shutdown delakoa —hala deitzen diote AEBetan administrazioaren itxialdiari—. Donald Trump AEBetako presidentearen sinadurarekin batera, eta 43 egun igaro ostean, bukatu da inoizko itxialdirik luzeena. Bart egin da bozketa, Ordezkarien Ganberan, eta horren ostean sinatu du lege proiektua Trumpek. «Ohorea da lege proiektu hau sinatzea eta herrialdea berriro martxan jar dadin lortzea», esan du AEBetako presidenteak, akordioa sinatu berritan.

Herenegun Senatuak AEBetako administrazioa berriz martxan jartzeko akordio bat onartu ostean, Ordezkarien Ganberan ere aurrera egin du. Lan nekezagoa zen, teorian behintzat, Senatuaren onespena lortzea. Ehun senatarik osatzen dute ganbera hori, eta errepublikanoen esku daude 53 eserleku. Baina ez ziren nahikoa itxialdia amaitzeko akordioa onartzeko; 60 aldeko boto behar ziren horretarako. Aurreko asteetan hamalau bozketa egin ostean, azkenean astelehenean lortu zuten Alderdi Demokratako zazpi senatarik baiezko botoa ematea. Akordio horretan, urtarrilaren 30era arte administrazioa finantzatzea onartu dute senatariek. Izan ere, hori da itxialdia: Kongresuan aurrekontuen inguruan ados jartzen ez direlako administrazioari diru iturriak moztea. Behe ganberan egin den bozketan, berriz, sei ordezkari demokratak eman dute botoa lege proiektuaren alde —222-209 amaitu da bozketa—.  

Bozketa egin eta berehala sinatu du lege proiektua Trumpek, Etxe Zurian egin den ekitaldi batean. «Ameriketako Estatu Batuetako herriari hau baino ez diot esan nahi: ez dezala inoiz ahaztu gertatutakoa», adierazi du Etxe Zuriko bulegotik, bi alderdien arteko tirabirei erreferentzia eginez. AEBetako presidentearen esanetan, «estortsioa» egin diete demokratek errepublikanoei gobernuaren itxiera luzatu zedin, eta mezu bat bidali die Kongresuko alderdikideei: «Kongresuan daukagun oztopoa ezabatuko bagenu, ez litzateke halakorik berriro gertatuko». Horregatik, gogorarazi die 2026an legealdi erdia igaro osteko bozketak egingo direla.

AEBetako presidenteak lege proiektua sinatuta, urriaren 1etik soldata jaso gabe dauden funtzionarioak berriz ere kobratzen hasiko dira. Gaur bertan ikusiko dira, seguruenik, onartutako lege proiektuaren ondorioak; milaka langile euren lanpostuetara itzuliko dira, agentzia federalek lanera deitu baitituzte. Era berean, SNAP Elikadurarako Laguntza Osagarriaren Egitasmoan izena emandako 42 milioi pertsonak baino gehiagok jakiak erosteko laguntzak jaso ahal izango dituzte berriz. Programa horren bitartez, gobernuak laguntza ematen die diru sarrera gutxiko eta diru sarrerarik gabeko familiei.

Hori bai, aireportuek, esaterako, denbora gehiago beharko dute beren ohiko funtzionamendura itzultzeko. Itxialdiagatik, aireportuetako kontrolatzaileak soldatarik kobratu gabe aritu dira lanean, baina askok lanera ez joatea erabaki dute. Horregatik, hegaldiak murriztu behar izan dituzte. Azken egunetan milaka hegaldi geratu dira bertan behera AEBetako aireportuetan, eta atzerapenak ere ugariak izan dira. Itxialdiaren aurretik ere aire kontrolatzaileak falta ziren AEBetan. Gainera, aire kontrolatzaileen elkarteek jakinarazi dutenez, aurreko itxialdiaren ostean —orain arteko luzeena, Trumpen lehen agintaldikoa (2017-2021)— bi hilabetera arteko atzerapenarekin jaso zituzten ordaindu gabeko soldatak. Hori aski ez, eta datozen asteetan herrialde horretan bidaia gehien egiten dituzten egunak izango dira: hilaren 27an ospatuko dute Eskerrak Emateko Eguna. Horrek guztiak zaildu egingo du AEBetako aire trafikoa normaltasunera itzultzea.

Obamacare ardatz

Onartutako akordioak, baina, ez du jasotzen demokraten eskakizun nagusia: Obamacare osasun programaren laguntzak luzatzea. Urte honen amaieran bertan behera geratzekoak dira laguntza horiek. Barack Obama AEBetako presidente ohiak (2009-2017) osasun sisteman eginiko erreforma horren helburua da herritar gehiagok edukitzea osasun asegurua bermatuta. Hala, laguntza horiek eteten badituzte, 24 milioi estatubatuarri nabarmen garestituko zaie osasun asegurua.

Besteak beste, aurrekontuen negoziazioan gai horren inguruko adostasunik lortu ez zutelako hasi zen itxialdia. Senatuak herenegun onartutako akordioaren arabera, errepublikanoek konpromisoa hartu dute abenduan laguntza horien inguruko bozketa bat egiteko, goi ganberan. Kontuan eduki behar da Alderdi Errepublikanoak gehiengoa duela Kongresuko bi ganberetan; beraz, bozketa egite hutsak ez du bermatzen laguntzak luzatuko dituztenik. 

Zalaparta sinadura ekitaldian

Lege Proiektua Behe Ganberan onartu eta segituan egin da sinadura ekitaldia Trump presidenteak Etxe Zurian daukan bulego nagusian. Bertan, kazetariek galderak egiteko aukera izan dute, baina bulegotik bota ditu Trumpek, kazetarietako batek Epstein kasuaren inguruan galdetu baitio.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.