Gutxienez laurogei migrante hil dira Kanaria uharteetarantz (Espainia) zihoan txalupa batean, tartean haur bat, erreskate zerbitzuek jakinarazi dutenez; duela ia hilabete atera zen Gambiatik, eta noraezean zegoen. Atzo arratsaldean atzeman zuten ontzia, Kanaria Handia irlatik ehun kilometro pasatxora; 44 lagun zeuden ontzi barruan, eta bost gorpu.
Caminando Fronteras gobernuz kanpoko erakundeak jakinarazi duenez, Guardia Zibilak esan dio inskripzio batzuk dituela txalupak, abuztuaren 7an Gambiatik atera zen txalupa batek zituen inskripzio berak, hain zuzen. 128 lagun itsasoratu ziren orduko hartan, lau emakume eta haur bat barne.
Larrialdi zerbitzuek larri zeuden hiru lagun erreskatatu zituzten atzo, eta ospitaleratu egin zituzten; gainontzekoak, berriz, Kanaria Handiko Arguineguin herriko portura eraman zituzten, eta horietako beste hiru anbulantzietan eraman zituzten ospitalera. Bizirik atera zirenek Gurutze Gorriari esan diotenez, «ehun lagun baino gehiago» abiatu ziren abuztuaren hasieran Gambiatik, eta «asko» hil dira itsasoan.