Beste sarraski bat gertatu da Marokotik Kanarietarako bidean; enegarrena. Oraingoan 86 migratzaile zeramatzan ontzi bat hondoratu da. Marokoko kostazainek 22 gorpu berreskuratu dituzte —21 emakume eta bi urteko neska bat—, baina, oraingoz, desagertuta jarraitzen dute gainontzekoek. Rabatek aurreratu du ez dutela inor bizirik aurkitu.
Ontzian zihoazenen artean 36 emakume eta sei adingabe zeuden. Haietatik gehienak Boli Kosta eta Gineakoak ziren. Caminando Fronteras gobernuz kanpoko erakundeko sortzaile Helena Malenok zabaldu duenez, hildako bi urteko neska Nadorren jaio zen, Marokon. Haren ama haurdun heldu zen herrialdera, bere jaioterritik ihes egin ostean.
Azken asteetan nabarmen ugaritu dira halako tragediak. Igandean bertan lehen aipatutako gobernuz kanpoko erakundeak jakinarazi zuen ontzi batean zihoazen 55 pertsonetatik 29 hil egin zirela. Ontziak hamabi egun zeramatzan itsasoan galduta aurkitu zutenean. Txalupan zihoazen zortzi adingabeetatik bakarra aurkitu zuten bizirik.
Caminando Fronteras erakundearen arabera, urtea hasi zenetik 2.000 pertsona migratzaile hil edo desagertu dira Kanarietara bidean.