Abbasek esan du azaroan bozak egingo dituztela Palestinan

PAN Palestinako Aginte Nazionaleko presidenteak ziurtatu du boz orokorrak eta presidentzialak egingo dituztela. Azken hogei urteetan ez dute hauteskunderik egin. Al-Fatahk berriz hautatu du Abbas alderdiko buru.

Abbas atzo Ramallahn, Al-Fatah alderdiaren zortzigarren batzar orokorrean. ALAA BADARNEH / EFE
Abbas atzo Ramallahn, Al-Fatah alderdiaren zortzigarren batzar orokorrean. ALAA BADARNEH / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2026ko maiatzaren 15a
10:43
Entzun 00:00:00 00:00:00

Atzerapenak bata bestearen atzetik, eta jada badira hogei urte PAN Palestinako Aginte Nazionalerako bozik egin ez dutela. Bada, Mahmud Abbas erakunde horretako presidenteak ziurtatu du hauteskunde orokorrak eta presidentzialak prestatzen ari direla azarorako. Hain justu, Al-Fatah Palestina Askatzeko Erakundeko talde nagusiak zortzigarren batzar orokorra hasi zuen atzo, eta Abbas hautatu zuten berriz ere alderdiko buru —2004an Yaseer Arafat hil zenetik dago kargu horretan—. 2016an egin zuten alderdi horren azken batzar orokorra.

Ramallahn, Zisjordaniako erdialdean ari dira egiten Al-Fatahren batzarra —bihar amaituko da—; aldi berean beste zenbait alderdikidek Gazatik, Kairotik eta Beirutetik hartu dute parte, telematikoki. Guztira 2.500 kide baino gehiago batzartu dira, eta aho batez aukeratu dute Abbas alderdiko presidente. Gainera, batzarrean hautatuko dituzte alderdiaren batzorde nagusia osatuko duten hemezortzi kideak ere. 1994tik, PAN sortu zutenetik, Al-Fatah dago agintean Zisjordanian.

Atzo, Al-Fatahren batzarra ireki berritan, Abbasek hitza hartu zuen, eta ziurtatu bozak egingo dituztela. Azkenekoz 2005eko urtarrilean egin zituzten PANeko presidentetzarako bozak, eta azken hauteskunde orokorrak 2006ko otsailean. Abbasek gehitu zuen prest dagoela PANen barruan aldaketak egiteko —besteak beste AEBak hori eskatzen ari dira— eta Al-Fatah «odol berriarekin» biziberritzeko.

Gaur Nakba —hondamendia esan nahi du, arabiarrez— eguna da palestinarrentzat: 78 urte bete dira milizia sionistek eta Israelgo armadak 750.000 palestinar beren bizitokietatik kanporatu zituztenetik. 1948ko maiatzaren 14an sortu zuten Israelgo Estatua, eta gaurko eguna erabiltzen dute oroitzeko estatu hori sortu zutenetik palestinarrak pairatzen aritu diren zapalkuntza eta exodoa.

Ehunka israeldar ultranazionalista bildu ziren atzo Jerusalemgo Hiri Zaharrean Jerusalem ekialdearen okupazioa osapatzeko. ATEF SAFADI / EFE
Ehunka israeldar ultranazionalista bildu ziren atzo Jerusalemgo Hiri Zaharrean, Jerusalem ekialdearen okupazioaren urteurrena ospatzeko. ATEF SAFADI / EFE

Bestalde, bart Jerusalem eguna ospatu dute israeldarrek. 1967an Sei Eguneko Gerraren ostean Jerusalem ekialdea okupatu zutela ospatzen dute. Ehunka ultranazionalista israeldarrek Jerusalemgo Hiri Zaharra hartu zuten, eta palestinarrak iraintzen aritu ziren. «Heriotza arabiarrei» edo «erre dadila bere herrixka» gisakoak oihukatuz zeharkatu zituzten Hiri Zaharreko kaleak.

Israelen ere bozetara bidean

Asteazken gauean Israelgo Gobernuan dagoen koalizioak parlamentua desegiteko lege proiektu bat bultzatu zuen. Urriaren 27an da amaitzekoa legegintzaldia, baina, lege proiektuak aurrera egiten badu, hauteskundeak aurreratuko dituzte. Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroaren gobernuak mugimendu hori egin zuen oposizioari aurrea hartzeko. Oposizioak parlamentua desegiteko proiektu bat aurkezteko asmoa agertu zuen, eta hori babesteko prest agertu ziren gobernua babesten duten fakzio ultraortodoxo batzuk.

Izan ere, Netanyahuren gobernua zatituta dago judu ultraortodoxoen eta zerbitzu militarraren auziaren harira. Ikasketa erlijiosoak egiten ari diren ultraortodoxoek orain arte ez zuten zerbitzu militarra egin beharrik. Baina Netanyahuk esana du ez duela asmorik neurri hori bermatzen duen lege bat onartzeko. Eta adierazpen horiek krisia eragin dute gobernuaren barruan. Hortaz, oposizioak parlamentua desegitea onartu aurretik, Netanyahuk aurrea hartu du. Horrela, hauteskundeen egutegia kontrolatu ahal izango du. Halere, behin betiko onartzeko, lege proiektuak hiru bozketa igaro beharko ditu parlamentuan.

Libanoren eta israelen arteko elkarrizketak «eraginkorrak» izan dira

Washingtonen batzartu ziren atzo Israelgo eta Libanoko hainbat ordezkari, Libanoko su etena luzatzeko asmoz. Elkarrizketak «eraginkorrak» izan zirela jakinarazi zuen Etxe Zuriak —bitartekari ari da—, eta gehitu gaur jarraitzekoak direla. Apirilaren hasieratik hirugarren aldia da bi herrialde horietako ordezkariak biltzen direna. Eta negoziazio sorta horietako lehenaren ostean, apirilaren 17an, iragarri zuten Libanorako su eten bat indarrean sartuko zela, baina amaitzear da.
Otsailaren 28an Israelek eta AEBek Iranen aurka hasitako erasoaldiari erantzunez, Hezbollah talde xiitak eraso egin zion Israeli, eta ordutik Tel Avivek erasoak areagotu ditu Libanon, baita herrialdearen hegoaldea inbaditu ere. Menia indarrean badago ere, atzo bertan gutxienez 25 pertsona hil zituen Israelgo armadak Libanon.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA