Erresuma Batuko Parlamentuak dekretu bat onartu zuen atzo haurdunaldiaren edozein etapatan abortua despenalizatzeko. Hala, Ingalaterrran eta Galesen emakumeek nahi dutenean eten ahal izanen dute haurdunaldia, eta ez diete horregatik kartzela zigorrik ezarriko. Erresuma Batuko lau lurraldeetatik bitan soilik eraginen du lege zuzenketa berriak, Eskozian eta Ipar Irlandan bertze lege bat aplikatzen baita.
Komunen Ganberan egindako bozketan, aldeko botoak 379 izan ziren; zuzenketaren aurkakoak, berriz, 137. Orain, Lorden Ganberan jarraituko dute prozesu parlamentarioa gauzatzen, eta, lege bihurtu aitzinetik, behin betiko bozketa bat egin beharko dute.
Egungo legediaren arabera, Ingalaterrako eta Galesko emakumeek lehen 24 asteetara arteko epea dute abortatzeko; hortik aitzinera, Pertsonaren Aurkako Delituen Legeak erraten du «delitu penala» dela abortatzea, eta bizi guztirako kartzela zigorra ezar dakiokeela emakumeari, non eta ez dagoen haren bizia arriskuan dagoela egiaztatzen duen ziurtagiririk. 1861ekoa da lege hori, eta, hain justu, horixe da atzoko bozketaren bidez baliogabetu dutena. Erresuma Batuko Gobernuaren datu ofizialen arabera, 2022an 250.000 abortu baino gehiago egin zituzten Ingalaterran eta Galesen.
Tonia Antoniazzi diputatu laboristak aurkeztu zuen zuzenketa, eta lege aldaketa eskatu zuen, «emakumeak ikertu, atxilotu edo espetxeratu ez ditzaten haurdunaldiak legezko mugatik harago eteteagatik».
Diputatuak salatu zuenez, abortuen ia %99 haurdunaldiaren hogeigarren astera iritsi baino lehen gertatzen dira, eta, hortaz, bertze %1a «muga-mugako egoeretan» egiten dira. Horrez gain, gogora ekarri ditu 1861 eta 2022 artean «legez kanpoko abortu» delitupean atxilotutako hiru emakumeak, eta salatu du haurdunaldia eteten duten emakumeek arreta eta babesa behar dutela, «ez kriminalizazioa».
Aldekoak eta kontrakoak
Heidi Stewart BPAS Haurdunaldiari Buruzko Aholkularitza Zerbitzu Britainiarreko zuzendari exekutiboak aldaketa «erranguratsua» dela erran du, 1967an abortuaren azken legea onartu zenetik ez baita halako aldaketarik egin.
Dena dela, atzo zuzenketaren kontra agertu zirenek «lazgarritzat» jo zuten Parlamentuaren erabakia, eta legea inpugnatzearen aldeko «borrokan» jarraituko dutela erran zuten. Haien artean izan zen, bertzeak bertze, SPUC Jaio Gabeko Haurrak Babesteko Elkarteko gerenteetako bat.