Adolfo Suarez Espainiako gobernuburu izandakoa salatu du emakume batek, sexu eraso jarraituengatik

Salatzailea adingabe zela hasi zen indarkeria sexuala, 1983an, eta hiru urte iraun zuen. Politikariak «bere botere posizioa» baliatu zuela salatu du Accion Comadres elkarte feministak.

Adolfo Suarez 1977an, artxiboko irudi batean. EFE
Adolfo Suarez 1977an, artxiboko irudi batean. EFE
Maite Asensio Lozano.
2025eko abenduaren 18a
06:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Emakume batek Adolfo Suarez Gonzalez zenaren aurkako salaketa aurkeztu du Madrilgo epaitegi batean: sexu abusuak eta erasoak egiteaz akusatu du Espainiako Gobernuko presidente izandakoa. Salatzailea adingabe zela hasi zen sexu bortizkeria, 1983an, eta hiru urte iraun zuen. Accion Comadres elkarte feministak eman du salaketaren berri: «Suarezek bere botere posizioa erabili zuen, adingabeak harekiko sentitzen zuen mirespenarekin batera, hura azpiratzeko». Emakumeak jarritako salaketa eskuratu du BERRIAk: Suarezen bulegoan eta etxean gertatutako hainbat erasoren berri eman du, xehetasun handiz. «Bizi osoan jasan ditut salatutako gertaeren ondorioak, eta egun ere birbiktimizazio prozesu bat pairatzen ari naiz», adierazi du.

Espainiako politikagintzako figura handienetako bat da Adolfo Suarez. Francisco Francoren erregimenaren osteko lehen gobernuburu hautatua izan zen 1977an, diktaduratik trantsiziorako bidearen gidari nagusietako bat. Euskal Herrian, dena den, errepresio handiko garaia izan zen haren agintaldia; besteak beste, indarkeria parapoliziala areagotu zen, eta aro horretakoak dira 78ko sanferminetako gertakariak. Ez zuen agintaldi luzea izan: 1981ean dimisioa aurkeztu zuen, eta Espainiako Kongresuko diputatu aritu zen beste hamar urtez. 2003an erretiratu zen erabat, alzheimerrak jota. 2014ko martxoan zendu zen, 81 urte zituela. Ezkonduta egon zen, eta bost seme-alaba izan zituen.

«Bizi osoan jasan ditut salatutako gertaeren ondorioak, eta egun ere birbiktimizazio prozesu bat pairatzen ari naiz»

Salaketa jarri duen emakumea

25 ohorezko domina eta titulutik gora jaso ditu Suarezek, eta hil zenean, haren izena jarri zioten Madrilgo aireportuari. Duela gutxi, gainera, telesail bat estreinatu dute 1981eko otsailean estatu kolpea emateko ahaleginean Suarezek izandako rolaren inguruan. Haren figuraren goreste horrek guztiak «birbiktimizazio sakona» eragin dio salatzaileari, Accion Comadres taldeak nabarmendu duenez, eta «erabakigarria» izan da erasoak publiko egiteko «urrats zaila» egiteko.

Izatez, emakumeak joan den astean aurkeztu zuen ofizialki salaketa, abenduaren 9an. Zortzi orrialdeko idatzi bat da, eta xehetasun ugari jaso ditu, besteak beste, Suarezen bulegoaz, etxeaz, salatzailearen janzkeraz eta bien arteko solasaldiez. Emakumeak aitortu du jabetzen dela salatutako gertaeren garrantziaz, «egilearen botere posizioagatik»: «Horregatik ez da salaketa formalik izan orain arte, nahiz eta gertatu eta gutxira horien berri izan zuten nire familiak eta gertukoek, eta laguntza bila joan naizenean artatu nauten profesionalek».

«Presidentearen» bulegoan

Salaketan jasotako kontakizunaren arabera, emakumeak 1982 amaieran ezagutu zuen Adolfo Suarez; ordurako gizonak utzia zuen gobernua, baina goi mailako politikan jarraitzen zuen, besteak beste, Espainiako Kongresuko diputatu eta CDS alderdiko buru. Salatzaileak, artean adingabe zela, gutun bat idatzi zion: «Nire miresmena adierazi nion, eta aholkua eskatu nion, ea zer ikas nezakeen nire herriari eta nire jendeari laguntzeko». Biharamunean erantzun zion Suarezen idazkarietako batek, eta esan «presidenteak» ikusi egin nahi zuela, haren bulegoan —gerora, bi idazkarien bidez lotuko zituen hitzordu gehienak—.

Lehen bilera hartan hainbat gairen inguruan hitz egin zuten, eta formakuntza juridiko ona izatea gomendatu zion presidente ohiak. «Promes asko egin zizkidan; lagunduko zidala esan zidan». Tartean, emakumearen harridurarako, mutil lagunik ba al zuen galdetu zion Suarezek, eta ea antisorgailurik erabiltzen al zuen; ondoren, «isiltasun deserosoak» izan ziren. «Nik ez nuen inolako erakarpenik sentitzen gizon harekin; nire aitak baino 11 urte gehiago zituen».

«Ez nuen ezer ulertzen, guztiz blokeatuta geratu nintzen, erreakzionatu ezinik. [...] Felazio bat egitera behartu ninduen. Nik ez nekien zer egin, eta berak esan zidan»

Salaketa jarri duen emakumea

1983ko martxoaren hasieran izan lehen erasoa. «Izu handiz oroitzen dut egun hura». Salaketan jaso duenez, Suarezen bulegoko sofan eserita zeudela, gizonak eskutik heldu zion eta harengana erakarri zuen; emakumea ez zenez mugitu, gainera joan zitzaion, eta ahoan muxu eman zion. «Ezpainak irekitzeko esan zidan, mingaina sartzeko; muxu nazkagarria izan zen, puru habano zaporekoa». Bularrak ukitu zizkion arroparen azpitik: «Ez nuen ezer ulertzen, guztiz blokeatuta geratu nintzen, erreakzionatu ezinik». Ondoren, presidente ohia zutik jarri zen, prakak askatu zituen eta ahoa irekitzeko esan zion: «Felazio bat egitera behartu ninduen. Nik ez nekien zer egin, eta berak esan zidan. Kanpoan eiakulatu zuen, eta zapi batekin garbitu zen. Zakil hori izan zen nik ikusitako lehena. Altxatu, eta alde egin nuen; ezin nuen gehiago».

Salatzaileak adierazi du orduan ez ziola izenik jarri gertatu zitzaionari: «Urte batzuk geroago, nire psikologoetako batek esan zidan bortxaketa bat jasan nuela adingabea nintzela, eta azaldu zidan nire erreakzio falta intimidazioaren eta nagusitasun abusuaren ondorio izan zela». Orduan, ordea, ez zion inori ezer kontatu, eta ezin izan zuen Suarezekiko harremana eten, besteak beste, beldurragatik: «Botere handia zuen, bizitza are gehiago hondatu ahal zidan».

Beraz, hitzordu gehiago izan ziren, eta eraso gehiago: «Gero eta min handiagoa egiten nion neure buruari hara joanda, baina ez nekien nola gelditu». Eraso gehienak Suarezen bulegoan izan ziren, baina 1984ko abuztuan etxera eraman zuen. Emakumeak gogoan du bizitokia erakusten ari zitzaiola «beldurra» sentitu zuela gizonaren begiradarekin, eta ondoren, sarketa egitean min egin ziola eta gelditzeko eskatu ziola.

Indarkeriaren ondorio luzea

Salatzailea hasieratik hasi zen sumatzen indarkeriaren eragina: «Barnerakoi bihurtu nintzen, ez nuen inorekin geratu nahi; denbora guztia ikasten ematen nuen, baina, aldi berean, kontzentratzeko gaitasun handia galdu nuen». Unibertsitatean hasitakoan, ezin zuen bizimodu normalik eraman: «Ezin nintzen mutilekin erlazionatu». 1985. urtearen amaieran, Suarezekiko harremana etetea erabaki zuen, eta gutun bidez jakinarazi zion. Presidente ohiak erantzun zion ez zuela onartuko bere erabakia, eta handik egun batzuetara emakumearen etxe aurrean agertu zen, lekuko batzuek gerora esan zutenez.

«Tortura hark hiru urte iraun zuen, eta bizi osorako markatu ninduen». Psikologoetan egindako ibilbide luzearen berri eman du emakumeak salaketan: «Indarkeria sexuala izan da gertatu zaidan guztiaren iturburua». Are, Madrilgo Erkidegoak genero indarkeriaren biktima gisa aitortua du.

Hala, salaketa tramiterako onartzeko eta gertatutakoa ikertzeko eskatu du emakumeak. Nagusitasuna eta intimidazioa erabiliz, sexu abusu eta eraso jarraituak egitea egotzi dio presidente ohiari. Salatzaileak berak idatzian onartu du akusatua hilda dagoela, delituak iraungita daudela, eta erasoak gertatu ziren garaian, gainera, berez ez zela sexu askatasunaren aurkako deliturik. Baina nabarmendu du Suarezek inguru profesionaleko bi pertsona «konplize, laguntzaile eta estaltzaile» izan zituela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.