Adolfo Suarezi aitortza instituzional guztiak kentzeko exijitu du gaur Podemoseko idazkari nagusi Ione Belarrak, Espainiako diputatuen Kongresuan emandako prentsaurreko batean. 1976tik 1981era Espainiako presidente izandakoaren aurka salaketa jarri du emakume batek, sexu eraso jarraituengatik. Belarrak salatzailearen «adorea» goraipatu du: «oso ausarta izan behar da herrialde honetan jaso daitezkeen aitortza politiko handienak jaso dituen erasotzaile bat salatzeko». Suarez 2014ko martxoan hil zen.
Francisco Francoren diktaduraren (1939-1975) osteko lehen presidentea izan zen Suarez, eta 25 ohorezko domina eta titulutik gora jasoak ditu. Gainera, hil zenean, haren izena jarri zioten Madrilgo aireportuari. Horiek guztiak kentzeko deia egin die Belarrak Espainiako Gobernuari eta Diputatuen Kongresuari. Besteak beste, exijitu du kentzeko Suarezen omenez jarrita dauden busto eta koadro guztiak; baita aireportuari izena aldatzeko ere.
Suarezen figuraren goreste horrek guztiak «birbiktimizazio sakona» eragin dio salatzaileari, eta, Accion Comadres elkarte feministak nabarmendu duenez, hala goretsi izana «erabakigarria» izan da salaketa aurkezteko. Elkarte hori salatzailearen alboan egon da urtebetez. Salaketaren arabera, erasoak 1982an hasi ziren, emakumea adingabea zela, eta hiru urtez iraun zuten.
Belarrak gaineratu du «harritu» egingo litzakeela PPk, PSOEk edo Voxek auziaren inguruan neurririk hartuko balute. Izan ere, alderdi horiei leporatu die «boterea duten erasotzaileen» inpunitatea babestu izana.