Adostutako akordioa haustea egotzi dio SDFk Siriari

Siriako armada berriro hasi da nagusiki kurduz osatutako koalizio armatuari eraso egiten, eta borrokak piztu dira Eufrates ibaiaren inguruan.

Siriako armadako soldadu batzuk Dair Haferren, gaur. AHMAD FALLAHA / EFE
Siriako armadako soldadu batzuk Dair Haferren, gaur. AHMAD FALLAHA / EFE
Igor Susaeta.
2026ko urtarrilaren 17a
18:01
Entzun 00:00:00 00:00:00

Siriako armadak eta haren aldeko fakzio armatuek segitzen dute SDF Siriako Indar Demokratikoak koalizioko milizianoei bultza egiten eta horiek Alepotik urruntzen Eufrates ibaiaren ekialderantz. Baina nagusiki kurduz osatutako koalizio armatuak egotzi dio armadari nazioarteak babestutako akordioa ez betetzea, eta indar militarrak eremu batzuetan sartzea beraiek horietatik alde egin aurretik. Horren ondorioz, borrokak piztu dira eremu horretan, eta, SDFren esanetan, hainbat miliziano hil dira. Siriako armadak ere baieztatu du hildakoak izan direla, baina ez du daturik eman.

SDFk ohar batean azpimarratu duenez, aldeek atzo gauean hitzartu zuten milizianoak Eufrates ibaiaz bestaldera igarotzea, mendebaldera, Alepotik 150 kilometro ingurura, eta ibaiak berak ezartzea fronteko lerroa. Aurreko igandean hasi ziren Siria iparraldeko hiri nagusitik erretiratzen, hainbat egunez Siriako armadaren erasoei erantzuten aritu ondoren. SDFkoen arabera, atzo gauean adostutako itunean zehaztu zuten su eten bat ezarriko zutela Dair Hafer eta Maskanah hirietatik alde egiteko —Alepotik 60 kilometrora dago bat, eta 100 kilometrora bestea—, eta 48 ordu edukiko zituztela horretarako. «Baina Damaskok konboi militarrak, arma astunak eta tankeak hedatu ditu, eta gure ekintzaileei eraso egin die». Siriako armadak komunikatu batean esan du, ordea, SDFkoek bi soldaduri eraso egin dietela goizaldean; alegia, SDFkoek urratu dutela ituna.

Bultzaka segitzen du Siriak, baina SDFkoek esan dute ezen Eufratesen ekialdean, Dibsi Afnanen, eusten segitzen dutela. Eremu horretan dagoen Al Jazeerako kazetari baten hitzetan, hainbat herritan ari dira borrokan; hainbat petrolio hobi daude inguruan, eta horien kontrola dago jokoan. Raqqa probintziara ere iritsi dira Siriako soldaduak —Eufratesen ekialdean dago—, eta han borrokan ari dira bi aldeak. Batzuek eta besteek etxeratzeko agindua ezarri dute.

Hain zuzen, balio sinbolikoa du Raqqak. EI Estatu Islamikoak 2013an konkistatu zuen, eta lau urte geroago muturreko islamisten eskuetatik askatu zuen SDFk. Koalizio horrek AEBen babes militarra eduki zuen EIren aurka egiteko ahaleginean, eta, hain justu, AEBen Siriarako ordezkari berezi Tom Barrack, Irakeko Kurdistango presidente Masud Barzani eta SDFko komandante Mazlum Abdi Irak iparraldean bildu dira gaur, koalizioak adierazi duenez.

Gertatzen ari denari buruz mintzatu zen Barrack atzo sare sozialetan, eta adierazi zuen alde guztiekin hizketan ari direla egoera baretzeko. Reuters berri agentziak gaur kaleratu duenez, AEBetako zenbait gerra hegazkin borroken eremuen gainetik igaro dira, eta bengalak jaurti dituzte, borrokak geratzera deitzeko. Barracken arabera, gainera, beharrezkoa da aldeek «integrazioari buruzko elkarrizketari heltzea berriro». Izan ere, SDFk eta Siriako presidente Ahmed al-Xaraak zera adostu zuten iazko martxoan: Siriako kurduen instituzioak estatuko egituretan integratzea 2025ean, eta, bide batez, SDFko milizianoak armadan integratzea. Ez da halakorik gertatu, ordea, nahiz eta ia urtebete daramaten negoziatzen. Eta 2025. urtea bukatu zenean, Siriako armada eta haren aldeko fakzioak berriro hasi ziren kurduei eraso egiten.

Bestalde, Siriako Gizarte Gaietarako ministro Hind Kabawatek txalotu egin du Siriako Gobernuak kurduei zenbait eskubide aitortzeko emandako pausoa. Ohar batean esan du, besteak beste, aurrerapauso bat eman dutela «herritarren arteko berdintasunak sendotzeko ahaleginean». Ahmed al-Xaraa presidenteak dekretu bat sinatu zuen atzo, eta haren arabera, esaterako, kurduera «hizkuntza nazional» gisa onartu dute. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.