Siriako Gobernuak kurduekin duen gatazkan pauso bat eman du Ahmed al-Xaraa presidenteak: dekretu bat sinatu du, herri horri zenbait eskubide aitortzeko. Bertzeak bertze, kurduera «hizkuntza nazional» izendatu du, eskola publikoetan eta pribatuetan kurdueraz irakastea baimendu du, kurduen egun nazionala (Newroz) Sirian jai nazional izanen dela erabaki du, eta 1960ko urteetatik Siriako herritartasuna aitortu gabe zuten kurduei huraxe aitortu eginen die. Zortzi puntu ditu dekretuak, eta kameren aitzinean sinatu du, Damaskon. «Zuen bizitza gure bizitza da, eta ongizatea baino ez dugu nahi gure herriarentzat: garapena, berreraikuntza eta gure herrialdearen batasuna, eta inork ez luke galdu behar onura horretan dagokion zatia», adierazi du X sare sozialean argitaratu duen mezu batean.
Alepon kurduen milizien eta gobernuaren aldeko indarren artean gatazka larriak diren honetan egin du eskubideen aitortza al-Xaraak. Alepo hirian iragan asteburuan su etena sinatu zuten bi aldeek, baina gaur bertan SDF Siriako Indar Demokratikoek —kurduen miliziak dira indar nagusia— salatu dute Alepo probintziako Deir Hafir udalerrian armadaren erasoak jasan dituztela. Egoera hori bideratzea du helburu Al-Xaraaren dekretuak, iazko martxoan bi aldeek akordio bat sinatu bazuten ere gatazka ez baita konpondu.
Dekretuaren lehenbiziko puntuan, kurduen «hizkuntza eta nortasun kulturala Siriako identitate nazional plural eta batuaren berezko parte» izendatu ditu. Kurduei ama hizkuntza garatzeko eskubidea» onartu die, Siriako «burujabetza nazionalaren esparruan», betiere. Kurduak «populazioaren parte nabarmen bat» diren tokietan, hezkuntza kurdueraz jaso ahalko da. Horrekin batera, hezkuntzako erakundeei eta estatuko hedabideei «diskurtso nazional inklusiboa» erabiltzeko agindu die, eta «hizkuntzarengatik edo arrazoi etnikoengatik diskriminatzea edota baztertzea legalki debekatuta» egonen da.
Al-Xaraak zortzi puntuetan jorratu duen bertze auzi bat 1962ko erroldarena izan da. Ehun milatik goiti kurdu Siriako herritartasunik gabe utzi zituzten, argudiatuta ez zirela Siriaren menpeko Kurdistanen jaioak. Siriako gainerako herritarren «eskubide eta betebehar berberak» aitortu dizkie orain errolda haren ondorioz herritartasunik ez dutenei.