Adostutako laguntzaren %15 baino gutxiago sartu da Gazan

Gazako Gobernuaren arabera, menia indarrean denetik egunean batez beste 90 kamioi baino gutxiago sartu dira zerrendan; seiehun ziren sartzekoak. AEBetako presidenteorde JD Vance Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahurekin batzartzekoa da gaur.

Laguntza humanitarioa daramaten kamioiak, atzo, Rafahko igarobidean, Gazara sartzeko zain. EFE
Laguntza humanitarioa daramaten kamioiak, atzo, Rafahko igarobidean, Gazara sartzeko zain. EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2025eko urriaren 21a
13:04
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gazarako su-eten akordioaren arabera, aldeek adostu zuten egunean seiehun kamioi sartuko zirela zerrendara laguntza humanitarioarekin. Igaro dira 11 egun menia indarrean sartu zenetik, eta, Gazako Gobernuaren arabera, ordutik 986 kamioi sartu dira; hau da, batez beste, egunean 90 kamioi baino gutxiago. «Ez dira nahikoa gutxieneko behar humanitarioak betetzeko», adierazi du zerrendako administrazioak —Hamas talde islamistak kontrolatzen du—, ohar batean.

Israelgo armadak zerrendako sarbideak itxi izan ditu, eta laguntza humanitarioaren sarbidea mugatu du Hamasi hitzarmena ez betetzea egotzi ostean. Esaterako, herenegun Israelgo bi soldadu hil zituzten zerrendaren hegoaldean; Tel Avivek talde islamistari leporatu zion eraso horren atzean egotea, eta atzo arte itxita eduki zituen Gazako sarbide guztiak. Gainera, aldi horretan erasoak gogortu zituen, eta, menia indarrean egon arren, egun bakarrean gutxienez 45 palestinar hil zituen.

Aurreko astean ere Israel laguntza humanitarioaz baliatu zen Hamasi presio egiteko: talde islamistak bahitu guztien gorpuak entregatu ez zituenez, Gazara sartu zitezkeen kamioien kopurua erdira mugatuko zuela egin zuen mehatxu Tel Avivek. Gainera, oraindik itxita dago Rafahko pasabidea, zerrendaren hegoaldean. Israelgo armadak atzo jakinarazi zuenez, Hamas bahituen gorpuak «zentzuzko erritmo batean» entregatzen hasten denean zabalduko dute.

Hain zuzen, bart beste gorpu bat entregatu dio Gurutze Gorriari. Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuren bulegoak baieztatu du Israelgo armadako sarjentu baten gorpua dela. Armadak ohar batean jakinarazi duenez, 2023ko urriaren 7ko erasoetan hil zuten, eta ondoren zerrendara eraman. Adostu moduan, trukean, hamabost palestinarren gorpuak entregatu ditu Israelek, Al-Jazeera hedabideak zerrendako osasun iturriak aipatuz kaleratu duenez. Talde islamistak jakinarazi du beste bi gorpu entregatuko dituela gauean.

Hamasek hamahiru gatiburen gorpuak eman dizkio Israeli, eta aurreko astelehenean aske utzi zituen bizirik zeuden hogeiak. Baina, oraindik, beste hamabost bahituren gorpuak daude Gazan. Eta horiek entregatu behar ditu Donald Trump AEBetako presidenteak ondutako planean hitzartutako betetzeko.

Talde islamistak berretsi du gorpu guztiak entregatu nahi dituela, eta akordioa osorik betetzeko asmoa duela. Gazako gainerako milizia palestinarrak ere «konprometituta» daudela ziurtatu du Khalil al-Hayya negoziazioetako Hamasen buruak, gaur Al-Qahera News Egiptoko hedabideari emandako elkarrizketan. Halere, oroitarazi du «zailtasun handiko» lana izaten ari dela gorpuak aurkitzea: «Batzuk hondakinen azpian daude, eta horiek berreskuratzeko denbora eta baliabide asko behar ditugu». Bestalde, Al-Hayyak jakinarazi duenez, Trumpek eta bitartekariek esan diete «gerra amaitu» dela.

Etxe Zuria, kezkatuta

Su etenaren akordioa, baina, ahula da. Horren erakusle da menia indarrean denetik Israelgo armadak hildakoen kopurua. Gazako Osasun Ministerioaren arabera, ehun inguru dira azken 11 egunetan zerrendan egindako erasoetan hil dituztenak. Eta Etxe Zuria ere kezkatuta dago; hala jakinarazi diote Trumpen administrazioko iturri ofizialek The New York Times egunkariari. Eta jakinarazi dutenez, Netanyahuk hitzarmena haustea eragozteko joan dira Etxe Zuriaren ordezkariak Israelera. Atzo iritsi ziren Steve Witkoff Ekialde Hurbilerako mandatari berezia eta Jared Kushner Trumpen aholkularia, eta gaur JD Vance AEBetako presidenteordea. Vancek Gazan «bake iraunkorra» lortzeko esperantza duela esan du gaur emandako prentsaurreko batean. Halere, aurrez Trumpek egin bezala, talde islamistari ohartarazi dio akordioa betetzen «laguntzen» ez badu «suntsitu» egingo dutela.

Gaur Witkoff eta Kushner Hamasek aurreko astean askatutako zenbait gatiburekin elkartu dira. Bahituen eta Desagertuen Familien Foroak ohar batean azaldu duenez, bahitu izandakoek eskerrak eman dizkiete Etxe Zuriaren ordezkariei, eta eskatu diete Gazan geratzen diren gorpuak entregatu bitartean lanean jarraitzeko. Bestalde, AEBetako presidenteordea Netanyahurekin batzartzekoa da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.